Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Aitziber Ibaibarriaga
Txabi Etxebarrietaren iloba

«Gu oso lasai egon gara urte hauetan bagenekielako egia defendatzen genuela»

Aranzadik eta EHUk autopsia aztertuta egindako ikerketak Txabi Etxebarrietaren heriotzaren bertsio ofiziala gezurtatu ostean, ETAko militantearen iloba Aitziber Ibaibarriagak hitz egin du NAIZ Irratian. Egia mahai gainean, Etxebarrietaren sendiak «erakundeen errekonozimendua» merezi duela uste du.

Audio_placeholder

«Gu oso lasai egon gara urte hauetan bagenekielako egia defendatzen genuela»

Loading player...
Txabi Etxebarrietaren omenez egindako ekitaldi baten artxiboko irudia. (June PRIETO/FOKU)
Txabi Etxebarrietaren omenez egindako ekitaldi baten artxiboko irudia. (June PRIETO/FOKU)

1968an hildako Txabi Etxebarrietaren familiak beti susmatu izan zuen haren heriotza eragin zuen «aurrez aurreko» liskar edo borroka ez zela halakoa izan. Mende erdia igarota, azkenean gertaeren autopsia eskuratu ahal izan dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUko ikertzaile talde batek, eta ziurtatu ez zela bertsio ofizialak jasota bezala hil, bi tiro jaso zituela, eta gainera bigarrena bizkarretik.

Ikerketa hau 2018an abiatu zuten, familia apurka-apurka joan da informazioa jasotzen eta dena txosten batean bildu izana «oso garrantzitsua» da berarentzat. «Gu oso lasai egon gara urte hauetan bagenekielako egia defendatzen genuela. Ez genuen inongo interesik gezurra esateko», adierazi du Aitziber Ibaibarriagak, oso gazte, 23 urterekin bizia galdu zuen Txabi Etxeberrietaren ilobak.

«Frankismoak bere bertsioa mahai gainean jarri» zuen arren, Ibaibarriagak dio haiek ez zutela inoiz sinetsi, bertan egon zirenen testigantzak bestelakoak zirelako, eta iritzi dio haiek bezala jendartearen zati handi batek ere ez zuela irentsi bertsio ofiziala. «Txabiren hilketa eman zenean erantzun soziala oso garrantzitsua izan zen», dio Etxebarrietaren ilobak. Haren hiletan San Anton elizan jende andana bildu zela ekarri du gogora.

Familian asko sufritu dute eta, mende erdia baino gehiago igarota, txosten hark defendatu dutena berresteak «harro sentitzeko moduko arrazoiak» ematen dizkie.

Aitziber Ibaibarriagak beti entzun du osabari buruz «oso pertsona berezia» zela, «izugarrizko adimena zeukala eta bere adinerako gauza oso interesgarriak egin zituela», Informatikaren eremuko asmakizunak adibidez. «Maila berean, oso sentibera zen, bere poemetan irakurri ahal izan dugu. Familian beti eduki dugun konbentzimendua da gaur egun Txabi bizirik egongo balitz Euskal Herri mailan pertsona garrantzitsua izango zela».

Traba sistematikoak

Egia beti alde izan duen arren, zail izan du Etxebarrieta familiak informazioa eskuratzea eta ez zaio onargarria iruditzen. Etxebarrieta hil zuten egun berean hildako Jose Pardines Guardia Zibilaren inguruko ikerketak, berriz, ate guztiak zabalik izan ditu. «2018an Gaizka Soldevillak Jose Pardinesen heriotzaren inguruko liburu bat idatzi zuen. Bertsio ofiziala babesten zuenez, erraztasun guztiak eduki ditu informazio ofiziala lortzeko», nabarmendu du Ibaibarriagak.

Salatu du, era berean, Soldevillak informazio ofiziala lortu duela «gure familiaren baimenik gabe», legez hala egin behar zuen arren. Orain, Etxebarrietaren heriotzaren inguruko egia ezagutu ondotik, «Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzea» espero du Ibaibarriagak. «Familiok eskubidea daukagu informazio guztia jasotzeko». Eta pluralean hitz egin du, ziur dagoelako beste familia asko egoera berberean daudela.

Errekonozimendua

Etxebarrietaren ilobaren arabera, egia oso garrantzitsua da, baina lehen urrats bat baino ez da errekonozimendurako bidean. ««Jende asko eduki dugu inguruan, baina eremu instituzionalean oso bakarrik sentitu gara 50 urte hauetan eta erakundeen aldetik errekonozimendu bat merezi dugula uste dugu» .

Senideek pozik hartu dute txostena, jende askok zoriondu dituelako ere bai, sektore ezberdinetako pertsonek gainera. Hainbeste urteren ostean bildu duten informazio guztia Lakuaren esku utzi zuten 2020an, giza eskubideen urraketak ikertzeko legearen baitan. Balorazio batzordean izan dira dagoeneko eta Ibaibarriagak esan du «emaitza positiboa» espero dutela.

Familiarentzat oso garrantzitsua da momentu honetan egotea. Txostenak dio argi dagoela Etxebarrietaren heriotza giza eskubideen urraketa bat izan zela. «Hasiera-hasieratik genekien bertsio ofizialak ez zuela bat egiten errealitatearekin, familiak beti kontatzen zuelako Tolosara Txabiren gorpuaren bila joan zirenean forentsea eta polizia baten arteko elkarrizketa edo eztabaida entzun zutela eta forentseak esaten zuela ‘ezin dut hau defendatu, ez delako sinesgarria’. Bere garaian, beste elementu batzuk kontuan hartu gabe, errealitatea bizi izan genuen. Eta ez bakarrik autopsiak, baizik eta testigantzek eta frogek esaten duguna berresten dute».

«Zoritxarrez, frankismoaren demokrazia falta horrek urteetan jarraitu du eta, berarekin batera, bertsio ofizialak ere bai. Eta duintasunagatik eta egondako sufrimenduaren errespetuagatik  egia jakin behar dugula iruditzen zaigu. Ez ditugu ukatzen beste norabide batean eman diren eskubide urraketak eta beste familia batzuek sufritu dutena. Baina ez diezagutela guri gure sufrimendua ukatu. Ez diezagutela egia ukatu. Eta datu objektiboek egia adierazten dute. Besterik ez», aldarrikatu du Aitziber Ibaibarriagak.

Pixkanaka frankismoaren bertsio ofizialaren «gaztelu hori eraisten» doala eta «egiak aitortzen» ari direla esan du. «Zoritxarrez, bere garaiko jende askok ez du egia hori ikusiko. Faltan botatzen dut hainbeste sufritu zuen nire familiak momentu hauek bizi ezin izatea, baina edozein kasutan oso pozik gaude», azpimarratu du.

Ferrolen aurkitu zuten pista

Javi Buces Aranzadiko ikertzaileak azaldu digunez, orain lau urte abiatu zuten ETAko militantearen heriotza argitzeko prozesua, Tolosan izandako giza eskubideen urraketak argitzen hasi eta familiarekin hartu-ematen jarri ostean. Lan «mardula» egin dute ordutik gaur arte.

Nahikoa argi-ilun ditu Etxebarrietaren heriotzak; Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Dokumentazio Zentroak jasotzen duen bertsio ofizialak dio Guardia Zibilarekin izandako aurrez aurrekoan hil zela Etxebarrieta, baina horri kontrapuntua jartzen dion pista topatu zuten ikerketa taldekoek Ferrolen.

Etxebarrietaren auzian oinarrituta egin dute hilketa mota honetako lehen ikerketa, baina «hasiera besterik ez» dela ere aurreratu du Aranzadiko kideak.

Jaurlaritza Logoa