Zuzenean

«Mundu mailan erreferente iraultzailerik handienetakoa da PKK»

Kurdistanen errealitate politikora hurbildu gara ekaina hasieran Bashurren egindako martxa batean parte hartu zuen euskal herritar talde baten eskutik. «Izugarrizko jazarpena» bizi duen herria izanik ere, kurduen «konfederalismo demokratikoa» eredugarritzat jo dute.

Audio_placeholder

«Mundu mailan erreferente iraultzailerik handienetakoa da PKK»

Loading player...
Turkiak kurduen aurka darabilen jazarpena salatzeko mobilizazioa Bashurren.
Turkiak kurduen aurka darabilen jazarpena salatzeko mobilizazioa Bashurren. (@Ortzimugak)

Estaturik gabeko naziorik handiena da Kurdistan. 40-50 milioi kurdu daude munduan eta Kurdistan lau Estaturen menpe dago, Turkia, Siria, Iran eta Iraken menpe. Kurdu gehienak Turkiaren menpeko Kurdistanen bizi dira, 20 bat milioi eta «oso zapalduak daude aspalditik», berriki Irakeko Kurdistanen izan den euskal herritar talde bateko ordezkariek NAIZ Irratian zehaztu dutenez, «Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek fijazio berezi bat du herri kurduaren eta PKK alderdiaren aurka», dio Aitorrek. «Ez zituzten kurdu deitzen ere, mendietako turkiarrak deitzen zieten eta oso jazarriak egon dira haien hizkuntza, festa nahiz ospakizunak», gaineratu du.

Siriaren menpeko Kurdistanen kurdu gutxiago bizi da, 4-5 milioi, eta han ere «oso jazarriak» izan dira, «ezin zuten kurdueraz hitz egin eskoletan, ez zieten naziotasun kurdurik onartzen baina ezta siriarrik ere». Duela 10 urte abiarazitako Rojavako iraultzak hobetu egin du bertako kurduen egoera.

Iraken, berriz, azken 20-30 urteetan «zonalde autonomo bat dute, Euskal Autonomia Erkidegoa edo Nafarroako Foru Erkidegoa bezala». Kurduen gobernu autonomo bat dago, kurdueraz ikasi dezakete eskoletan baina Aitorrek zehaztu duenez, «alderdi politiko kurdu batzuek ez dute errazten Kurdistanen askapena, autonomismoan itota» daudelako.

Irango zatia da ezezagunena. Bertako askapen mugimendua «ez dago oso garatuta» baina aldi berean «naziotasun kurdua ez da hainbeste zalantzan jartzen». Iranen «nazionalitate pila» egonda, pertsiarrak dira nagusi baina «milaka urtetan egon dira kurduen ondoan, estatuak estatu eta inperioak inperio, historikoki bizilagunak izan dira eta nahikoa errespetu dago Iranen kurduen naziotasunarekiko».

Askapen mugimendua

Kurdistanen askapen mugimenduan PKK alderdia da errefentzia nagusiena eta «lan gehien» egiten duena. Turkian sortu zen 1978. urtean «alderdi marxista-leninista» gisa eta 1984. urtean borroka armatuari ekin zioten estatuarekiko konfrontaziotik independentzia lortu asmoz.

Abdula Ocalan PKK-ko «lider ikonikoa» 1999. urtean espetxeratu zuten Turkian eta garai horretan «paradigma aldaketa» iritsi zen kurduen borrokara. «Konfederalismo demokratikoa» da azken bi hamarkadetatik hona defendatzen dutena, Rojava izanik adibide garbiena; «komuna sistema eta herriaren autoantolakuntza sustatzen saiatzen ari dira». Aitorren esanetan, «nahikoa arrakasta du» proposamenak, kurduen askapen mugimendua «nahiko osasuntsu» dago eta PKK «mundu mailan dagoen erreferente iraultzailerik handienetakoa da».

Ekaina hasieran joan zen Irakeko Kurdistanera, Bashurrera zehazki, euskal herritar talde bat ‘Batu Askatasunaren aldeko gudara’ lelopean egin zen martxan parte hartzera. Bi aldarrikapen nagusi izan ziren, batetik, Bashurren Turkiaren «okupazio» salatzea, eta bertako Gobernu autonomo kurduak, KDP alderdia buru duenak, Turkiarekin kolaboratzen duela eta kurduei traizio egiten diela salatzea.

Anek azaldu duenez, argi dago Irakeko Kurdistan «okupatzeko ahaleginetan» dabilela Turkia. «Azken hilabeteetako ofentsiban» Turkiako Armadak «Kandileko mendiak» gogor erasotu dituela eta herritarren aurka arma kimikoak erabiltzen ari dela salatu du, gogoratuz Nazio Batuen Erakundeak suntsipen handiko arma gisa sailkatu dituela arma kimikoak eta duela 30 urtetik debekatuta dagoela arma hauek ekoiztea eta biltegiratzea. Erasoen atzean «Kurdistan osoaren inbasio nahia» ikusten dute euskal ekintzaileek, «gero eta argiago dago inperio otomandarraren mugak berreskuratzeko nahia duela Turkiak». Horrekin batera, «genozidio kurdua gauzatu» nahi izatea ere egotzi dio Ankarari Anek, «ez soilik herri kurdua militarki, politikoki eta ekonomikoki desagerraraztea, nolabait kontzientzia eta antolakuntza kurdua bera suntsitu nahi dute».

Bashurren egindako martxaren bigarren helburua Barzani familiak gidatzen duen KDP alderdi kurduaren jarrera salatzea izan zen. «Turkiarekin aliantzan herri kurduari traizio egiten diote, Barzani familia bere herria saltzen ari da interes politiko eta ekonomikoengatik eta PKKren aurka ari da etengabe».

Europako Batasuna, «isilik»

Europako Batasunari «ezikusiarena» egitea leporatu diote. Kurduek jasaten duten jazarpenaren aurrean «isiltasuna besterik ez du eskaintzen», dio Aitorrek. Europako Batasunarengan zein NATOrengan Turkiak duen indarraz ohartarazi du, «mahai geopolitikoan eragiteko gai da, nahieran mugitzeko eta Europak eta NATOk men egiten diete Turkiaren presioei». Bruselaren isiltasunak Turkiari Kurdistango herria «nahieran jazartzeko» aukera ematen diola salatu du.

Testuinguru honetan konfederalismo demokratikoa da PKK-k azken urteetan defendatzen duen eredua, «autoristarismoan eta jazarpenean oinarrituriko gizartea iraultzeko proposamena» eta «herriaren autoantolakuntza» bultzatzen duena. Gaur egun «ez dute Estatu bat eskatzen, Estatuari izaera zapaltzailea egozten diotelako». Aitorrek gaineratu du Kurdistanentzat ez ezik herri ororentzat baliagarria den proposamena dela konfederalismo demokratikoarena.

Jaurlaritza Logoa