Zuzenean

NAIZ Irratia

Irungo ‘Komandantzia’, frankismoaren jardun krudelaren erakusle

Francoren altxamenduaren ostean sortu zen egoeraren adierazle agerikoa da Irungo komandantzia. Haren historia berreskuratu du Kepa Ordoki memoria historiko taldeak: diplomazia, espioitza, gerra zikina, kontzentrazio esparruak... 

Audio_placeholder

Irungo ‘Komandantzia’, frankismoaren jardun krudelaren erakusle

Loading player...
Alemaniar nazien bisita Irunen.
Alemaniar nazien bisita Irunen. (Kepa Ordoko MHB)

Ostegun honetan, 19.00etatik aurrera Irungo Udal liburutegian, izango da ‘Komandantzia - Frankismo, nazismo eta faxismoaren babesleku’ aldizkari monografikoaren aurkezpen publikoa. Kepa Ordoki talde memorialistak ondu du lana, eskualdeko gertakariak azaleratzeaz gain frankismoak izan zuen jardun krudelaren adibide ere badelako. 

Koldo Salinas Aragon antropologoak eta Peli Lekuona kazetariak koordinatu dituzte aldizkariko lanak eta NAIZ Irratian azaldu dute puntu beltz honek izan zuen garrantzia: diplomazia, espioitza, gerra zikina, kontzentrazio esparruak, nazi alemaniarrak... Milaka errepresaliatu eragin zituen garai ilun baten zeharkako kronika ere bada lana. 

Irungo komandantziaren izaera berezia azaldu du Salinasek: «Denboraren poderioz funtzioak aldatu egin ziren, baina beti kontrolatu zituen etxera itzultzen ziren pertsonak». Fronte Popularrarekin izandako harremanak eta ideologia aztertzea zuen eginkizun eta ‘Comisión de admisión del puente’ izeneko taldea osatu. «Galbae funtzioa zuen, instituzio zibil bat zen eta bertako kideak matxinadaren aldekoak ziren, gehienak», gehitu du Lekuonak.

Sailkapenaren arabera, kontzentrazio esparru izan zitekeen helmuga, horietako bat Irunen bertan. «Gutxienez 3.900 pertsona igaro ziren bertatik azken 26 hilabeteetan», azaldu du Lekuonak, izan ere «soilik amaieran egin zen erregistroa». Batez beste, eguneko 375 pertsona igarotzen ziren bertatik eta izan zuen iraupena nabarmendu du. «Espainiar Estatuan kontzentrazio esparru gehienak 1936 eta 1939 bitartean egon ziren irekita. Hau hiru urte gehiagoz». 

Frankismoarekiko «leialak» bezala izendatuak zirenak, Hondarribiara bideratzen zituzten.

Era berean, Bidasoako komandantziatik mugitu ziren «informazio taldeak» Europa osoan zehar «espioitza lanak» egiteko. «Sare hauekin nahikoa ez balitz, Irungo bulegotik bidaltzen ziren inteligentzia zerbitzuko txostenak esbastika batekin zigilatzen ziren, ez armarri frankistarekin», gehitu du Lekuonak.

Zentzu horretan, nazientzako Bidasoako mugek zuten «garrantzi estrategikoa» nabarmendu du Salinasek, «ezaugarri militar eta komertzialengatik».

Jaurlaritza Logoa