Zuzenean

NAIZ Irratia

NAIZ Irratia DA! Egunero Durangoko Azokatik

Asteazkenetik igandera Durangoko Landako gunea euskal kulturaren topagune nagusi bihurtuko da beste urte batez. NAIZ Irratia bertan izango da egunero zuzeneko saioak egiten, goizetan Informazioaren Haria bereziekin eta arratsaldean azokara egokitutako Bigarren Kafearekin.

NAIZ Irratiaren seta iazko Azokan.
NAIZ Irratiaren seta iazko Azokan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kultur sorkuntzak eztanda egingo du beste urte batez Durangon. Asteazkenetik igandera Landako gunea euskal sortzaileen eta zaleen topagune bilakatuko da. Urteroko moduan jarraipen zabala egingo diote ekimenari NAIZek eta GARAk eta eskaintza horren baitan NAIZ Irratiak programazio berezia eskainiko du Azokatik bertatik. 

Abenduaren 7an, asteazkenarekin, Informazioaren Haria berezia izango da Landakotik bertatik, 9.00tan hasita. Ainara Rodriguezek gidatuta azokak dakartzan berritasunak izango dira hizpide eta ate irekitzea zuzenean kontatuko du NAIZ Irratiak. 

Garazi Castaño eta Iker Gurrutxagaren eskutik egunero hausnarketarako tartea izango da goizetan. Asteazkenean bertan hasita kultur sorkuntzaren inguruan ideia trukea sustatuko dute NAIZ Irratiko KulturHaria eta Musikhariako gidariek. Kultur kudeaketa eta programazioa izango dituzte hizpide lehen egunean, sormena eta amatasuna ostegunean eta Musika ekoizpen-joerak ostiralean. Saio guztietan lehen mailako euskal artistak izango dira solaskide. 

Bigarren Kafea ere DA!

Bigarren Kafeak Durangora eramango du bere faktoria aurten ere. Asteazkenetik aurrera euren berrikuntzak aurkeztera pasako dira NAIZ Irratiaren setetik euskal idazle eta musikariak: Anari, Olaia Intziarte, Fito Rodriguez, Leire Milikua, Eñaut Elorrieta, Zea Mayseko kideak... 

Asteazkenetik larunbatera 16.00tatik 18.00tara izango da saioa eta igandean marianito ordura moldatuko da, 12.00tatik 14.00tara. 

Labanka-DA! 

«Durangoko Azoka. Gorpua agertu da Landakon stand batean. Aurpegia ez zaio ondo ikusten. Ezin jakin editorea, idazlea edo musikaria den. Baina ez da dudarik, hilda dago eta hortxe dago...»

Bigarren Kafeak ekoitzi duen podcastaren abiapuntuko ideia da goiko paragrafokoa. 'Labanka-DA!' du izena eta abenduaren 8tik aurrera izango da eskuragarri podcast plataformetan.  

Jaurlaritza Logoa