Zuzenean

Naiz Irratia

BEZaren jeitsiera baino, lehen sektorea aldaketa sakonen zain

Urtea estreinatzearekin Hego Euskal Herrian BEZaren jeitsiera izan da oinarrizko elikagaietan. Horrek gure baserritarrei nola eragiten dien jakiteko jo dugu Lurgintzara eta EHNE sindikatura. Garai zailak bizi ditu lehen ere sektoreak eta neurri estrukturalak eskatzen dituzte.

Audio_placeholder

BEZaren jeitsiera baino, lehen sektorea aldaketa sakonen zain

Loading player...
baserriak eit
baserriak eit

Espainiar Estatuan BEZaren jaitsiera eta prezioen igoera dela-eta lehen sektoreak egoera nola bizi duen ezagutu nahi izan dugu. Hala, Lurgintza Nekazaritza Kooperatibaren eta EHNE sindikatuaren ateak jo ditu NAIZ Irratiak.

Egoera lehendik ere ez zen batere erraza lehen sektorean aritzen diren profesionalentzat. Urteak dira ekoizpen kostuen azpitik ari direla, era jasanezinean. Orain, baliteke egoera okertu izana, eurei ere pentsuen, argindarraren eta gasolioaren prezioak asko eragiten baitie.

Mundu globalizatuak eta herritarrek lehengaiak gutxi ordaintzeko hartutako joerak atsekabetzen du Garikoitz Nazabal EHNEko kidea. Argudiatu du oinarrizko elikagaien prezioa mugatzen bada horren atzetik dagoen guztia ere mugatu egiten dela eta azkenean baserritarrak edo ekoizleak sufritzen duela.

«Espekulazioa dagoen eta gehiegizko marjen bat aplikatzen den zenbait produktu egon daitezke, baina hein berean praktika desleialak egiten dira urteetan beste zentzu batean: prezioak asko jaitsita. Zenbait jendek pentsatzen du esne litroa 60 zentimoan erostea 2023an normala dela; hala ohitu gara urteetan. Esne litroa euro batera igotzea astakeria bat iruditzen zaigu, baina agian duela hamar urte egon behar zuen euro batean, balio kateak balioa eduki dezan».

«Mezu populistak»

«Mezu populista samarrak» izan daitezke, Nazabalen ustez, BEZarekin lotutako hauek. «Elikagai bat garestitzen baduzu diagnostikatu beharko duzu hori dakarten faktoreak zeintzuk diren. Eta elikagai batzuei muga jartzea dago, baina argindarrari ez dago jartzerik? Eta hidrokarburo eta zerealei? Ekoizpenaren garestitzean eragin zuzena duten faktoreak dira».

%70 eta kasu batzuetan %80 igo dira produktu batzuen kostuak baserritarrentzat. Elikagai katearen legea onartua du Estatu espainolak, baina ez dago martxan. EHNEko ordezkariaren arabera, kostu azpiko salerosketa ekidingo lukeen lege bat izan beharko luke, baina momentuz ez dago halakorik. «Orduan, salmenta prezioa mugatzen baduzu bakoitzak bere pusketa kentzen du eta gelditzen denetik ordaintzen zaio ekoizleari. Marjenik gabe geratzen da, beste behin».

Dena garestiago

Kontsumitzaileei karga kendu eta BEZa jaisteak produktuen salmenta bultzatzen badu, begi onez ikusten du neurria Nazabalek. Baina elikagai kate osoa aintzat hartu behar dela uste du. «Bestela beste petatxu bat izango da. Hauteskunde kutsukoa. Inork ez gaitzala engaina, BEZa jaitsi bai, baina horrenbeste igo dira lehengaiak, lehen baino garestiago dagoela dena. Urte hasiera honetan ogia erostera joan denak frogatuko zuen hori. Horrek zuzenean eragingo dio erosketa saskiari». Nekazariak «desinformazioa» azpimarratu du. «Hedabideetatik jakin dugu, Ogasunera deika ibili behar izan dugu jada neurria indarrean jarrita dagoela eta hori nahiko lotsagarria da», salatu du.

Nola egin aurre honi?

«Olatuari eutsi nahian» ari dira denak. «Ez da erraza, mundu globalizatu batean gaude eta gauza gehiegi daude gure eskuetatik kanpo. Etxeko belardietan oso mendiko nekazaritza egiten dugu, kate bat sortzen da. Ukrainako gerraren aitzakian batzuk espekulatzen aritu direla eta beste hainbeste gauza irakur ditzakezu. Denetik leitzen duzu, baina ondorioa da duela bi urte hasi zela zerealaren kasuan gorako joera bat eta %70 baino gehiago garestitu direla prezioak. Horrek kate bat sortzen du: alfalfa, belar ondoa, edozein labore, dena garestitzen da. Artaberdearen erosketa prezioa bikoiztu egin da».

«Gertuko ekoizpen bat bultzatzen saiatu arren, gauza asko dituzu zure eskuetatik kanpo. Agian paradigma aldaketa bat dago mundu mailan», egin du gogoeta Garikoitz Nazabalek. «Urte asko daramatzagu elikagai katean oso merke jaten ohituta. Sentitzen dut jendeari hala iruditzen ez bazaio, baina ohitu gara kafe bat euro eta erdi ordaintzen eta esne litroa 60 zentimo. Ez da posible».

Jendeak lehentasunen zerrenda ere oso-oso aldatua daukala iruditzen zaio. «Jatea eta batik bat ondo jatea bigarren mailakoa izan da». Merkatua kutsatua ikusten du, ez bakarrik elikagaiena. Bidean goazela, batzuetan gelditu egin behar dugu nora goazen jakiteko eta horretarako unea izan daiteke.

«Hasi nekazaritza politika bateratutik eta inguruan martxan jartzen diren lege ezberdinetara, kate ikaragarri bat dago ezin bizi bat sortzen duena. Burokraziak kostua esan nahi du: egiturak, derrigortasunak, ziurtagiriak gero gehiago dira, gero eta jende gutxiagok lan egiteko. Txikikeria bat ematen du, baina egunerokoan beldurgarria da halako zenbat ekimen berri abiatzen diren eta jendea ez da kontziente eskatzen den eta oso zilegi iruditzen zaigun horrek gero prezioan eragin bat edukitzen duela eta hori norbaitek asumitu behar duela».

Herri gisa gogoeta bat

Deskribatu duenez, urteak daramatzate tantaka-tantaka behera eta behera, baina azken urtea «bereziki gordina» izan da. «Ondora begiratzen duzu eta jendea edadean aurrera doala ikusten duzu, jendeak ez duela jarraitu nahi. Herri bezala gogoeta bat egin behar dugu, hitz egiten da baina praktikan ez dut ikusten. Lurra ondasun bat da, baina ondasuna zentzu positiboan ulertuta: herriak jango badu lurra behar du, eta lur horrekin elkarlanean hiru milioi pertsona baldin bagaude Euskal Herrian lekutan gaude behar genukeen elikadura subiranotasun maila batera iristeko. Horretarako dauzkagun baliabideak aprobetxatu eta ondo kudeatu behar ditugu eta horretan baserritarrak sektore bezala gakoa gara».

Dauzkaten lur apur horien babesa behar dela defendatu du. Kritikatu du beti dagoela etxe berriak egin beharra, edo autobide bat. «Larre komunalen kudeaketa geroz eta negargarriagoa da, eta lur horien aprobetxamendua ere galtzen ari gara. Ohi baino perspektiba gehiago behar genuke herri bezala eta ez zait iruditzen zentzu horri lotutako politikak aurrera eramaten ari garenik».

Bere ustez, «batuketa handi baten ondorio bat da egunero aktiboak galtzen aritzea»: ortugintzan ari direnak, esnetako eta haragitako behiekin, artzainak... «Denak dira beharrezkoak eta egunero galtzen ari gara. Kontzientziazio batetik hasi beharko genuke, baina kezka dut beranduegi ez ote gabiltzan».

Laguntzekin bizirauten

Lurgintzako Arantza Martiarenak esplikatu duenez, BEZaren kalkuluan aldaketaren bat sumatuko du ekoizleak. Bi modalitate daude: erregimen orokorra eta erregimen berezia. Aldaketak orokorrean daudenei eragingo die, likidezia aldetik tentsio handiagoa izango dutelako.

Izan ere, sarreretan ez dute BEZik kobratuko esne ekoizpena bada adibidez, baina ongarriak, pentsuak eta abar ordaintzen jarraitu behar dute eta hor hilabeteko BEZa egiten badute, hurrengo hilabetean berdinketa hori egiten da. Aldiz, hiruhilabeteka egiten badute, BEZ hori hortik urtebetera berreskuratuko dute eta hor diru kantitate oso garrantzitsuak egon daitezke. «Orain galdetzeko garaia da ea baserritar batzuek nahi duten hilabetero BEZ aitorpena egiten hasi, baina horrek lan egiteko era ezberdin bat dakar berarekin».

Nazabalek bezala, Martiarenak ere ohartarazi du ekoizpen kostua ikaragarri igo zela pandemian: pentsua %20 bueltan igo zen eta azken hilabeteetan %35-40 gehiago igo da. Salmenta prezioek, berriz, askoz ere mantsoago egin dute gora.

Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 6.000 esne behitik gora hil dituzte azken urte honetan. Haragi falta izan da eta orduan esnetara dedikatzen ziren batzuei hobeto atera zaie behia pixka bat gizendu eta okeletara bideratzea.

Zenbait baserritan ateak itxi behar izan dituzte. Beste batzuk Lakuako Gobernuaren eta Foru Aldundien dirulaguntzei esker ari dira irauten. «Haize ona izan da hori, nahiz eta tristea den dirulaguntzen mende egon beharra. Baina horiek egon ez balira hemen ez genuke ekoiztuko, baserriak itxi egingo zirelako, edo gure elikagaien prezioak asko igo beharko ziren».

Bitartekaririk gabe lan egitea ez da erabaki erraza. Inbertsio asko egin behar dira. «Beste eskulan gehigarri bat dauka, ahaztu egiten gara hori ere lan eta kostu bat dela. Zuk egiten duzun produktua zuk saltzen duzu konfiantzazko merkatu batean eta nahiz eta eskulana, erregaiak eta abar igo merezi izaten du batzuetan. Besteetan ez. Oso polita da esatea ‘nik salmenta zuzena edo gertukoa egiten dut’, baina horrek atzetik lan karga eta kostu batzuk ekartzen ditu».

Elikagaien katean lege bat dago dioena ekoizpen kostuaren azpitik ezin zaiela ordaindu baserritarrei. «Ea aplikatzen den. Horrekin gauzak pixkanaka aldatzen joango lirateke. Horrek eskatzen du behatoki bat eguneratua egotea eta norbait horren gainean egotea», adierazi du Lurgintzako kideak.

Ez du zalantzarik: «Prezioek goranzko joeran segituko dute, erregaiak, energia, pentsua igotzen ari direlako eta horiek igotzen badira ekoizpen kostuak ere igoko direlako, BEZaren legea egon ala ez».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, zorionez, dirulaguntzak izan dituzte, baina ez dakite 2023an egongo diren, eta soluzioak hori izan behar duenik ere ez du uste Martiarenak, «arazoa sakonagoa delako eta egiturazko neurriak behar direlako».

Jaurlaritza Logoa