Zuzenean

NAIZ Irratia

«Hausnarketa eta gogoeta» udako ikastaroen protagonistak UEUren 50. urteurrenean

Mende erdia bete duen honetan egitarau oparoarekin dator UEU udako ikastaroei begira, baita hortik aurreragorako ere, Irati Iciar ikastaroen arduradunak dionez. Bazkidetza kanpainan daudela gogora ekarriz, UEU «familia handi bat» dela dio Koldo Garcia zientzialari eta erakundeko bazkideak.

Audio_placeholder

«Hausnarketa eta gogoeta» udako ikastaroen protagonistak UEUren 50. urteurrenean

Loading player...
Baionan egin zuten aurtengo udako ikastaroen aukrezpena.
Baionan egin zuten aurtengo udako ikastaroen aukrezpena. (UEU)

Ziztu bizian pasa direla dirudi akaso, bizi-bizirik baitago, baina 50 urte betetzen ditu aurten Udako Euskal Unibertsitateak. Orain arteko balantzea egiteko unea dute noski, baina batez ere, «etorkizunera» begiratzekoa, hori izan baita UEUren ezaugarrietako bat sortu zenetik Irati Iciar udako ikastaroen arduradunaren arabera.

Gaur egungo gizartearen beharrak, euskara eta lan mundua eta adimen artifiziala, hau da, oparotasuna izango da ikastaroen protagonista: «Hausnarketa eta gogoetarako jardunaldi batzuk», Iciarren esanetan. Guztira 22 izango dira eta Biarritzen antolatuko dute hasiera ekitaldia, maiatzaren 21ean. Ipar Euskal Herrian hasi zen UEU, «egoera politikoagatik» eta bost mende hauetan «erakunde eta eragile ezberdinak batzen joan dira».

Gaur egun «bilgune edo gogoetarako plaza» dela nabarmendu du Iciarrek. Denbora honetan euskarak izan duen «normalizazioak» euskal hizkuntza bera eta unibertsitatea «gerturatzea» ekarri duela adierazi du NAIZ Irratiaren uhinetan. «Oraindik asko dago egiteko. Normalizazio bidean gaude», zehaztu du.

Euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean «beti» daudela «erronkak eta egiteko berriak» nabarmendu du.

Hala ere, ospakizunak eta topaketak ez dira ikastaroetara mugatuko, urtea amaitu bitarte hainbat ekitaldi eta topaketa iragarri baitituzte.

Mende erdiak eskaintzen duen «zenbaki borobila» baliatuz UEUk euskal gizarteari egin dion «ekarpena» balioan jartzeko urtea ere izango da ikastaroen arduradunak azaldu duenez, baina baita UEUko komunitatearekin biltzeko aitzakia ere. Jakintzaren bitartez ekarpena egitea, hori da hain zuzen ere, UEUren baitan biltzen diren gehienen helburua. «Ez baduzu zure gizartearentzat lan egiten, zertarako egiten duzu lan?» galdetu du Koldo Garcia zientzialariak.

«Herri txiki bat gara, baina gure beharrak ditugu» eta zentzu horretan, arlo akademikotik, zer ekarpen egin daitekeen bilatzen dutela baieztatu du Garciak. Horren eredu jarri du «aspaldi» landu zuela UEUk Internet bidezko hezkuntza. «Begira zer garrantzitsua izan den azken bi urteetan».

Bazkidetza kanpaina

Bazkide gisa hasi zuen bere ibilbidea Irati Iciarrek UEUn. Koldo Garcia bera ere, bazkide da. Une honetan bazkideak lortzeko kanpaina zabalik dagoenez, zalantzarik ez du izan Garciak herritarrei bazkide egiteko deia luzatzeko, «familia handi bat gara eta oro har, ondo moldatzen den familia bat».

Jaurlaritza Logoa