Zuzenean

Ziztaden izurritea aztergai; Nottinghametik Euskal Herrira beldurra hedatuz

Jaietako azken indarkeria matxista mota ziztada azkar hedatu da. Sare sozialetan hainbat emakumek salatu dute ondoezik sentitu direla ziztadak pairatu ostean. Lehen kasuak Nottinghamen atzeman ziren, 2021eko irailean. Uda honetan, Euskal Herriko jaietara iritsi dira eraso hauek.

 

Audio_placeholder

Ziztaden izurritea aztergai; Nottinghametik Euskal Herrira beldurra hedatuz

Loading player...
Gasteizko mugimendu feministaren mobilizazioa.
Gasteizko mugimendu feministaren mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Pandemia osteko gauza da ziztadena. Lehen kasuak 2021eko iraila eta azaroa bitartean identifikatu ziren, Erresuma Batuan. Epe honetan, 274 kasuren berri izan zuen Poliziak, hauetako kasu bakar bat baieztatu gabe. Orduz geroztik, Estatu frantsesean, Irlandan, Ipar Irlandan, Belgikan eta Alemanian ziztada kasuak zabalduz joan dira, 2022ko udan Euskal Herrira iritsi arte.

Zalantzagatik bereizten da eraso mota hau. Zorabioak eta egonezintasuna izan duten biktima kasu gutxitan baieztatu ahal izan da sumisio kimikoa egon denik. Twitter bidez, emakume askok salatu dute jai-giroan egonezintasuna sentitu dutela. Azkura, zorabioak, goitigalea edo orientazioa galtzea dira sintoma nagusiak.

Hala ere, sumisio kimikoa ez izateak, ez du esan nahi ziztadarik ez dagoenik. Aldi berean, ez da ahantzi behar orratza behin eta berriz erabiltzen bada gaixotasunak kutsatu daitezkeela. Hori dela eta, ziztaden biktima izan direnei giza immunoeskasiaren birusaren aurkako protokoloa aplikatzen zaie.

Eraso boladaren osteko lehen ondorioetako bat da beldurra eragin, alarma sortu eta alerta iraunkorra sortzeko helburu soilarekin gauzatzen direla emakumeen aurkako eraso hauek. 2022ko udan, Sanferminetan izan zen ziztaden berri lehen aldiz. Besteak beste, 8 salaketa egon ziren eta 4 emakume artatu behar izan zituzten. Hala ere, Osasunbidean egindako analisiek ez zuten sumisio kimikorik baieztatu.

Uztaileko bigarren hamabostaldian kasuak Euskal Herriko beste txokoetara zabaldu ziren eta beldurra areagotu egin zen. Gasteizko Florida kaleko diskoteka batean egondako bi emakume ospitaleratuak izan ziren besoan ziztadak susmatu ondoren.

Baionako bestetan 100 kasu baino gehiago jakinarazi ziren, salaketarik jarri ez arren. Santurtzin, Getxon, Zarautzen, Lizarran, Beran, Etxebarrin, Zierbenan, Azpeitian... beste hainbat herrietako jaietak errepikatu ziren ziztadak.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen, eta Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak adierazi zuen biktimei proba medikoak egin zizkietela, eta, «zalantzarik gabe», ziztadak benetakoak zirela. Hala ere, ez zuten sumisio kimikorik antzeman.

Poliziak nabarmendu duenez, ziztada horien asmoa ez du oraindik ezagutzen. Ez du oraindik ikerketa lerrorik baztertzen, baina helburua sexu deliturik gauzatzea ez dela uste du.

Hala nola, gero eta argiago ikusten da ziztada hauen helburua emakumeei beldurra eragitea dela. Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, zuhurtzia eskatu du: «Ezin dugu elikatu emakumeen askatasuna mugatzen duen beldur hori». Gainera, fokua gizonezkoengan, eta bereziki erasotzaileengan, jarri behar dela adierazi zuen.

Gasteizko talde feministak argi utzi zuen ziztadak «beste eraso matxista mota bat direla» eta «duten garrantzia eman behar zaiela».

Jaurlaritza Logoa