Zuzenean

NAIZ Irratia

«Osasunaz ari garenean arlo fisikoaz ari gara bereziki eta hori aldatu behar da»

Pandemiak herritarren osasun mentalean izan duen eragina aztertu du NAIZ Irratian Nahia Idoiaga psikologoak. Gizarte bakarti batean, galdu den «saretzea» berreskuratzeaz hitz egin du erakunde publikoen inplikazio gehiago eskatzearekin batera.

Audio_placeholder

«Osasunaz ari garenean arlo fisikoaz ari gara bereziki eta hori aldatu behar da»

Loading player...
Pandemian zehar okerrera egin dute osasun mentala neurtzen duten aldagai gehienek..
Pandemian zehar okerrera egin dute osasun mentala neurtzen duten aldagai gehienek..

Covid-19aren pandemiak, zerbait ona izan badu, akaso, osasun mentalaren gaia lehen lerroan jarri dela da. Nahia Idoiaga Mondragon psikologian doktorea da eta izurriteek osasun mentalean duten eraginean aditu ere. Osasunaz hitz egitean, arlo fisikoaz harago joateko beharra azpimarratu du, «osasunaz ari garenean arlo fisikoaz ari gara bereziki eta hori aldatu behar da». Osasuna hiru zutabe ezberdinetan banatzen dela dio Osasunaren Munduko Erakundearen 1984ko adierazpenak; «hor esaten da osasunak bermatu behar dituela arlo fisikoa, psikologikoa eta soziala. Hori izan behar da lehen aldaketa, plano sozialari eta psikologikoari bere garrantzia ematea» azaldu du Idoiagak. 

Idoia Idoiagak nekez imajinatuko zuen 2020an mundu osoa astinduko zuen pandemia bat lehertuko zenik 2012an bere tesia gaixotasun infekziosoen inguruan egitea erabaki zuenean. 2010eko A Gripe ala Txerri Gripearen testuinguruan hasi zuen, eta tesia egiten ari zela mendebaldeko Afrikako Ebolaren izurritea ere heldu zen. 2016an aurkeztu zuen tesia: "Gaixotasun infekzioso emergenteen irudikapen sozialak: ezagutza zientifikotik eguneroko pentsamendura. Eragina komunikabideetan". Covidaren pandemiarekin, ikertutako guztia praktikara eramateko aukera izan du psikologoak, aldagai guztiek okerrera egin baitute.

Hortaz, Covid-19ak osasun mentalarekiko kezka handiago bat ekarri du «eta hori noski, positiboa da» Idoiagaren arabera. Baina hortik aurrera gutxi gehiago, adierazpenak ez baititu islatuta ikusten psikologoak «erantzun politikoetan edo babes sozialeko elementuetan».

Psikologia zerbitzu publikoak

Osasun mentala gure ongizatearen zutabeetako bat den heinean, horri eskainitako baliabide publikoak bermatu behar direla uste du Idoiagak, «zerbitzu psikologiko publiko gehiago behar dira, arreta psikologikoan lagunduko diguten profesionalak».

Datozen urteetan sistema publikoan osasun mentalari emango zaion garrantzia handituko ote den galdetuta, «uste edo espero?» galdetuz erantzun du Idoiagak, ez baita oso baikor. Dionez, egungo ratioak oso baxuak izateaz gain, ez dirudi ezta ere psikologoentzako plazak asko handituko dituztenik osasun sistema publikoan. Sektore pribatua da beraz beste aukera, baina psikologoak gogorarazi duenez, «pertsona batzuk ezin dute ordaindu beraien osasunerako premiazkoa den zerbitzu hori».

Herritarren saretzea

Osasun mentalarekiko ardura erakunde publikoena ez ezik, herritar guztiena ere badela dio Idoiagak eta azken hamarkadetan galdu den «saretzea» berreskuratzearen beharraz hitz egin du. Gero eta digitalizatuagoa den gizarte hau, gero eta bakartiagoa ere badelako Idoiagaren ustez. Hauxe bere gomendioa osasun mentalaz arduratu beharreko garaiotan, «laguntza emateko prest» egotea, baina baita laguntza «jasotzeko» ere.

Jaurlaritza Logoa