Zuzenean

NAIZ Irratia

«Oinarri honek balioko digu aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko»

Nafarroan izandako tortura kasuak argitzeko iragarritako ikerketa «begi onez» ikusten du Nafarroako Torturatuen Sareko Jorge Txokarrok. Haiek bildutako datuak «mahai gainean» jarriko dituzte eta ikerketak iraun bitartean, profesionalak «independentziaz» lan egiten uzteko eskatu du.

Audio_placeholder

«Oinarri honek balioko digu aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko»

Loading player...
Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga, Nafar Torturatuen Sareko kideak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean.
Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga, Nafar Torturatuen Sareko kideak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako torturatuek aitortza ofiziala jasoko dute azkenean. Chiviteren gobernuak bultzatuta eta Kriminologiaren Euskal Institutu prestigiotsuaren eskutik, 1979. urtetik gaur arte izan diren tortura eta tratu txar kasuak ikertuko ditu azterketa ofizial batek. Nafarroako Torturatuen Sareak urte luzaz egindako eskaria bete da beraz. «Oinarri honek balioko digu aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko» adierazi du sareko kide Jorge Txokarrok. Halako ekimenik aurretik egin ez denez, «begi onez» ikusten dute noski ikerketa Txokarrok dionez, baina zehaztuz, ikerketa «abiapuntu» bat baino ez dela; «ezinezkoa izango litzateke hiru aldarrikapen hauek ulertzea ikerketa ofizial eta profesional bat izan gabe». Eta ikerketa onartu bada ere, eutsiko diote ekainaren 25erako iruñean deituta dagoen manifestazioari.

EAEn 2017an eman zen pausoa, Lakuako gobernuaren eskutik, eta Pako Etxeberria forentsea buru zuen Kriminologiaren Euskal Institutuko taldeak 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu zituen. «Pentsatzen dugu 1000 torturatu inguru izango direla herrialdean, baina oraintxe lan handia egiteke dago» dio Txokarrok. Ikerketa ofizial baten faltan gaur egun egun arte Nafarroako Torturatuen Sarea arduratu da tratu txarrak jasan zituztenei ahotsa emateaz, baita hauek zerrendatzeaz ere. Bildu dituzten datuak «mahai gainean» jartzeko prest daude. Hala ere, adituei lasai lan egitea uztearen aldekoak dira, Torturatuen Sareko kidearen arabera, «ez dugu inolako eraginik izango ezta adierazpen askorik egingo ere, pentsatzen dugulako beraiek lasaitasunez, profesionaltasunez eta independentziaz lan egin behar dutela».

Oztoporik ez

Uxue Barkosen koalizio gobernuak lehen diru laguntza onartu zuenetik, bide luzea egin behar izan du tortura kasuak argitzeko ikerketak, auzitegietatik izandako esku hartzeen ondorioz. Moldaketak eginda eta berme judizialarekin, dio Txokarrok, ez dutela espero «atzera pausurik ikerketa gelditzeko» auzitegien aldetik.

Arlo politikoan bestalde, PSNk ikerketa batzordearen sorrera babestu izana azpimarratu du Jorge Txokarrok, «duela bost urte zaila izango litzateke honelako zerbaitetan pentsatzea. Baina esan daiteke ere elkarbizitza arloan ere iritsi dela unea jendeak aurrera egiteko. Nik parametro horietan kokatzen dut PSNren pausu txiki hau. Gurekiko hartutako konpromisoa bete dute».

 

Jaurlaritza Logoa