Zuzenean
«Erresistentziak egongo dira, baina guztien artean eraiki behar dugu gizarte ezberdin bat»
100.000 migrante baino gehiago bizi dira Nafarroan eta Eduardo Santos Migrazio kontseilariaren esanetan errealitate honek ez du berebiziko arazorik sortzen. Erronka elkarbizitza erreala eraikitzea dela uste du eta horretarako etorkinak «ikustea» ezinbestekotzat jo du.
«Erresistentziak egongo dira, baina guztien artean eraiki behar dugu gizarte ezberdin bat»
109.000 etorkin inguru bizi dira Nafarroan. Datua borobila da baina askotariko pertsonak daude barnean, «badaude adibidez duela 20 edo 30 urte etorritakoak, etorkin batzuk arrazoi ekonomikoengatik etorri dira, beste batzuk ihesean, Ukrainako gerra dela eta, adibidez, kopuru handi bat etorri da». Etorkin gehienak Hego Ameriketakoak, «Kolonbia, Venezuela edo Ekuadorrekoak» direla azaldu du Eduardo Santos Nafarroako gobernuko migrazio kontseilariak NAIZ Irratian, eta Marokotik etorritako etorkin kopuru handi bat ere badagoela Nafarroan.
Etorkinen profilari dagokionez, askotarikoa izan arren, bi multzo bereizi ditu. Batetik Hego Ameriketatik etorritako emakumeak daude, «normalean lehenago emakumeak etortzen dira, bidea irekitzen dute eta lana eta paperak dituztenean planteatzen dute familia ekartzea». Bestetik, Afrikatik etortzen diren gizon gazteak daude, «agian bidaiaren zailtasunagatik Afrikatik gizonak etortzen dira gehiago, normalean gazteak direnez ez dute familiarik eta hemen planteatzen dute beraien bizitza».
Nafarroa, «erakargarria»
Santosen esanetan lehen trantsitu herria zen Nafarroa «etorkinen asmoa Estatu espainiarra zeharkatu eta estatu frantziarrera edo Alemaniara joatea zen» baina azken urteetan handituz doa Nafarroan gelditu eta bizitza bertan egitea erabakitzen dutenen kopurua. Kontseilariaren iritziz «horrek erakusten du Nafarroa erakargarria dela eurentzat». Erabaki horretan muga politikek eraginik izan ote duten galdetuta, Santosek aitortu du «pandemia dela-eta estutu» egin dela mugen kontrola, «ikusi dugu Bidasoan zer gertatu den», baina berretsi du Nafarroan gelditzen diren etorkinek «aukerak ikusten dituztelako» erabakitzen dutela bertan gelditzea. Kontseilariak gaineratu du Europan ez dagoela mugarik, «behin Europara iritsita libre dira mugitzeko», eta bizilekua aukeratzerako orduan baldintza sozioekonomikoak gakoa direla baieztatu du.
Pertsona Migranteen Harrera Planari dagokionean, helburua etorkinen harrera egitea dela azaldu du, gaineratuz «informazio zentro bat» zabaldu nahi dutela etorkinei bideraturiko informazio guztia gune batean zentralizatzeko. Izan ere, etorkin askok «politika zehatzak» behar dituztela baieztatu du, hizkuntzari nahiz lan munduari dagokionez, adibidez.
Eskumenei dagokienez, mugaren kontrola Estatuaren denez etorkinen erregularizazioa ere bere esku dagoela adierazi du Santosek baina «Atzerritartasun Legea kenduta» Nafarroak eskumen asko bere gain har ditzakeela defendatu du, tartean «aterpe politikak» aipatuz.
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Legea
Abenduaren 18an ospatuko den Pertsona Migranteen nazioarteko egunari begira estereotipoak uxatzeko spota bat kaleratu du gobernuak ‘Bizitza partekatzen dugu, Nafarroa egiten dugu’ lelopean. Santosen esanetan gizarteak «nahiko ongi» hartu ohi ditu etorkinak baina elkarbizitza «ez da bakarrik existitzea eta ondoan izatea», dio, «baizik eta begiratzea eta pertsona ikustea». Oro har balorazio baikorra egin arren arrazakeria egon badagoela aitortu du, batzuetan «ezkutatuta» dagoela zehaztuz, «matxismoa bezalakoa da, oso integratuta dago» dio Santosek, gure gizartea matxista zein arrazista dela baieztatuz.
Irtenbidea arrazakeria jasaten dutenei «entzutea» dela uste du. «Gure gizartea anitza da, pixkanaka gure begirada aldatuz doa, erresistentziak egongo dira, baina guztien artean eraiki behar dugu gizarte ezberdin bat». Bide horretan, Nafarroako gobernua Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Legea prestatzen ari dela baieztatu du kontseilariak.