Zuzenean

Ainara Rodriguez - Peli Lekuona

Eneko Andueza: «Gehien dutenek gehiago jartzeko momentua da»

Errenta «behar den moduan» banatu behar dela aldarrikatu du Eneko Anduezak. Eskutu sozialak indartu eta minimoak «bete egin behar direla» nabarmendu du, Lakuako aurrekontuen izaera soziala defendatuz. 

 

Audio_placeholder

Eneko Andueza: «Gehien dutenek gehiago jartzeko momentua da»

Loading player...
Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia.
Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia. (NAIZ Irratia)

«Begi onez» ikusten du Eneko Anduezak pilota eta surf euskal selekzioek nazioartean jokatzeko aukera izatea. Hala ere, bestelako kirolek izan dezaketen aukeraz, surfa zein pilotak «lege egokitzapen hobea» dutela azaldu du. Hala ere, kirol kontuez gaindi, Anduezak nahiago du «azentua» bestelako arloetan ezarri. Garraio eta etxebizitzari buruzko proposamenak aurkezturiko egunean, jeltzaleek kirol kontu bat jorratu izana deitoratu du. «Gu pertsonei eragiten dieten gaietan eta bizi ditugun momentu hauen gauza garrantzitsuetan gaude».

Estatutu berri bat iristen denerako «prest»

Osatzeke dagoen Gernikako Estatutua «betetzeko» borondate politikoa dutela, aipatu du EAEko sozialisten buruak. Halaber, eskuduntza gehiago iritsi ez izana estatutu berri baten faltari egotzi dio. «Ez baldin badaukagu, alderdi batzuek horri uko egin diotelako da». 

EAJk egungo Estatutua osoki betetzeko bitariko batzorde iraunkorra proposatu arren, Eneko Anduezak ez du beste elkargune bat sortzeko «premiarik» ikusten. Balioan jarri du egungo jardunarekin gutxieneko diru sarreren edo espetxeen eskuduntzak jaso izana.

Iñigo Urkullu lehendakariak botere judizialaz gauzaturiko proposamenaren aurrean, EAJk «kontraesanak» dituela esan du Anduezak. «Botere hori, argi eta garbi, Estatuarena da. Gauza horiek aldatzeko Konstituzioa aldatu beharko litzateke. Beraiek prest daude? Diputatuen Kongresuan, orain dela 5-6 urte, ponentzia bat jarri genuen martxan, eta EAJk esan zuen hor ez zuela parte hartuko».

Anduezarentzat «ez da kasualitatea» aldiriko tren zerbitzuen eskumenean edo Kupoaren negoziaketak aurrekontuen aroan aipatzea. Halaber, «merkantilismoa» egitea baztertu du.

«Ez ziren hain sozialak izango»

Sozialisten idazkari nagusia pozik dago Lakuak onartu berri dituen aurrekontuekin. «Ireki eta onak dira halako garai latzei aurre egiteko», zehaztu du. Espainiako Gobernutik etor daitezkeen tresnekin bateragarria dela uste du, «gauzak aldatu, eta beharbada, ohiz kanpoko gastuak onartzeko». Izan ere, Eneko Andueza sinetsita dago Lakuako aurrekontuetan izan duten eraginaz. «Aurrekontu hauek sozialak badira, zalantzarik gabe, Alderdi Sozialista Gobernu horretan dagoelako da». Hauteskunde programaren «gehiengoa» aurrekontuetan dagoela baieztatu du.

Espainiar aurrekontu orokorrei begira, EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztu, aurten ordea, kexu zen aurrekontu proposamena publiko egin aurretik Gobernuak ez zuelako eurengana jo negoziatzeko intentzioz. Anduezak koalizioaren «babesa» espero du. «EH Bilduk ederki asko daki euskal sozialisten aldetik beti prestutasuna eduki dugula hitz egin eta adostasunak lortzeko. Emaitzak hor daude».

Espetxe politikak

«Preso guztiek etxetik gertu egoteko eskubidea dute» azpimarratu du Anduezak, espetxe politikaz galdetuta. Legearekin bete egin behar dela nabarmendu du, nahiz eta «errespetu handiz hartu» epaileek ezeztaturiko hirugarren graduak.

Errioxako sor-markapean

Arabako upategientzat sor-marka berria sortu beharrean, Anduezak nahiago du Errioxako sor-markaren «aterkipean» bereizgarri bat sortzea. «Indar gehiago» izango lukeela aurreikusi du. 

Jaurlaritza Logoa