Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Naiara Gutierrez
ZEHAR Errefuxiatuekin erakundea

«Ukrainako egoerak erakutsi du erantzun koordinatua dagoenean, jendea babes daitekeela»

Errefuxiatuen Nazioarteko eguna ospatzen da astelehen honetan. Urteak utzi dituen datuen errepasoa egin du errefuxiatuekin elkartasunez aritzen den erakunde honek, eta herrialde bateko eta besteko etorkinekin egiten den politika ezberdinaz ohartarazi du erakundeko komunikazio arduradunak gurean. 

Audio_placeholder

«Ukrainako egoerak erakutsi du erantzun koordinatua dagoenean, jendea babes daitekeela»

Loading player...
Ukrainar errefuxiatuak Zaporiyian, gerra lehertu eta egun gutxira.
Ukrainar errefuxiatuak Zaporiyian, gerra lehertu eta egun gutxira. (Bulent KILIC | AFP)

Indarrean den migrazio politika ankerrak beste hilotz bat utzi du Bidasoako uretan, 25 urteko Abderrman Bas ginearrarena. Hura oroitu dute asteburuan Irunen, bide seguruak eta legalak aldarrikatzearekin batera. 

Fronte asko, eta anitzak ditu errefuxiatuen dramak, astelehen honetan bertan portu seguruaren zain den Aita Mari ontzitik Izaskun Arriaran eskifaiako kideak NAIZ Irratian azaldu duen moduan. Lau erreskate operazio burutu dituzte azken egunetan, 112 migrante erreskatatu dituzte Mediterraneoko uretatik, baina ohartarazi du horietako batzuk astebete daramatela ontzian zain. Tentsio uneak bizitzen ari dira azken orduotan, jateari uko egin diote zenbaitek, eta egoera sostengaitza dela gehitu du. 

Hau guztia, ekainaren 20an, Errefuxiatuen nazioarteko eguna ospatzen den egunean. Abagunea aprobetxatu du Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak ere EAEko datuak eguneratzeko. 2022 honetako lehen lauhilekoko datuek diote 1.234 asilo eskaera aukerkeztu direla, 459 Bizkaian, 408 Gipuzkoan eta 367 Araban; hori bai, horietatik gehienak ukatuak izan dira. Aldiz, kontrapuntua jartzen dio beste datu honek: aldi baterako asiloa onartua izan baitzaie 3.382 ukrainarri gerra lehertu zenetik.

Beste migrante bat atzeman dute hilik Bidasoa ibaiko uretan, zein hausnarketa eragiten dizue egoerak? Zeren ondorio da?

Bide legalak eta seguruak egongo balira, jendeak ez luke bizitza arriskuan jarriko. Hau Bidasoan ikusi dugu, baina berdina gertatzen da Mediterraneoan. Iaz 2.000 pasa pertsona hil edo desagertu ziren datu ofizialen arabera, baina badakigu gehiago ere badirela. Bizitza duin bat izateko bidean, jende askok bizitza arriskuan jartzen du, salbu egoteko.

Zenbait erakundetatik salatu da orain ia bi urte mugan ezarri zituzten kontrolak arrazistak direla, bat zatozte horrekin?

Adibide bezala: Ni zuria naiz, eta muga horretatik pasatzen banaiz, ez naute geratuko. Zentzu horretan, noski badela arrazista. Azal beltzekoa izateagatik, aukera gehiago dituzu poliziak kontroletan geratzeko.

Zer erakusten dute 2022ak momentuz utzi dituen errefuxiatuen inguruko datuek? Zein irakurketa egiten duzue?

Ikusten da Ukrainako gerraren ondorioz aldi baterako babesa eskatu duten pertsonen eta asilo permanentea eskatu dutenen artean oraindik ere aldea nabarmena dela, eta prozesuak oso ezberdin hartu direla. Argi dago borondate politikoa dagoenean egoera hauei aurre egiteko modua badela, kontu politikoa da. Ukrainarren kasuan, noski, babesa behar dute, eta hala ari dira jasotzen: zuzentarau europarrak ari zaizkie aplikatzen, lehen aldia da horrelako direktibak aplikatzen direla. Ez da Siria, edo Afganistan bezalako beste kasu batzuetan aplikatu; eta hor dator irakurketa: politiko borondatea baldin badago, jendeari eskaini ahal zaio babesa.

Ukrainako gerrak aldarazi egin du pertsona errefuxiatuekin herritarrok dugun perzepzioa? Hori ona dela esango zenukete?

Elkartasuna dagoenean, ona da, hala uste dugu guk. Ukrainarrek babesa behar dute kasu honetan, eta alde horretatik, harrera herria garela erakutsi dugu. hala izan da beste kasu batzuetan ere; egoera larrietan ikusi zian da Euskal Herri mailan badagoela sentsibilizazioa, hein handi batean, ziurrenik, gu ere herri errefuxiatua izan ginelako.

Ukrainaren kasua aprobetxatu beharko genuke esateko hori dela eredua; ikusi dugu administrazio aldetik erantzun koordinatu bat baldin badago, jendea babestu daitekeela.

Kontrapuntuan, bestelako herrialdeetako asilo eskatzaileekiko ez da jarrera askorik aldatu… Adibidez, salatu duzue kolonbiarren kasuan sistematikoki ukatzen zaiela asiloa…

Gaur egun asilo eskari gehienak ukatzen dira. Soilik ebatzitakoaren %10 onartzen dira; datu adierazgarria da. Igo da zertxobait 2021eko datuekin alderatuta, orduan %5a baitzen. Baina oso datu ezberdina da Europako Batasuneko %25aren bataz bestekoarekin.

Kolonbiarren kasu zehatzari dagokionez, oso lazgarria da: espainiar Estatuan mailan bigarrenak dira herritartasun eskaera gehien erregistratzen, eta %96ri ukatzen diete.

Zein eskaera egiten diezue gobernuei? Zer egin daiteke pertsona hauen biziraupena/ongizatea bermatzeko?

Bide legalak eta seguruak bermatu behar dira. Mugen politika hiltzaile honek amaiera izan behar du, ezin dira interes ekonomikoak bizitzen gainetik jarri. Askotan errefuxiatuen egoerak instrumentalizatu egiten dira errenta politikoa lortzera begira, eta horrekin ere amaitu beharra dago.

Hona iristen direnei, berriz, arreta zor zaie; bizitza bat eraiki behar duten horrek dakarren guztiarekin. Ez diegu bakarrik larrialdi egoeran sostengu behar, luzera begirako perspektiba izan behar dugu.

 

Jaurlaritza Logoa