Zuzenean

Oihane Ozaeta
GASTEIZ

Gazteak, euskararen etorkizuna... eta oraina

Uztailaren 1ean hasi zen aurtengo Euskarabentura edizioa Maulen, eta 31an bukatuko da Getxon. Guztira, 500 kilometro egingo dituzte 31 etapetan. Uztailaren 12an Gasteiztik igaro ziren eta bertan izan da NAIZ Irratia espedizioa hobeto ezagutzeko.

Audio_placeholder

Gazteak, euskararen etorkizuna... eta oraina

Loading player...
Euskarabenturako gazteak Gasteizera heldu ziren unea
Euskarabenturako gazteak Gasteizera heldu ziren unea (@EuskarAbentura)

Imajinatu Euskal Herri osoko dozenaka gazte hilabete batez Euskal Herria zeharkatzen. Oinez eta euskararen alde. Ba hori bera ari da gertatzen momentu honetan, Euskarabenturaren hirugarren edizioan. Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herria luze-zabal zeharkatzen ari dira gazte hauek Mauletik hasita eta Getxo helmuga izanik, euskara bera abentura bihurtzeko.

31 etapa eta 500 kilometro. Aldapak, mendiak, kobazuloak, leizeak... lozakua, estera, kantinplora, mendiko botak... Baina baita mintegiak, tailerrak, ekimenak, musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak... ere. Hilabete batez gazte hauen territorio libre eta konpartitu bakarra bihurtu da euskara.

Gasteiztik igaro ziren uztailaren 12an, Euskarabenturaren 12. egunean, eta gertutik bizi ahal izan genuen haiek hilabete oso batez bizi dutena.

17km zangoetan, goizeko 11:30ean heldu ziren Gasteizera. Egun horretan izandako tenperatura altuengatik plana aldatu behar izan zuten. Arratsaldean kalejira bat zuten aurreikusita Gasteizko kaleak girotzeko, baina horren ordez, Gamarrako igerilekuetara joan ziren beroari aurre egiteko. Iraide espedizioan parte hartzen duen gazte bat da, zarauztarra (Gipuzkoa), eta azaldu zuen goizeko seietan esnatu eta zazpietan ekin ziotela ibiltzeari, beroa ekiditeko.

Ziurrenik bizi osoan gogoratuko duten esperientzia ari dira bizitzen, nahiz eta zaila izan horretaz jabetzea unea iritsi arte. «Ezin duzu imajinatu zelakoa izan daitekeen, egun bakoitza ezberdina da, egun bakoitzean aukera ezberdinak dituzu pertsona ezberdinekin hitz egiteko, arropa garbitzen, igerilekuetan, etapa ezberdinetan… Beti dago jende ezberdina eta elkarrizketa ezberdinak eta egun bakoitza gehitzen zaio esperientziari», dio Iratik, Astigarragakoa (Gipuzkoa) da bera.

Pertsona adina bizipen

Oso bizipen polita ari da izaten gazteentzat, giro ona sortu dute eta leku desberdinetako gazteak egotea oso aberasgarria da. Gasteizkoa da Igor, eta asko gustatu zaizkio egiten ari diren etapak: «Bideak oso bereziak dira eta Done Jakue bidea egitea asko gustatu zait». Jendea oso jatorra dela eta lagunak egitea oso erraza dela dio. Maikak ere adierazi du gustuko dituela etapak eta ibiltzea. Nafarroa Beherekoa da bera, eta interesgarriak iruditzen zaizkio «iparralde eta hegoaldekoen arteko desberdintasunak eta euskalki desberdinak».

Eneko Getxokoa (Bizkaia) da, lagun batek esan ziolako joan da Euskarabenturara, eta hasieran egunak astiro pasatzen zitzaizkion arren, konturatu da oso esperientzia ona dela, «hona etortzea mundu guztiari gomendatzen diot».

Itsasukoa (Lapurdi) da Emilie eta gogoko du talde txikietan egotea, «nire taldearen giroa maite dut, probintzia desberdinetakoak gaude eta ederra da giroa afarietan».

Zalduondon (Araba) bizi da Unai. Azaldu du bere eremuan ez duela lortzen euskaraz bizitzea eta oso polita dela «hainbeste gazte ikustea euskara berpizten». Aitor, berriz, Leioan (Bizkaia) bizi da eta bakarrik joan da Euskarabenturara udan esperientzia on bat bizitzeko. Ez zuen inor ezagutzen joan aurretik eta lagunak egin ditu bertan.

Pasadizo batzuk ere egon dira tartean. Unaik Añanan gertatutakoa dakar gogora: «Gaua zen, lotarako ordua, eta musika jotzen hasi zen. Igerilekura sartu ginen guztiak, hobeto egoten zen uretan kanpoan baino. Irteterakoan uste dut 130etatik 70ek pulmonia harrapatu zutela… broma da, baina  hotz handia egiten zuen». Aitorrek berriz, motxila galdu zuen lehenengo egunean, eta «trauma bat» izan dela dio.

Familia Urdina

Hau dena Familia Urdinari esker da posible. Espedizio ibiltarian, gazteekin batera, Familia Urdina osatzen duten 32 lagunek ere parte hartzen dute. Sukaldeko lana deitzen den hori egiten dute, hain agerikoa ez dena agian, baina guztiz ezinbestekoa. Antolakuntzako kideetaz ari gara: Koordinatzaileak, xerpak, sendagileak, gidariak eta logistika arduradunak eta komunikazio taldea.

Asier Xerpetako bat da, eta ez da lehenengo aldia Euskarabenturan parte hartzen duena. 2019ko edizioan gazte bezala joan zen, eta aldaketa nabaria dela aitortu du: «Gazte bezala ez genituen hainbeste ardura. Orain lo gutxi egiten dugu lan asko egin behar dugulako. Aldaketa handia dago gazte izatetik xerpa izatera». Maddi ere Xerpa da, eta duela hiru urte Asierrekin batera parte hartu zuen espedizioan. Xerpen lana «taldea bideratzea, eta haien arteko harremanak sortzen eta giroa euskalduntzen laguntzea» dela dio.

Aitorrek  gidari lanak egiten ditu. Bi gidari dira eta bakoitzak furgoneta bat gidatzen du. Bera furgoneta handiko gidari printzipala eta materialaren arduraduna da: «Nire lana da egunero materialaren ardurapean  egotea, materiala eta motxilak goizetan furgonetan kargatu eta hurrengo herrira eramatea». 2018an Euskarabenturan parte hartu zuen berak ere gazte bezala.

Osasun taldea hiru medikuk eta erizain batek osatzen dute. Clara da medikuetako bat eta espedizioan zehar sortzen diren giharretako minak, tiroiak eta abar tratatzen eta sendatzen dituzte. Kontsulta txikitxo bat ere egiten dute espedizioa bukatzean.

Bideogilea da Iker, eta edizio honetan bere lana etapetan zehar eta egunean zehar gertatzen diren momentu aipagarrienak grabatzea eta editatzea da, «munduari kontatzeko hemen zer gertatzen ari den, etorkizunean etor daitezkeen gaztei espedizioa apur bat hurbilagoa egiteko eta aurten espedizioa bizitzen ari diren gazteei oroigarri bat uzteko».
 
Bi koordinatzaile daude, urtean zehar lan egiten dutenak espedizioa bera antolatzeko.  Horietako bat da Irune, eta espedizioan zehar ere bertan daude dena antolatzen eta koordinatzen, «orain arte egindako lana praktikan jartzen»

Euskarabentura familia handi bat da. Hamaika bizipen eta irakaspenekin  bueltatuko dira etxera uztailaren 31an. Bakoitza bere Euskal Herriko txoko txiki horretara itzuliko da. Asko hitz egiten da euskararen eta etorkizunaren inguruan. Euskararen salbazioan. Gazte hauen ezpainetan dago euskararen etorkizuna, bai, baina baita oraina ere. Jarraitu dezagun oasiak sortzen.

Jaurlaritza Logoa