Zuzenean
Zortzi kantuz osatutako diskoa da Etxebarriak kaleratu duena eta soka laukoteak protagonismo berezia izan du disko hau osatzerakoan. Hainbat kantu, gainera, Odesan, Ukrainan grabatu ditu. «Horri ez diot garrantzia gehiegi eman izan nahi, ongintzarako izan nuen ideia delako eta askotan errepikatuz gero propaganda bihurtzeko arriskua hartzen duelako», kontatu digu Etxebarriak.
Diskoak hiru kanturen bertsioak ere jasotzen ditu, U2 taldearen ‘With or without you’, Bruce Springsteenen ‘Streets of Philadelphia’ eta Berri Txarrak taldearen ‘Katedral bat’. Azken horren moldaketa ausarta egin du, melodiak eta erritmikak bere esparrura eramanaz.
Zortzi abesti eta bakoitza bere kolore eta testurekin jantziak, Alos Quartet eta Eñaut Zubizarreta ‘Prototxelo’ izan ditu Ukrainako musikariez gainera diskoan kolaboratzen. Mezu sakonak dituzten letrak eta gizakion hauskortasuna modu nabarian uzten dutenak.
Plateruenan, hilaren 8an, ostegunarekin, 16:50ean, aurkeztuko du biko formatuan ‘Harizko zubia’ diskoa Hibai Etxebarriak, Eñaut Zubizarreta alboan duela. «Kontzertuak lotzearen benetan kontu zaila egiten ari zait, diskoak saltzearena bezalaxe. Baina nik musika horrela ulertzen dut eta diskoak grabatzen jarraitzeko motibaziorik ez zait sekulan ere faltako», aldarrikatu du Etxebarriak. Musikaren plazan, 21. zenbakian, izango da orain arte kaleratu dituen 8 lanak eskuratzeko aukera, plataforma digitaletan gauza gutxi publikatzen baitu.