Zuzenean

Ion T. Barrena | Maite Bidarte

Zuzenekoak indartuta eta umore eta memoria saio berriak, NAIZ Irratiaren denboraldi berrian

Ohiko irratiaren patxada, zuzenekotasuna eta analisia konbinatuko ditu NAIZ Irratiak entzuteko ohitura berriekin. Analisi mahai berriak eta berariaz nahieran entzuteko edukiak dakartza denboraldi berriak.

NAIZ Irratiaren saio berezia Korrikaren amaieran, Donostian
NAIZ Irratiaren saio berezia Korrikaren amaieran, Donostian (Asier Iñigo | NAIZ)

Zuzeneko saio bereziak izango dira NAIZ Irratiaren denboraldi berriko bereizgarri nagusietako bat. Musikaren eta kirolaren eremuetan abiatutako bideei segituz aktualitatearen arloan ere kalera irtengo da aurten Ainara Rodriguezek gidatzen duen Informazioaren Hariaren 1. edizioa. Irailaren 22an izango du hurrengo hitzordua, Gasteizko Legebiltzarretik bertatik eskainiko duen saio bereziarekin (7.00-12.00).

NAIZ Irratia zuzenean

Loading player...

Goizeko informazio magazinak aldaketa gehiago ere badakartza. Analisi mahaiak indartuko baititu denboraldi honetan, egunero 9.15etatik aurrera. Analisi politikoa izango da, noski, kolaboratzaile berriekin, eta zientzia, ekonomia eta ingurumen solasaldiak ere izango ditu: Garbiñe Biurrun, Anjel Toña, Ibai Fernandez, Iraia Oiarzabal, Ainhoa Etxaide, Julen Bollain, Julen Mendoza, Nagua Alba, Izortze Santin, Koldo Garcia... Gainera, bere ordutegia luzatuko du (7.00-10.30) bizitzaren inguruko azken solasaldi berezi batekin. Eguerdiko eta iluntzeko Hariek euren ordutegiari eutsiko diote (12.00-14.15 / 18.00-19.00 eta 20.00-21.00) eta eguna amaitu aurretik tokiko informazioari tarte berri bat irekiko dio irratiko erredakzioak (egunero 21.00tan), Oihane Ozaetaren eskutik.

Haria 1eko lan taldea
Haria 1 7.00-10.30

Euskaraz ikastea eta aritzea sustatzeko podcast propio bat ere badakar NAIZ Irratiak 2022/23 denboraldirako. Ariteka irratiko edukiak hizkuntza baliabide gisa baliatzeko erreminta berri gisa dator. Hamarna minutuko piluletan irratiko edukiak hartu eta euskaraz ikasten ari direnentzat ariketa mediateka gisa abiatuko da. Goizero 7.45ean eskainiko ditu irratiak eta nahieran eskuragarri izango dira bai webgunean (irratia.naiz.eus) bai podcast zerbitzuetan ere.

Bigarren Kafeak euskal irratigintzaren arratsaldeko erreferentzia nagusietako bat izaten jarraituko du. Aurkezle berriak batu dira lan taldera eta berrikuntzen artean nabarmentzekoa podcast fikzionatuen aldeko apustua, Kontakizun Erotikoen tarte berriarekin.

Kirol arloan udara honetan Tourraren eta Kontxako banderaren jarraipen bereziak eskaini ditu irratiak eta ikasturtean zehar izango dira antzeko apustuak. Gainera, igande arratsaldetan (16.00) bi astez behin emakumezko kirolariak ardatz dituen Kirolari gaittun saioa izango da. Podcast gisa lehen denboraldian izan duen arrakastaren ondotik NAIZ Irratiak eskainiko du aurten. Ordu berean, txandaka, Ion Garateren eskutik kirolari modu lasaiagoan begiratzeko tarte berezia izango da. Gainera, iazko bidetik, egunero kirolaren aktualitateari begirada zehatza eskainiko dio KirolHariak (14.15).

Kontxako bandera NAIZ Irratian

Loading player...

KulturHariak ordutegi berria izango du urritik aurrera, 15.00tan irekiko dizkio leihoak NAIZ Irratiak kultur aktualitateari eta euskal sortzaileen gogoetak ezagutzeko tartea ere izango da, Garazi Castañok gidatuta.

Kultur arloan ikasturte hasiera, hala ere, Bertso Txapelketa Nagusiaren eskutik dator. Astelehenetako KulturHarian asteburuko saioen laburpen zabala eskainiko du eta astearte gauetan (22.00) begirada berezi eta landuz aztertuko du irratiak txapelketa, Iraitz Mateoren eskutik. Gainera, saio guztiak zuzenean eskaini ahal izateko lanean ari da lan taldea.

Literatur zale gazteenek ezagutuko duten saio berri bat ere batu da NAIZ Irratiaren parrilara. Sutan Bang kolektiboak ekoitzitako Esku artean saio berritzailea (bi igandez behin 21.00tan).

Saio berri dezente dakartza denboraldi berriak NAIZ Irratira. Peli Lekuonaren eskutik memoria historikoak tarte propioa izango du (asteartetan 19.00tan), Alba Cabreraren gidaritzapean dator Bidaiari (asteazkenetan 19.00tan) eta Maite Bidartek gidatuta zinema eta telesailen ingurukoa (ostegunetan 19.00tan). Gainera, Eli Pagolaren eskutik, hirugarren denboraldia izango du aurtengoa trantsizio ekosozialaren inguruko Gelditu Makinak saioak (astelehenetan 19.00tan). Eta noski, hilean behin igandetan (20.00) «zineaz jakin nahi ez duzun guztia» ezagutzeko aukera mantenduko du Bilynchek; oraingoan bai, David Lynchek gidatuta... edo ez.

Bilyncheko lan taldea
Bilyncheko lan taldea

Umoreari bidea ireki asmotan dator, aldiz, Zarramarra saioa. Oñatitik mundura, ez dago asmatzerik egiaz zer emango duen saioak. Astero gonbidatu ezagun bat espero dute eta hortik aurrera hitz jarioak eman dezakeen bide ezezaguna (badaezpada asteazken gauerditan izango da emanaldia).

Teknologiaren inguruko azken berriak ekarriko ditu Asier Errastik igandetan (22.00) eta bideo-jokoen zaleek euren tartea bikoiztuta ikusiko dute aurten, Game Erauntsia astero eskainiko baita (astearte gauerditan).

Musika bereziak eta eskaintza indartua

Musikharia astelehenetik ostiralera 10.30ean izango da aurrerantzean, Iker Gurrutxagak gidatuta ez du bere izateko arrazoia galduko, «hamar minutu gutxiegi dira disko batek atzetik duen lan guztia azaltzeko». Euskal musikarien sorkuntza lana taxuz lantzeko tartea izaten jarraituko du, euskal eszenaren berrikuntzen erreferentziak jarraitzeaz gain.

Korrikaren amaieran eta Hatortxu Rocken egindako saio berezien haria ez da etengo eta bide horri eustea da denboraldi berriko asmoa ere. 

Gainera, euskal musikarien kantu zerrenda kuttunek jarraituko dute Beste bat saioekin eta ohetik jaikitzeko musika aproposenarekin emango ditu egun onak Ioar Aizpuruak egunero (6.00).

Euren entzuleekiko fidel, bueltan dira gainera Global Musik (astelehenak 22.00tan), Revolutionary Grooves (astelehen gauerdiak), Gramofonoa (asteazkenak 22.00tan), Reggae Fever (ostegunak 22.00tan), Sateliteak (ostegun gauerdiak), Prest (ostiralak 22.00tan) eta Burdinola (ostiral gauerdiak). Larunbat eta igande arratsaldetan (16.00) euskal klasikoen tartea izango da.

Non entzun?

Internetez NAIZ Irratia zuzenean

FM frekuentziak:

Donostia 93.8
Urola 91.8
Goierri 102.2
Legazpi 94.6
Bilbo 92.2
Gernika 96.7
Durango 97.4
Gasteiz 91.5
Bortziriak 103.1
Leitza 95.1

Jaurlaritza Logoa