Zuzenean

Garazi Castaño
Elkarrizketa

«Puntuazioa entzun genuen unetik genekien denok estu ibiliko ginela»

Donibane-Garaziko saioan gailendu ostean, Amurriora begira dago OIhana «kantatzeko gogoa dut eta nahi dut saio oso on bat egin». Pasa den larunbateko saiori buruz eta txapelketarako prestatzeko egindako bideaz aritu da Iguaran KulturHaria saioan.

Audio_placeholder

«Puntuazioa entzun genuen unetik genekien denok estu ibiliko ginela»

Loading player...
Oihana Iguaran bertsolaria BTN22
Oihana Iguaran bertsolaria BTN22 (Bob EDME)

Zer moduz Donibane-Garaziko biharamunekoak?

Pixkanaka kokatzen eta hobeto ulertzen. Eta beno, dixeriketa lanetan.

Saioari lehertzea kosta egin zitzaion. Zein sentsazio izan zenuen saioan zehar?

Egia esan ez dakit esaten. Oholtzan, hasteko, kantu kideekin uste dut saio osoan zehar elkar zaintzen eta elkar bultzatzen aritu ginela. Eta zentzu horretan bazen lanerako gogo bat eta talde sentipen bat. Saioan zehar, ariketa batzuekin hobeto besteekin baino. Baina gero irten eta entzuleekin topatzean ikustea zenbaitek nola gaizki pasa zuten gu entzuten edo oso estu ikusi gintuzten eta horrek ez zien utzi saioa gozatzen... Pena handiz bizi izan nuen hori.

Zer moduz ikusten ari zara aurtengo txapelketa? Zein balorazio egiten duzu saioen inguruan eta garapenaren inguruan, orohar?

Hori oso oso zaila egiten naiz une honetan erantzuten. Batetik, nire bidean fokatu ahal izateko ez naizelako ari beste guztiak entzuten. Eta hortaz, ezingo nizuke esan. Saio batean edo bestetan ere gorabehera sentipen hori jaso dut bertsozaleen aldetik eta bertso eskolako kideen aldetik. Baina oso zaila egiten zait hori orain horrela baloratzea. Ez dut perspektibarik.

Zenbakiek erdigunea hartzen dute txapelketan eta neurri handi batean ezin diogu horri ihes egin. Saioa zuk irabazi zenuen eta Amets Arzallus bigarrena gelditu zen, baina oso puntuazio eta tarte estuekin.

Hor kontua da apur bat nahasmena sortzen dela saioaren beraren puntuazioa eta sailkapenarekin. Eta lehen fasean hori bada garrantzitsua, baina bigarren honetan.... Eta noski bada. Zenbagarrena geratu zaren esan nahi du zure atzetik zenbat dauden. Baina kasu honetan, azken seiak bakarrik doaz kanpora eta garrantzitsuena da bigarren itzuliari begira puntuak batu egiten direla. Eta finalaz ari bagara eta helburua hori baldin bada, puntuen batura da garrantzitsua.

Hortaz, Donibane-Garazin puntuazioa entzun genuen unetik genekien denok estu ibiliko ginela. Lehen puntuazioa entzun genuen unetik. Hortaz, izena baino gehiago zen, ia, hori... Eta gero egia esan nire bertsokide batzuen puntuazioa bai, oso... Salto handia. Eta hori momentuan oholtzatik, perspektiba osoa ez duzunez, kosta egiten da ulertzen eta kokatzen ere.

Saioan zehar zenbait hautu egin zenituen, arriskutik edo ausardiatik. Alde batetik, hitanoa erabiltzea hautatu zenuen. Ez dakit aurrez erabakita, gaiak entzutean inertziaz egin zenuen hautu bat izan zen...

Ez, zoritxarrez hitanoa ez dator inertziaz gaur egun. Uste dut oso oso herri gutxitan datorrela inertziaz eta are gutxiago emakumeontzat. Bada lanketa bat kontzienteki egin duguna bertso eskolan, ez bertsotara hika eramateko, baizik eta guregan erregistro hortaz jabetzeko lehenengo. Eta gaur da eguna bertso eskolako kideekin hika aritzen garena, elkarri hika egiten diogu. Hurrengo saltoa zen elkarri bertsotan hasitakoan zukara ez pasatzea eta horretan ere aritu gara, bertsotan hika jardunez. Baina hori gero txapelketan, puntuazioak jokoan daudenean eta hainbeste zalantza dituzunean aditz baten zalantzan zure burua jartzea, zailagoa izaten da.

Zozketaren momentuan bai ofizioak genituen kide guztiekin hitz egin genuela. Asier Azpirozekin eta Haritz Mujikarenkin hika aritzen gara, elkarri hala egiten diogu. Eta aukera bazen hala egingo genuela. Gero
neurri batzuk estuagoak... Amets Arzallusekin ere zenbait saio egin ditut monografikoak, erabat hitanoan, eta apusturako gogo hori bazen. Puntuka bagenekien are zailagoa zela; hala ere, apustu hori egitea erabaki genuen, eta beno, apur bat adostasunetik dator, zeren eta zoritxarrez esan bezala inertziak ez du horretarako ematen orain.

Inertzia ere ez da izaten askotan zenbait gai lantzeko trataera edo begirada. Ganbarakoan zure kasuan lehen aldiz sexu harremanak dituen mutiko baten rola hartzea hautatu zenuen. Hausnartua zenuen aurretik ere nola eta nondik hitz egin?

Kasu horretan ez da horren adibidea. Nik uste badela gure artean, beno niri behintzat pertsonalki asko kezkatzen nauen gai bat, zer rol hartu eta zertarako, eta batez ere sektore zaurgarrienekin sartzen zarenean, bada, zein helbururekin eta zer zilegitasunarekin egiten duzun, ezta? Horretaz asko pentsatzen dugu.

Donibane-Garazikoa ez da horren adibide, noski eragiten duela, egiten ditugun hausnarketa horiek beti eragiten dute. Baina gehiago izan zen burura etorri zitzaizkidan zenbait aukera, horietako bat bazen sexua. Baina sexuaren gaiari heltzekotan ere, zertarako? Zer esateko? Eta hor bai sentitu nuela espektatiben kasuan hitz egiten hasiz gero... noski emakume bezala oso interesgarria bazen baina ez dakit. Nik gogoan nuen Miren Amurizak ederki kantatutako bertsoaldi bat, eta ikusten nituen mutilen kasuan ere espektatiba horiek. Batetik, zama bezala, beraien iraupena edo jartzen zaizkien halakoak eta, bestetik, daukagun heziketak eta eskuragarri daukagun pornoak, non uzten duen enpatia eta beste guztia... Eta apur bat zalantza horretatik.

Atzera begira jarriz, ez da zure lehen txapelketa. Bertsoa.eus atarian aipatu duzu 2017tik hona konfiantza ariketa bat egin duzula zeure buruarekin. Nolako prestakuntza prozesua egin duzu txapelketarako?

Hori ere kostatu egiten zait titular batean esaten. Uste dut, zorionez tarte honetan batetik bestera plaza askotan jardun garela, asko ikasi dugula. Uste dut saio desberdin askotan kantatzeko aukera izan dugula; esango nuke plaza ezberdin asko daudela gaur egun non publiko mota desberdina biltzen den. Ia-ia genero desberdinak daudela bertso saioetan, ezta? Eta horiek guztiak deskubritzeak aukera ematen dizu zure alde desberdinak ateratzeko ere. Eta gero txapelketa beti izaten da oso aitzakia ona bertso eskolakoak elkarrekin gehiago biltzeko eta pixka bat lanketa sakonagoa egiteko. Ni horra ez naiz hainbeste iritsi ez dudalako aukera izan nire agenda eta etxeko ardurengatik. Eta kezkatxo horrekin banago. Baina horren kontrara garbi nuen 2017an huts egin zidana gehiago izan zela alor psikologikoa eta horretan kokatu naiz. Esango nuke horretan kideekin, bai bertso eskola kideekin, bai bertso kideekin plazan egin dudan bideak eman didala aukera indartzeko posizio hori eta nire burua kolokan ez ikusteko. Eta hori uste dut kolektiboki etorri dela. Noski, ahalduntze bertso eskolak eta beste hainbat eremuk garrantzi funtsezkoa izan dute horretan eta uste dut elkarri indar hori ematen ahalegindu garela.

Amurrion azaroaren 19an arituko zara kantuan Alaia Martinekin. Nola begiratzen diozu bigarren itzuliari? Erronkarik jarri diozu zeure buruari?

Badut txapelketa osoan jartzen nion erronka nire buruari: kantatzeko gogoa dut eta nahi dut saio oso on bat egin eta batez ere Garazin gertatu ez zen bezala jendeak jaso ahal izatea hori. Eta hazi, elkarrekin, eta publikoak hori bizi ahal izatea. Eta hori opa diot saioari, saio guztiei orokorrean baina Amurriokoari ere bai. Oso pozik nago Alaiarekin tokatu zaidalako eta gero ea zein talde osatzen den.

Jaurlaritza Logoa