Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Izaskun Etxeberria
Polloeko mausoleo frankistan hobiratutako Eloy Zufiaurreren senidea

«Genekiena da Loiolan erori zela hor bukatu zen arrasto guztia»

Polloeko mausoleo frankistan hainbat antifaxistaren gorpuzkinak daudela baieztatu berri du Aranzadik. Senideentzat lasaitasun handia suposatzen duela azaldu du Izaskun Etxeberria senideak, «tristea da baina poza eman digu, orain non dagoen badakigu gutxienez». 

Audio_placeholder

«Genekiena da Loiolan erori zela hor bukatu zen arrasto guztia»

Loading player...
Plaka frankista honen pean egon dira zortzi hamardaz hainbat antifaxisten gorpuzkinak.
Plaka frankista honen pean egon dira zortzi hamardaz hainbat antifaxisten gorpuzkinak. (FOKU)

«Poza sentitu dugu lehen unean, hainbeste urtean bila ibili ostean, arrastorik ez genuen. Tristea da baina orain behintzat badakigu non dauden». Izaskun Etxeberriaren aitonaren anaia zen Eloy Zufiaurre altsasuarra, frankisten altxamenduaren berri izan orduko boluntario joan zen frentera Donostiara eta astebetera hil zuten; «genekiena da Loiolan erori zela eta hor bukatu zen arrasto guztia», Etxeberriak NAIZ Irratian gogoratu duenez. 

Urte luzez saiatu dira euren senidearen gorpuzkinak topatzen, «Polloen ere egon nintzen baina esan zidaten han ez zegoela haren arrastorik». NAIZen irakurrita jakin zuen Aranzadik bere senidearen gorpuzkinak Donostiako hilerriko mausoleo frankistan kokatzen zituela eta orain hauek berreskuratzea nahi luke, zaila izango dela dakien arren: «Agian ez da posible izango, Aranzadikoen balorazioaren zain gaude eta eurek esaten dutenarekin ados egongo gara». 

«Eloy aurkitu dute baina beste anaia Isidro falta da, beste anaia bat Gurseko kontzentrazio esparruan izan zuten, beste iloba bat ere bai, lehengusu bat fusilatu egin zuten... zenbat sufrimendu eta zenbat injustizia»

Aranzadiko Javier Buces da ikerketa lan honen zuzendaria eta gorpuzkinak atera eta identifikatzeko egon daitezkeen zailtasunak baieztatu ditu: «Beste hobi batzuetatik atera zituzten eta mausoleo horretara eraman; uste dugu denak nahastuta egongo direla eta kasu horretan oso zaila izango da berreskuratzea eta identifikatzea». Gogora institutuak eta Aranzadiren antropologia sailak aztertuko du ea posible den. 

Bucesen ustez, «garrantzia oso handia du euren senideentzat non dauden jakiteak». Gogora ekarri du hainbat belaunaldi aritu direla euren senideen bila «eta frankistekin batera nahastuta hobiratu zituztela insultu gisa har daitekeen arren, garrantzitsua da senideak non dauden jakitea». 

Etxeberriak esker hitzak izan ditu euren senideen bilaketa lanean ari direnentzat. «Hemen izugarrizko errepresioa izan zen; Eloy aurkitu dute baina beste anaia Isidro falta da, beste anaia bat Gurseko kontzentrazio esparruan izan zuten, beste iloba bat ere bai, lehengusu bat fusilatu egin zuten... zenbat sufrimendu eta zenbat injustizia». 

Begoñako hobi komuna 

Garai bertsuan topatu dute Bilbon Begoñako hilerrian 40tik gora miliziano dituen hobi komun bat, ‘Begoñako argia’ ekimenaren baitan. Kasu honetan identifikazio lanetan ari dira oraindik. «Bostek gudari txapa soinean zuten oraindik», bere hitzetan, DNA frogak egin eta familiekin alderatzen ari dira. 

Jaurlaritza Logoa