Zuzenean

«Abortoak emakumeen erabakitzeko eskubidean jartzen du indarra»

Abortatzeko eskubidearen inguruan hausnartu dugu Elena Beloki Iratzar Fundazioko kidearekin. AEBtan abortatzeko eskubidea bertan behera uzteak kutsatze efektu bat izan dezakeela ohartarazi du, baina konfidantza handia du mugimendu feministaren indarrarengan.

Audio_placeholder

«Abortoak emakumeen erabakitzeko eskubidean jartzen du indarra»

Loading player...
Elena Beloki, Iratzar Fundazioko kidea
Elena Beloki, Iratzar Fundazioko kidea (Naiz Irratia)

Zein da abortatzeko eskubidearen funtsa? Definizio ezberdinak egon litezke, gako ezberdinak nabarmendu litezke. Elena Beloki Iratzar Fundazioko kidearentzat elementu nagusiena da «haurdunaldia eteteko eskubideaz» ari garela eta horrek emakumeen erabakitzeko eskubidean jartzen duela «indarra». Eta funtsezko beste elementua, aurkariei begira, hainbat sektoretan bere horretan segitzen duela «emakumearen gorputza kontrolatzeko» helburuak.

Estatu Batuetan abortatzeko eskubidea bertan behera uzteko aukera ulertzeko gako nagusia munduan zabaltzen ari den «eskuineratze-giroa» da Belokiren irirtziz. «Mugimendu feministaren izugarrizko aurrerapenen» aurrean «emakumeak kontrolatzeko» nahi historikoak mendebaldeko jendarteetan jarrera atzerakoiak piztu dituela dio.

Estatu Batuetan gertatzen ari denak «mundu mailan kutsatze efektu bat» izan lezakeela ohartarazi du. Baina jarrera atzerakoian batean eta bestean egon badaudela gogoratu du, «Europan ere ikusi dugu eskuin muturrak zer nolako proposamenak egin dituen abortatzeko eskubidea murriztu eta emakumeei gure gorputzen kontrola kentzeko».

Ohartarazi du emakumeek «haurdunaldiak eteten segiko» dutela, historiari begiratuta ikusten dela beti egon direla abortatzeko teknikak, kontu da «zein baldintzetan» egingo duten. «Gizon zuri ebangelikoen lorpez ezen» ondorio izan daiteke abortatzeko eskubidearen aurkako ofentsiba, Iratzar Fundazioko kidearen iritziz. Emakumeak jada ez dira «subjektu pasiboak», erabakira egin dute salto, euren gorputzen kontrolera, plazerrarekin ere konektatuz, eta horrek «botere harremanak beste maila batean» kokatu dituela nabarmendu du.

Borroka, gakoa

Abortuaren aurkako zigorrak indargabetzeko eta haurdunaldiaren borondateko etetea eskubide bilakatzeko «munduko edozein txokotan» borroka izan da gakoa Belokiren esanetan, eta borrokan segi beharra azpimarratu du, Estatu Batuetan gertatzen ari denak erakusten baitu eskubideak ez direla «betirako».Nabarmendu du «eskubideak bideratzeko» legea tresna bat dela baina kontuan hartu behar dela nortzuk diren legeen egileak. Estatu Batuetan, esaterako, abortatzeko eskubidea bermatzen duen legearen inguruan erabakiko duten epaileen gehiengoa kontserbadorea da eta abortoaren aurka dago.

Oztopoak oztopo eta legeak lege, mugimendu feministarengan konfidantza handia du Belokik. Mugimendu honek «nazioartekotzeko duen ahizpatasuna» eta «agenda amankomunak martxan jartzeko» duen gaitasuna nabarmendu ditu. Abortoari dagokionean, garrantzitsutzat jo du «aborto libre, seguru eta publikoa» aldarrikatzen jarraitzea, «borroka etengabe honen elementuak izan behar dira, emakume guztiak seguruago sentitzeko».

Jaurlaritza Logoa