Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
IZASKUN ARRIARAN
Aita Mari erreskate ontziko eskifaiako kidea

«Lehen erreskatean jaso genituen pertsonak zazpigarren eguna dute ontzian»

Migratzaile gehiago hartzeko espaziorik gabe eta gero eta «tentsio une» gehiagorekin, Siziliatik gertu eta porturatzeko baimenaren zain jarraitzen du Aita Mari erreskate ontziak. Europako zein Estatuetako erakundeen jarrera «ulertezina» salatu du eskifaiako kide den Izaskun Arriaranek.

Audio_placeholder

«Lehen erreskatean jaso genituen pertsonak zazpigarren eguna dute ontzian»

Loading player...
Aita Marik Mediterraneoan egindako erreskate baten artxibo irudia.
Aita Marik Mediterraneoan egindako erreskate baten artxibo irudia. (@Pau de la Calle /SMH)

Mediterraneo itsasoko erdialdean lehen erreskatea burutu zuenetik kasik astebete igaro denean, eta eskaria etengabe egiten ari diren arren, portu seguru baten zain jarraitzen du Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEk kudeatutako Aita Mari erreskate ontzia. Siziliako uhartetik gertu, eta erreskatatutako 112 migratzailerekin barruan, ontzian bizi duten egoeraren berri eman dio Naiz Irratiari Izaskun Arriaran eskifaiako kideak.

Zer moduz zaude?

Gure egoera egunetik egunera okerrera doa. Lehen erreskatean jaso genituen pertsonak zazpi egun daramatzate ontzian. Lau erreskate izan dira egun ezberdinetan. Bakoitzak bere tokia egin du ontzian baina egia esan, tentsio uneak gero eta ugariagoak dira. Saiatu behar izan gara batzuk lasaitzen hainbatetan. Gaur gosaltzeko orduan adibidez tentsio handia nabari da. Askok ez dutela jan nahi diote, portu seguru bat baizik Italian.

Saiatzen ari gara ahal dugun guztia egiten haien duintasuna bermatzeko baina erakundeek ez dute erantzunik ematen. Orain da momentua Italiak, Espainiak eta Europak haien alde humanitarioa erakusteko. Ikusten ari zarete nola sufriarazten dituzten erreskate baten ondotik. Honek ez du zentzurik. Ulertezina da.

Lampedusan portu segurua jasotzeko zain zaudete?

Guk ez dugu eskatzen toki zehatz bat. Italia eta Maltako koordinazio zentroei egiten diegu eskaera, eta ezetza emanez gero Espainia sartzen da koordinazioan, gure bandera espainiarra delako. Baina ez digute erantzunik ematen, ezta esperantza txiki bat ere. Ez dakigu ezer. Nik uste dut kapitaina egunero ari dela mezuak bidaltzen egoera zein den azalduz eta portu bat eskatuz. Sei haur dauzkagu... pentsa zer nolako tentsioa sor daitekeen itsasontzi batean eta halako egoeran. Hiru egun dira Sizilia ikus dezaketela eta ez dute egoera ulertzen.

Zergatik luzatu hain beste prozesua?

Europar Batasunak eta estatuek egiten diguten presioa da. Badakizue ez daudela ados guk bertan egiten dugu lanarekin. Gainera, erreskateez harago, Mediterraneoan gertatzen ari dena azalatzen dugu eta hori beraientzako nahiko deserosoa da. Nik uste dut jende honek nahikoa sufritu duela: sekulako istorioak kontatzen dizkigute. Askok hiru egun eman zituzten itsasoan urik eta janaririk gabe eta itsasontzian jarraitzen du sufrimenduak.

Erreskate gehiago egiteko gaitasuna duzue?

Dagoeneko ez da posible hori. Sizilian gaude, oso goian eta hona ez dira heltzen. Gehienak Lampedusa ingurura heltzen dira eta bertan egunotan aktibitate handia izan da. Baina guretzat ez du zentzurik, portu seguru bat azkar eskatzen dugun heinean, 112 pertsonarekin jaistea erreskate gehiago egiteko. Gure helburuaren aurka joango litzake eta ez du zentzurik.

 

 

Jaurlaritza Logoa