Zuzenean
Asteartean onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak kultur sektorearentzako hainbat neurri aurreikusten duen lege dekretua. Hiru neurri barnebiltzen ditu lege egitasmo berriak. Lehena, norberaren eta besteren konturako lan artistikoaren eta erretiroaren arteko bateragarritasuna. Bigarrena, lan-harreman berezia duten artista eta profesionalentzako langabeziagatiko prestazio kontributiboa. Eta azkena, kotizazio berezia diru-sarrera txikiak dituzten artista autonomoentzat.
Lege dekretuak hainbat erreakzio sortu ditu. Tartean Musikari Elkartekoak. Myriam Miranda da elkarteko koordinatzaile nagusia. Elkartea pozik agertu da zenbait neurriri dagokionez, baina beste alderdi batzuk garatu gabe daudela edo nahikoa ez direla azaldu du. «Tentuz jokatu» behar dela uste du Mirandak. Lege dekretuak barnebiltzen dituen neurrian artisten errealitatera nola egokitzen ikusteko baitago.
Musikari Elkarteak Espainiako Gobernuak zabaldutako mahai sektorialetan parte hartu zuen dekretuaren nondik norakoen inguruan hausnartzeko. Baita «eragileekin harremana sustatzeko eta Artisten Estatutuan egin behar ziren aldarrikapenak eta aldaketak denok adostuta egiteko». Gertutik bizi izan du elkarteak beraz prozesua. «Luzea eta positiboa» izan dela adierazi du Mirandak eta datozen urratsetan parte hartzen jarraituko dutela gehitu du.
Artisten Estatutuaren auzia oraindik ebatzi gabe dagoela gogorarazi dute hainbat elkartek. Zirriborroa 2017an onartu zen eta 75 neurri barnebiltzen zituen. Mirandak uste du zirriborroak «guri imajinarioan gustatuko litzaizkigukeen gauza guztiak» barnebiltzen zituela; sektoreak «behar horiek guztiak dituelako» hain zuzen ere, «dena baitago egiteko». Egun, beraz, gutxienekoa besterik ez dela lortu uste du Mirandak eta lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du.