Zuzenean
Momentu garratz eta mingotsa bizitzen ari da asko eta hortik sortu zen diskoaren ideia Hibai Etxebarriak MusikHaria saioan kontatu digunez. Bederatzi abestiz osatutako lana, neguan atera zuen, 2020ko Durangoko Azokarako. Baina, MusikHaria saioan hozkailuan geneukan, uda garaian entzuteko lana iruditzen zitzaigulako. ‘Goxokiak’ izena du diskoak eta horren arrazoia ere azaldu digu: «Zer hoberik azukre pixka bat baino momentu hauetarako? Hortik abiatu eta sortzen dira gainerako kantuen izenak. Pedagogo musikal bezala, lanean asko nabaritu dut COVIDaren egoerak sortu duen nekea. Eta kantu hauekin ingurukoei bidea samurtzen saiatu naiz. Maskaren kontuak ere asko nekatu gaitu, baita eskolan ere. Normaltasunera iristeko oraindik asko dago egiteko. Gu hemen hobeto gaude, baina oraindik mundu mailan asko dago egiteko miseria guzti hauei aurre egiteko».
Xabi Aburruzaga edota NAZ hirukoa dira diskoko kolaboratzaileen artean protagonista. «Xabi proiektu honen parte da. Lagun handia, kasik kuadrillakoa da, aspalditik ezagutzen gara eta niretzako trikiti munduan sekulako lana egiten ari da. Tradizioa eta abangoardia uztartzen ditu, jazzaren bueltan asko inprobisatu du eta gauza gehiago ere bai. Horri duen gizatasuna batu behar zaio. NAZ hirukoan, berriz, nire ikasle izandako bi daude eta pedagogoa naizen aldetik beti gustatzen zait jende berriari halako aukerak ematea. Orain gospel abeslari batzuk egongo dira zuzenean, baina haiek disko grabaketa bat zer den ezagutzea nahi nuen, lan asko egin dutelako ikasle garaian. Gernikatik ezin ginen irten, eta abeslariak behar nituenez, hirukotearekin probak egiten hasi eta azkenean disko erdia grabatzen bukatu zuten. Ez dute musikaren munduan gehiegi sartu nahi momentuz, baina aurkezpen kontzertuan, Plateruenan, haiek oholtzan izan ziren», kontatu digu Etxebarriak.
Festara gonbidatzen gaituen kantua da ‘Goxokiak’. Eta festa giro horretan murgiltzearen arrazoi nagusienetako bat, ziurrenik, kantuan kolaboratzen duen Yogurinha Borovaren presentzia izango da. «‘Goxokiak’ abestia idazterakoan anaiari, Aitorri, erakutsi nion eta segituan esan zidan, «deitu Eduardori». Anaiak ezagutzen zuen eta Bilbon duen Mala Estudioetan grabatu genuen abestia. Prozesu ederra izan zen eta Yogurinhak duen potentzial guztia ezagutzeko aukera izan nuen. Abestia sortzean, gainera, LGTBI kolektiboarentzat izan zitekeela pentsatu nuen. Hortaz, Eduardok plus garrantzitsu bat eman dio abestiari. Kantuak garen gizarte sexualizatuaren isla izan nahi du, ditugun tentazio guztiak kontatzen baitira bertan. Baina bukaeran gogoeta bat ere jasotzen du, zer da sexua errespetu edo maitasunik gabe? Erronka bati egin diot aurre disko honetan, eta sentsuala edo sexuala izaten saiatu naiz, euskaraz zaila iruditzen zaidan zerbait zelako hizkuntza aproposa erabiliz. Orain, ea Eduardok esanda bezala Bilboko jaietan Pinpilipauxan aurkezteko moduan garen noizbait!», esan digu gernikarrak.
Euskal Herritik kanpora grabatzen
Zuriñe Hidalgorekin ere egin du elkarlan bat eta kasu horretan Ibizan, Lyrebird estudioan grabatu zuten ‘Bakarrekin’ abestia, Zuriñek han ematen baitu denbora dezente. «Hasieratik ulertu zuen proiektua Zuriñek eta oso eskertuta nago egin digun ekarpenarekin. Bertako estudio batean grabatu genuen Zuriñek libre zuela esan zigun asteburu batean. Ia guztia bertan grabatzeko aukera izan genuen eta zoragarria izan zen. Abestia konposatu nuenean Zuriñeren ahotsarekin bakarrik ulertzen nuen eta zorionez baietz esan zidan», dio Etxebarriak.
Camelo El Salvadorgo taldearekin batera egindako ‘Txiribiri’ kantua da bereziena Hibairentzat. El Salvadorren izan zen garaian haiekin parte hartu zuen hainbat kontzertutan eta elkarlanean sortu da kantu hau, itsasoaren bi aldeak batuz. Modu literalean, gainera, Camelo taldekoek bertan grabatu dituztelako beren zatiak: «Kantuak ‘I will survive’ abestiaren bi zati ditu eta omenaldi bat egin nahi izan diot Gloria Gaynorri, onartzen dut asko lapurtu dudala abestitik eta kredituetan aipatzen dut, jakina». Txotxindurik hitza aipatzen du eta hitz hori nolatan sartu duen galdetuta, honakoa erantzun digu Hibaik: «Letra hau kosta zitzaidan egiten, hitz zabarrik erabili gabe sentsuala egiteko. Txotxindurik Hasiberriak telesailean eta Anje Duhalderen abesti batean soilik entzun dut. «Guztiz txotxindurik nauka!» esaten zuten telesaileko neskek garai hartan eta gustatu zitzaidan hitza. Michael Jacksonen estiloan abesten ditut hitz horiek ‘falsetean’. X letrak hartzen du pisu handia, txotxindurik, txiribiri… X horrek sexuarekin lotura zuzena izaten du eta abestiak momentu intimo horretaz eta errespetuaz hitz egiten du. Sexua modu sanoan gozatzea da azkenean aldarrikatu nahi dudana».
Pedagogia karga handia du ‘Xelebritiak’ abestiak eta plastikozko bizitzei buruz hitz egiten du bertan musikari gernikarrak. «Celebrity eta xelebre nahastu eta hitz hori sortzen da, xelebriti alegia. Sareak eskaparate bat bihurtu dira. Pertsonak produktuak bezala saltzen direnak. Gure egunerokotasuna partekatzen dugu. Horrelako asko dago musikaren munduan. Musika baino, beraien burua eskaintzen dutenak jendearen entretenimendurako. Musika jendearekin partekatzeko eta musikaz gozatzeko sortzen dut nik. Ez dut nire burua produktu edo marka bat bezala saldu nahi. Errespetatzen dut bide hori hartu eta gerora merchandising-a eta halakoak ateratzen dituztenak bizirauteko, baina ni musikara mugatzen naiz. Musika sortu, jo eta irakasten saiatzen naiz. Egia da diskoa halako kutxa panpoxo batean kaleratu zela, baina banekien diskoa nork erosiko zuen eta haientzako opari moduko zerbait izan zen. Edizio oso mugatua. Pieza bakoitza nik eskuz egina eta zenbatua. Ideiak baditut baina bakarrik nago lan guztia egiteko. Hemen ez dago lan talde bat. Eta, ulertu daiteke marketing estrategia moduan ateratako zerbait izan zela, baina ez nion inolako bonborik eman eta erosi zutenak hurbileko jendea izan ziren. Beraientzat kaleratu bait nuen lana. Diskoak bederatzi kantu ditu eta txokolatezko arrautza barruan zetorren pendrivean hamargarrena. Dirua galdu nuen edizio horrekin, baina ez du axola», esan digu Etxebarriak.
Telebista aurkezle baten gorabeherak
ETBko Ahotsak saioaren bi denboralditan aurkezle lanetan ibili da Hibai eta bertan ezagutu zituen bai Paz de Ziganda abesbatza eta baita Eibarko Koro Gaztea ere. Izan ere ‘Sartu aurretik atea jo’ eta ‘Ez maitasunik, ez itsasorik’ abestiak haiek abestutakoak dira. Hirugarren bat ere bada koro batek abestu duena, berak osatutako koro bat kasu horretan, ‘Esaiozu’ abestirako. James Taylor, Bob Dylan eta Rolf Løvland dira berezko kantu egileak. Lehiaketa hartan egindako lanari jarraipena eman dio modu horretara Etxebarriak: «Eibarrek zerbait berezia du eta bailara horretan bada zerbait. Aitor Gorosabel gainera nire erreferentea izan zen, beti bera bezalako musikaria nahi nuen izan eta Gu Ta Rak taldea ere osatu genuen, Su Ta Garren bertsioak jotzeko. Eibarko koroarekin, ordea, gaizki bukatu nuen lehiaketan. Kanporatuak izan ziren eta epailearekin, hau da, nirekin ordaindu zuten haserrea. Beranduago eskatu nien diskoan parte hartzeko, harrituta baietz esan zidaten eta ipuinari amaiera ederra eman diogu abestia grabatzen. Orain, zintzilik daukagu Eibarren bertan emanaldi bat. Talde osoarekin izango naiz bertan eta Eibarko Koro Gazteko kideek ere hainbat kantutan hartuko dute parte. Urtarrilean izan behar zuen berez, ea irailetik aurrera posible den eta arantza hori ateratzen dugun».
Jende askok bere borondate ona erakutsi du diskorako, eta haiei esker ona erakutsi die Etxebarriak. Izan ere 120 partaide eta 7 estudiotan banatuta osatu da lana. «Denak etsita ginen eta askok entretenimendu moduan hartu du disko honetan parte hartzea, beste aukerarik ez eta irtenbide moduan ikusi dutelako. Ia denek ez dute sosik jaso trukean eta diskoaren kontzeptua ulertu dute, hau da, atzetik ez dagoela ideia komertzialik eta musika zabaltzea zela ideia bakarra. Hartara 50 instrumentalista baino gehiago eta 60 abeslaritik gora aritu dira diskoan lanean. Kantuak gero ez partekatzeko idaztea edota bakarrik egitea, ez dut ulertzen. Sortu, konposatu eta partekatu egiten dut. Ni irakaslea naiz eta hura da dudan ogibidea. Nahiko nukeela musikatik bizi? Noski baietz! Baina errealitatea dagoena da eta frustratu gabe musikaz gozatzea erabaki nuen. Ea aurten bosgarren urtez jarraian diskoa kaleratzeko moduan naizen».
Euskalduna Jauregian kontzertu bakarra
Uztailaren 1ean, Euskalduna Jauregian, izango da, momentuz, eskainiko duen kontzertu bakarra. «Zuzenekoa jende askorekin da eta dena lotzea ez da erraza. Hartara, orain arte hitz eginda genuen guztia bidean geratu da, kontzertu asko galdu dira eta espero dut Goxokiak irailetik aurrera aurkezteko aukera horiek berriz itzultzea. Baina batez ere 2022ari begira gaude, disko hau plazan eta dantzan aurkezteko nahia dugulako. Euskaldunan ez da hain animosoa izango akaso eta kantuak modu sakonagoan entzuteko aukera izango da. Musikari oso onak eramango ditugu bertara eta kalitatezko emanaldia izango dela ziurtatu dezaket», nabarmendu du Etxebarriak.
Diskoa ez dago plataforma digitaletan eskuratzeko moduan, berarekin harremanetan jarrita edota uztailaren 1eko kontzertuan eskuratu daiteke. «Nire musikarekin nahi dudana egiteko lizentzia hartuta daukat, horretan zorteduna naiz eta, hori baliatuz, musikari merezi duen balioa eman nahi diot. Horregatik, Spotify eta halakoetan ez dut zintzilikatu. Gorenean dauden taldeentzat baino ez dira plataforma horiek eta nik benetan interesa dutenengana iristea nahi dut eta ez algoritmoak ausaz erakusten dienengana. Gainera, jendeak uste du plataforma horietan musika entzutean, guri ordaindu egiten digutela eta ez da horrela. Esfortzu bat eskatzen dut diskoa entzuteko, baina diskoa erostearena jendeak ahaztuta daukan zerbait da. Iker Laurobaren diskoa erosi nuenean, itxialdian, aldarrikapen hori egin nuen. Izan ere Amazonen erosten ari zen mundu guztia, baina inor ez zen diskorik erosten ari. Bada, kontuak berdin segitzen du. Benetan euskal musika babesteko gogoa duenak, erosi dezala. Arropetan, janarian eta abar KM.0 aldarrikatzen den moduan, musikan ere gauza bere egin beharko genuke. Euskal musikaren katalogoarekin sortuko bagenu halako streaming plataforma bat, orduan jarriko nuke. Erreprodukzio bakoitzarekin zerbait jasoko bagenuke bai behintzat, balioko luke zerbaiterako. Hemen ere argi geratzen da, pedagogoa naizela», bukatu du Etxebarriak.