Zuzenean

NAIZ irratia

Lagun, «Biralak izan gara momentu batez!»

Ekainean sareratu zuten lehen 'Bertikala' podkasta Laura Re Lozanok eta Sara del Rio Loiartek eta espero ez zuten harrera izan zuten. Irailean izanen dira bueltan, bitartean,  NAIZ irratian entzungo dira orain arteko saioak, asteazkenero, iluntzeko 21:00etan.

 

Audio_placeholder

Lagun, «Biralak izan gara momentu batez!»

Loading player...
Bertikala podkastaren irudia
Bertikala podkastaren irudia (Bertikala)

Ez zuten inondik inora espero 'Bertikala' podcastak lortutako arrakasta. Hala aitortu dute Laura Re Lozanok eta Sara del Rio Loiartek NAIZ irratian. Bi mila ikustaldi baina gehiago ditu sareratu zuten lehen saioak You Tuben, eta TikToken 34.700 bisita ditu lodifobiari buruz igo zuten pilula batek, «biral egin ginen momentu batez» dio Laura Re Lozanok barrez.

Pozik daude, oso positibo, «hasi ginean ez genuen espero harrera hau. Ez genuen pretentsiorik. Baina horrelako harrera izan eta gero pentsatzen ari gara, eta orain zer?» dio Sarak. Etorkizunean zer egin erabaki bitartean, oraingoz argi dagoen bakarra da irailean egingo duela buelta bikote honek, eta bitartean, orain arteko saioak NAIZ irratian adituko direla, asteazkenetan, iluntzeko 21:00etan.

Hala ez dirudien arren, dela gutxi ezagutu zuten elkar bi aurkezleek. Bazuten elkarren berri baina 2021eko EHZn ezagutu zuten elkar, eta Laura Re Lozanok podkastaren ideia buruan zuen bueltaka, hobeto esanda, bor-borka, «oso garbi nuen podkast bat egin behar zela», eta azkenean, konbentzitu zuen Sara de Rio Loiarte.

Ez  da erreza ‘Bertikala’ podkasta definitzea. Badu umoretik, aldarrikapenetik, txantxatik, aitortzatik...«umorea tresna bat da gai serioetaz hitz egiteko» dio Rek, eta «guk gure buruaz asko egiten dugu barre» gehitu du. Giro umoretsu hori podkastaren hasieratik bukaerara antzeman daiteke, eta umore giro horren konplize badira lagunak. Saioa, publikoarekin egiten dute nahiz eta publikoa bideoan ez agertu. «Publikoan gonbidatuak ditugu, baina lagunak dira denak» argi du Sarak.  Freskoak dira saioak, kortserik gabekoak, nahiz eta batzuetan esandako batzuk autozentsuratzen dituzten (piiiiiiiii argi batekin). «Orri erdiko gidoi bat daukagu» eta bertan zerrendatzen dituzte gai baten inguruan esan nahi dituztenak. «Bakoitzak lanketa pertsonal bat egiten dugu» eta gero, «momentuan ateratzen dena!».

Algaren artean badago hausnarketarako tartea badago, noski. Argi dute: «hau ez da podkast feminista bat, baizik eta bi feministek egiten duten podcasta». Helburua ez da irakurketa mardul bat egitea, «guk zerbait informalagoa nahi dugu egin. Guk entzuten ditugun podkastak horrelakoak dira eta eta faltan botatzen genuen euskaraz hori egitea», azaldu du Laurak. Saio monografikoak dira nahiz eta gero gauza batek bestera eraman eta gaian sartu irtenak egin.  Behar bada, hor dago arrakastaren gakoa. «Uste dut askatasuna ematen dizun podcast bat beharrezkoa zela» dio, Rek; «gure bizitza esperientzien inguruan hitz egiten dugu eta hor belaunaldiaren kutxu handi bat dago» gehitu du del Riok, horregatik diote millenniala dela saioa. «Baina gu millennial gazteenak gara» argitu du, eta hor gehitzen dira sare sozialak, arrakasta honen giltza.

Podcast hau egiterakoan zerbait izan badute argi, da sare sozialetan isla behar zuela izan. «Guk informazio pila bat jasotzen dugu sare sozialetatik eta gure belaunaldiak denbora asko ematen du sare sozialetan.  Niretzako TikTok informazio iturri bat da» dio Rek. «Ekoizten baduzu zerbait gazteek entzuteko, bai ala bai, sare sozialetan egon behar duzu» gehitu du. Horregatik Bertikala aurkituko duzu  YouTuben, Spotifyen, Instagramen, Twitterren eta TikToken.

Lau saio egin dituzte oraingoz, azken biak gonbidatu bereziekin. Kattalin Minerrekin egin dute 'Folklorikak' eta Alos aka DJMiaurekin egin dute azkena, ‘UDA 0 x 4’, Gladisenean parkean, uda giroan, noski.

 

Irailean bueltatuko dira Sara del Rio Loiarte eta Laura Re Lozano 'Bertikala' saio gehiagorekin. Bitartean, NAIZ irratian adituko dira orain arte egindako saioak. Asteazkenetan, iluntzeko 21:00etan.

Jaurlaritza Logoa