Zuzenean
Urriaren 25ean itzuliko da eszenatokira Iñaki Peñaren 'S(u/a)minetik Bakera' emanaldia. Elementu distorzionatzaileak atzean utzi eta bakea topatzeko bidean argudio ezberdinak entzun eta eztabaida erdigunean jartzea garrantzitsua den arren, gizarte bezala oraindik ere badugu zeregina. Literatura erreferentziek, irudiek eta bereziki musikak prozesua eramangarriago egiten dute, baina oraindik ez gaude lasai hitz egiteko puntuan.
Horregatik, 'S(u/a)minetik bakera' obrak arrakasta mardula jaso du, urte luzez zehar isilean mantendu denaren hausnarketa sustatzea lortu baitu belaunaldi ezberdinen artean. Indarkeriari hertsiki lotuta gauden honetan argudio emozionalak baztertu, barnekoa partekatu, eta enpatia lortzea izan da obrak gizarteari egindako ekarpena.