Zuzenean

Ainara Rodriguez

Emakumezkoen eta gizonezkoen Tourrak zuzenean eskainiko ditu NAIZ Irratiak

Txirrindularitza izango da uztaileko arratsaldeen protagonista NAIZ Irratian. Gizonezkoen lasterketa lehenbizi, eta emakumezkoena ondoren, zuzenean eskainiko dira biak, Iñigo Asensioren gidaritzapean eta hainbat lagunen kolaborazioarekin.

Audio_placeholder

Emakumezkoen eta gizonezkoen Tourrak zuzenean eskainiko ditu NAIZ Irratiak

Loading player...
2019ko Tourraren emankizuna NAIZ gunean
2019ko Tourraren emankizuna NAIZ gunean (Jon URBE | FOKU)

Uztailaren 1ean, ostiral honetan abiatuko da Danimarkan, Copenhagen, gizonezkoen Tourra. Erlojupekoa izango dute lehen lana txirrindulariek, eta beste bi etapa lauen ostean, frantziar Estatuko lurretan murgilduko da lasterketa, uztailaren 24an Parisera heldu arte. Egun horretan hartuko dio lekukoa emakumezkoen Tourrak; informazio gutxi dago oraindik honen nondik norakoez, baina jakina da zortzi egun beranduago, uztailaren 31n izango duela amaiera.

Bada, biak ala biak, NAIZ Irratitik zuzenean jarraitzeko aukera izango da. Iñigo Asensioren gidaritzapean, etapa dagoen aldiro emankizun berezia eskainiko da 15:30etik aurrera (etaparen ordutegiaren arabera). Puntako kolaboratzaileak izango ditu Asensiok alboan lasterketak jarraitzen: eguneroko kolaboratzaile izango ditu etxe honetako KirolHaria saioko gidari Ion Garate eta Julen Goikoetxea. Tarteka arituko dira Ainhoa Artolazabal, Asier Maeztu, Iñaki Arratibel, Gari Bravo txirrindulari ohia eta Uxue Otxoa kirol psikologoa, besteak beste.

Kolaborazio berezi bat Eukene Larrarterena izango da. Ostegun honetan bertan Italiako Giroan izango da lehian eta Tourreko emankizun berezian Giroari barru-barrutik begiratzeko aukera eskainiko digu, etapa amaiera bakoitzean bere bizipenaren berri emango baitu NAIZ Irratian. Tourreko azken txanpan NAIZ gunean izango da saio berezian.

Donostiako Zurriolako NAIZ Gunetik egingo dira saioak, eta bertatik bertara jarraitzeko aukera izango da. 

Abiatze «tranpatia» 

21 etapa izango ditu orotara ostiral honetan abiatzen den Tourrak. Horien artean mendiko 6 etapa izango dira, horietatik bostetan goian izango dute helmuga; bi erlojupeko, eta galtzadarrizko guneak ere bueltan izango dira lau urteren ostean. «Tranpatia» izan daitekeen Tourra ere badela esan du Informazioaren Haria saioan Asensiok; «Danimarkako etapak haizetsuak» aurreikusten baitira, eta lehen egunetan izanik, indarrak asko neurtu beharko baitituzte. Uste du, ordea, lehen egunetik irtengo direla maillot horia defendatzera hainbat txirrindulari, «erlojupekoetan maisu izan ohi direnak, baina baita Roglic edo Pogacar» bezalakoak. 

11. etapan jarri du mugarria Ane Urkiri lankideak: «Erabakigarria izan daitekeen etapa bat da, behintzat indartsuen nortzuk dabiltzan erakusteko eguna izan daiteke». 

Ez dute zalantzarik, edonola, azken bi edizioak irabazi dituen Tadej Pogacar dela faborito aurtengoen ere, nahiz eta gertu izango dituen Roglic eta Vineergard. 

Lau euskal ordezkari ere izango ditu Tourrak, hor izango dira Ineos taldeko Jonathan Castroviejo, Movistarreko Imanol Erviti eta Gorka Izagirre, eta, Cofidis-eko Ion Izagirre. Azken honek adierazi dio NAIZ Irratiari ez dela «bere onenean», baina «gogotsu» dagoela Tourrerako.  

Emakumezkoetan, ezjakintasuna

Gizonezkoen Tourreko lehen asteak Emakumezkoen Giroarekin kointzidituko du. Ane Santestebanek aurreratu du ez dela bertan izango positibo eman baitu covid-19an, baina gauzak ez badira okertzen, uztailaren 24an hasiko den emakumezkoen Tourrean izango dela aurreratu du Urkirik. Azpimarratu du, ordea, antolakuntzak zer pentsatua izan beharko lukeela honen inguruan eman duen informazio apurraz, momentuz ez baita ibilbideaz aparte gauza askorik ezagutzen. 

Kezka horrekin bat etorri da Asensio ere, nahiz eta aurreratu emakumezkoen Tourrari eustea badela «garrantzitsua», eta aurreikustekoa dela zortzi egunez luzatuko den lasterketan txirrindulari handienak bertan izatea.