Zuzenean
15 eragile eta gizabanako ekologistek hitzordua dute asteazken honetan (martxoak 30) Iruñeko auzitegian. Caparrosoko behitegi erraldoiaren jabe den Valle de Odieta enpresak jarritako salaketaren ondotik izango dute lehen kontziliazio saioa bi aldeek. Kontziliazio saio honetan akordio batera heldu ezean, aurrera jarraituko du auziak, epaiketa formal baten bidez.
15 eragile hauek, makro-ustiategian antzeman dituzten irregulartasunak salatu ondoren jo du auzitegietara enpresak. «Dena berresten dugu. Txostenean dauden datuak ofizialak dira, ez dugu ezer asmatu» adierazi du Etxalde mugimenduko kide Gotzone Sestorainek. Izan ere, 78 orrialdez osatutako txosten horretan, iturri ofizialetatik lortutako dokumentuak ageri dira, esaterako «2014tik enpresak izan dituen administrazio espedienteak».
Auzitegietara bertaratzea, inoren gustukoa ez den arren, ez dute ezustekorik hartu, enpresa mota hauek ingurumenaren defentsan jarduten direnak «kikiltzeko» ohiko estrategiaren baitan kokatu baitu Etxaldeko kideak, «haiek kontziente dira gizarteak horrelako eredu baten ondorioen berri duenean presio soziala areagotu daitekeela». Baina Sestorainek ziurtatu duenez, ez dute lortuko haiek atzera egitea, «epaitegietara jotzen dute gu izutzearen esperantzarekin. Kontua da indartuta atera garela».