Zuzenean

Oihane Ozaeta
Bilbo | Donostia

Udan zer nahiago, hondartza edo igerilekuak?

Ekainaren erdialdean gaude, uda ate joka dugu, eta dagoeneko zabalik daude estali gabeko udal igerilekuak. Bi urteren ondoren protokolo eta murrizketarik gabe zabalduko dira, betiko normaltasunera itzuliz.

Audio_placeholder

Udan zer nahiago, hondartza edo igerilekuak?

Loading player...
Andre bat hondartzan, dutxan kresala kentzen.
Andre bat hondartzan, dutxan kresala kentzen. (Andoni Canellada | FOKU)

Ekainetik hasita eta irailera arte zabalik egongo dira estali gabeko igerilekuak. Poztasuna nabari da giroan, izan ere, bi urteren ondoren ez da inolako protokolorik martxan jarriko COVID-19aren prebentzio gisa, eta pandemiaren aurreko normaltasunera itzultzea aurreikusten da. Edukiera mugaturik gabe, segurtasun-distantziarik gabe ezta aurretiazko hitzordurik gabe, besteak beste.

Iñaki Iruretagoiena da Donostia Kirolak organismoko marketin arduraduna. Azaldu du jendearen partaidetza askoz baxuagoa izan zela aurreko bi urteetan, «%30a inguru jaitsi zen jende- kopurua» bai edukiera murrizketagatik baina baita jendearen beldurragatik ere.

Bestalde, Itxaro Erroteta da Bilboko Udaleko gazte eta kirol zinegotzia. Balorazio positiboa egin du, nahiz eta aitortu duen aldaketak ez zirela errazak izan. Izan zuen harrera ona dela eta, aurretiazko hitzordua izan da kendu duten azken neurria: «Erabiltzaileei galdetu genien eta esan ziguten nahiko erosoa zela eta gustura zeudela. Neurri pixka bat zaila izan zen beharbada, baina gero kentzea ere kostatu zaigu».

Balorazioa, oro har, ona izan da, eta horretaz gain jendearen harrera ere positiboa izan zela adierazi dute. Donostia Kirolak-en inkesta bat egiten dute urtero erabiltzaileek zerbitzuak baloratu ditzaten, eta aurreko bi urteetan, prebentzio gisa hartutako neurriak baloratzeko baliatu zuten inkesta. «Nota zortzitik gorakoa izan da» , adierazi du Iruretagoienak.

Errotetak, bestalde, aldaketak zailak izan zirela aitortu du. Aipatu behar da aurreko bi urteetan Bilboko igerilekuetara abonatuak bakarrik sartu ahal izan zirela. Baina argi zeukaten nahiago zutela neurriekin zabaldu igerilekuak itxita egotea baino: «Uste genuen hobe zela neurri horiek hartzea igerilekuak edo kirol instalazioak itxita edukitzea baino».

Uda honetara begira jarrita begirada, betiko normaltasunera itzultzea espero dute, eta pandemia aurreko egoera berreskuratzea aurreikusten da. Iruretagoienaren esanetan, hori azken datuetan nabaritzen da, izan ere, «azken hilabetean abonatu pilo bat egiten ari dira, jende asko hurbiltzen ari da, eta ikusten da baita ere erabileraren datuak gora doazela».

Erroteta ere pozik azaldu da aurreko normalitatera itzuliko direlako. Murrizketa guztiak kendu dituzte, eta arestian aipatu bezala, abonatuak ez ezik, abonatu gabeak ere sartu ahalko dira igerilekuetan. Eta neurriak kentzearekin batera beste berritasun bat heldu da Bilbao Kirolak-era: instalazioetara eta aldageletara sartzeko eskumuturrekoa. Garatzen ari diren plan estrategikoaren baitan kokatzen da berritasun hori, eta hemendik aurrera bere funtzioa garatuz joango da pixkanaka.

Bai Iñaki Iruretagoienak bai Itxaro Errotetak Bilbo eta Donostiako hiritarrak gonbidatu dituzte uda honetan estali gabeko igerilekuetara joan daitezen. Iruretagoienak gogoratu du aurten igerileku berri bat egongo dela Altzan uztailetik aurrera, eta «jendea animatzea eta dauzkagun instalazioez goza dezatela» gonbidapena egin du. Errotetak nabarmendu du Bilboko Udalan dena prest daukatela uda on bat pasatzeko, eta hiritarrei zuzendu da: «Disfrutatu Bilbotik atera gabe».

Kalean, hondartza nahiago

Bilbo eta Donostiako kaleetan egindako kale galdeketaren emaitzak argi erakusten du euskaldunek hondartza nahiago dutela. Arrazoiak askotarikoak izan dira, tartean «naturalagoa delako», «olatuak daudelako», «gertutasunagatik» eta «itsasoaren kresala usainaren parekorik ez dagoelako». Nahiz eta hondartza izan nagusi, badago igerilekuak nahiago dituenik ere, «lasaitasunagatik» eta «hondartzan harea dagoelako» . Eta urria izan arren, badago udan badago mendizalea denik baita ere, udan mendia nahiago duena hondartza edo igerilekuak baino: «ez bata ez bestea, beti izan naiz mendizalea, beraz, aukeratu behar denean, ni mendira beti».