Zuzenean
«Datuei kasu egin edo sentsazioei?», lasterketan dilema kudeatu beharra
Talde-kohesioa, zenbakiekiko menpekotasuna eta horietatik aldentzeak dakartzan beldur eta kezkak, sufrimendua kudeatzea... Tourra bezalako lasterketetan buruak sekulako garrantzia dauka, lehiaketetan estimulu estresagarri gehiago baitaude. Uxue Otxoa kirol psikologoak hainbat pauta eman ditu.
«Datuei kasu egin edo sentsazioei?», lasterketan dilema kudeatu beharra
Batzuk lehiaketa handi batek dituen estimuluekin hazi egin daitezke, baina beste batzuk blokeatu egin daitezke». Ainhoa Artolazabal txirrindulari ohiak esaniko hori gauza ezaguna da lehendik ere. Txirrindulari batentzat zenbaki eta datuek garrantzia handia dute, baina oso kontuan hartu behar da horiek nola mugatu dezaketen kirolaria. «Guk ez geneukan potentziometrorik, soilik pultsometroa geneukan, eta lehiatzean buelta ematen nion, datuak ez ikusteko. Momentu jakin batean, maximoan sartzen nintzen garaian, beldur pixka bat ematen zidan, maximoa pasata banekielako lehertu egingo nintzela», kontatu du.
Tourrean zehar NAIZ Irratia egiten ari den emankizunean Uxue Otxoa kirol psikologoa izan da, txirrindulari baten burutik zer pasatzen den edo izan ditzakeen barne borroka eta frustrazioei zein aterabide eman dakiekeen azaltzen. Artolazabalen adierazpenetatik tiraka, gipuzkoarrak onartu zuen txirrindulariei esaten diela astean behin potentziometroari buelta emateko, sentsazioka aritu daitezen. «Normalean, oinak soltatzea egokitzen zaienean egiten dute», adierazi du. «Asko kostatzen zaie entrenamendu gogor bateko zati bat potentziometroa begiratu gabe egitea, ze erreferentzia bat behar izaten dute».
Nolanahi ere, «ezin gaitu zenbaki horrek gu definitu; zenbaki horrek adierazi behar dit nire errendimenduko daturen bat, zein momentutan nagoen, baina ezin nau definitu». Izan ere, zenbakien menpe egote horrek, Artolazabalek azaldu duenez, txirrindularia blokeatu dezake. Ausardiarako tarterik ez egotea suposatuko luke horrek eta «txirrindulari batzuek haserre bukatzen dute lasterketa, zenbaki horrek mugatu egiten dituelako. Pasa izan da watt-en arabera jardun, gehiago eman dezakeela uste, baina gero mantentzeko zailtasunak izan zitzakeela-eta beldurtuta, lehen taldeari ez jarraitzeko erabakia hartzea. Ondo noa, sentsazioak onak dira, baina zenbaki honek esaten dit nire mugan nagoela. Zer egingo dut? Zenbakiari kasu edo nire bizipenei aurre? Hor askotan barne gatazka sortzen da», adierazi du.
Entrenamenduetara eraman
Eta nola presta daiteke txirrindulari bat lehiaketak sortzen duen estresera? «Lehiaketako estimuluak entrenamenduetara eraman behar dira. Noski, txirrindularitzan oso zaila da, errepidea ezin duzulako itxi, 200 pertsonako pelotoia eratzea ezinezkoa da... baina bizipen psikologikoa, bai, eraman dezakezu, eta zenbakien menpekotasun handia baldin badauka batek, zenbakiek urduri jarri eta blokeatu egiten badute, pultsometroari buelta ematea izan daiteke aukera bat. Ez du adrenalina bera sortzen, baina saiatzen gara hurbiltzen lehiaketak ematen digun estimulu estra horretara. Baina ez zaie batere gustatzen».
Beste gako bat ere eman du Ainhoa Artolazabalek: norberaren gorputza ezagutzea, alegia. «Datuak izan ditzakegu, lagungarri dira, baina iruditzen zait bakoitzak bere mugak ezagutu behar dituela. Potentziometroari buelta ematea errekuperazio egunetan egiten dute eta nik lanketa hori beste egun batean ere egingo nuke, sentsazioak ezagutzea garrantzitsua baita».
Kirolariek «sufrimendua hobeto eramate hori» landu dezaketela ez du zalantzarik egiten arrasatearrak. Eltxo baten ziztadak eragiten duen azkura erabili du azaltzeko: ziztadari begira egon edo arreta beste nonbait jarri; hor dago koska, baita sufrimenduan ere. Hori, noski, ez da egun batetik bestera ikasten; «urtean zehar nahiko orekatua» izaten da lan psikologikoa eta Otxoak onartu du prestatzaile fisikoekin elkarlan handiagoa izan nahi lukeela.
Planche Belles Filles eta Roglic
Orain dela bi urte Roglicek azken-aurreko etapan galdu zuen Tourra, Pogacar Lure eta La Planche des Belles Filles lotzen zituen erlojuaren aurkako proban azkarrena izan ondoren. Zazpigarren etapa leku berean bukatuko da, ostiralean -176,3 kilometroko mendiko etapa- eta, Uxue Otxoaren ustez, garrantzitsua da bizipen horiek kudeatzea: «Ezin daitekeena da ezer sentituko ez bagenu bezala jardun, ezinezkoa baita eta ez litzateke egia izango -azaldu du-. Niri gustatzen zait bizitakoa erabiltzea, amorru, haserre edo flashback guztiak aprobetxatzea. Lekua, hitza, bizitakoa berpizten zaigu edozein momentutan edonori; guzti hori alde jartzeko lanketa egiten da».
Tourraren aurretik egiten diren adierazpen baikorrak ere alderdi psikologikotik egiten direla aitortu du. «Ez dute sekula ahuleziarik erakusten». Lehen asteetako egunak estres handikoak izan ohi direla-eta, «indargunea da aurkariei erakustea ondo daudela».
Indargune izan beharko luke talde kohesioak ere, baina Otxoak zehaztu du talde dinamikan psikologoen lana ez dagoela errotuta: «Talde kohesioa beharrezkoa da Tour batean 21 eguni eusteko; gauza asko gertatzen direlako: aurkariak irabazi dizula, irabazi duzula baina taldekide bat gaixo dagoela... Hori guztia landu egin behar da».