Zuzenean
Gelditu Makinak saioko Arantxa Idieder kolaboratzailea Jeff Mateo Ortzaizeko hautesiarekin izan da biogasa ekoizteko proiektuaz hizketan. Mateok azaldu duenez, 2020an, «sortu berria zen Elkargoak abiatu zuen klimaren plan bat, non helburua zen 2050erako autonomia energetikoa lortzea eta karbono neutralitatea lortzea». Horrela, lan lerroetako bat zen metanizazioa, tokiko ekoizpenak erabiltzea energia sortzeko. Garapen iraunkorraren arloa landu nahian begiz jo dute herriko leku askotan ikusten direla ongarri metak.
«Hazkuntza da agerian den laborantza ekoizpena; ardi asko eta behi batzuk». Beren gorotzak eta pixak lastoarekin nahastutakoari deitzen diote ongarri idorra eta animaleko metak ikusten dira nonahi ontzen, konpostatzen». Azpiak ongarri bihurtzeko konpostatze prozesuak 3-5 hilabete behar izaten ditu eta, ondoren, berriz erabiltzen dira lurrak aberasteko. «Jakinik metanizazio prozesu hori gero eta gehiago martxan zela, gure ideia aurkeztu genion Elkargoari, interesa azaldu zuen eta, ordutik, erregularki biltzen gara».
4-5 hilabetez konpostatzen egoten diren ongarri meta horiek, prozesuaren hasietatik amaierara, aldaketa kimikoa dela eta, % 15 galtzen dute beren pisutik. Prozesu horretan galtzen duena gasa da, alegia, CO2 eta metanoa askatzen dira airera. «Ikusiz badirela 30.000 tona ongarri herrian, horien % 15 kontatzen bada, 4.500 tona gas isurtzen da urtean». Proiektuaren funtsa da, aireratzen utzi beharrean espazio itxi batean sartzea eta baldintzak hobetzea prozesuak azeleratzeko.
Mateoren arabera, hortik sortutako gasen zati handi bat energia sortzeko erabilita ere, konposta berdin-berdin ateratzen da laborarien erabilerarako; «funtsean da laborariek euren ongarria baliatzen jarraitzen dutela eta, aldi berean, energia iturri bat baliatzen dela». Gaineratu duenez, lurrarentzako onak diren beste ekoizpen batzuk gehitu litezke, etxeko ekoizpenak, sagar ekoizpenak eta abar., egon badaudelako baloratuak ez diren hainbat produktu baliagarri.
«Ateratzen den gasaren % 60 metanoa eta % 40 CO2a da, gutxi gora-behera. Bereiziz gero, metanoa gas sarera isuri daiteke eta erregai gisa baliatu. Bestela, den bezala, motor batean erre dezakezu eta alternadre batekin elektrizitatea lor daiteke. Kasu horretan, % 65 galtzen duzu, hau da, sistema horiek % 35eko efizientzia dute». Gainera, motor horiek beroa sortzen dute eta hautetsiak aukera gisa aurkeztu du estrukturak sortzea produktuak lehortzeko balia daitezen.
Dioenez, subjektu zentrala da laboraria, beraz, proiektua laborarien baimenarekin egingo da eta euren onerako, alegia, egingo denaren kudeantza laborariek izango dute. Eurek laguntza teknikoa eta ekonomikoa eman ditzakete, baina, laborariek jarriko dute oinarria. Hala ere, azpimarratu nahi izan du, normalki, halako gauzek beren burua ordaintzen dutella eta, kasu horretan, mozkinak laborarientzako izango liratekeela. «Gure eskualdean ez daude horrelako proiektu asko baina gero eta zabalduago dauden proiektuak dira. Gauza bakarra da gutxi direla laborantxa ttipiari lotuak direnak, gehienetan handiak dira, antolatzea errazagoa izateaz gain, ez dutelako ongarria idortzen, zuzenean bidalten dituzte kakak eta pixak metanizatzaile tresnetara».
Hautetsiak argi du proiektu estrategikoa dela ekoizpen guztiak ari baitira «ikaragarri igotzen». Hala ere, argi du zein den Ortzaizeko testuingurua: «hemengo laborantza aski intentsiboa da, esan nahi baita, lur txikian anitz kabal badituzte eta horrek kanpoko beharra handitzen du. Garestitzea dela eta, desorekatzen ari da egoera. Eskatzen dena da elkarrekin tresna bat sortzea, kooperatiba moduko bat baina hemen ez da batere ohikoa, gauza kolektibo gutxi egiten da». Beraz, bi desafio identifikatzen ditu: momentu honetako giroa eta elkarrekin lan egiteko tresna bat sortzea.
Kontuak kontu, baikor agertu da hautetsia, proiektu honek bidea ebango baitu laborantxa modeloa pentsatzekoeta baita geroari begira jartzekoa ere. Dena dela, hastapenetan, Ortzaizeko beharretara mugatzea da asmoa, bertan sortutako egitasmoa baita.