Zuzenean

NAIZ Irratia

EAEko Hezkuntza Legea: batasuna arlo politikoan, zalantzak hezkuntza komunitatean

EAEko Hezkuntza Lege berriaren oinarriak adostuta, aurki helduko da testua Gasteizko parlamentura. Alderdi politiko nagusiek legearen onuren defentsa egin badute ere, hezkuntza arloko hainbat eragilek euren mesfidantzak agertu dituzte jada. Zehaztasun falta sumatzen dute.

Audio_placeholder

EAEko Hezkuntza Legea: batasuna arlo politikoan, zalantzak hezkuntza komunitatean

Loading player...
ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek Legebiltzarraren aurrean batu ziren alderdiek akordioa lortu zuten egunean.
ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek Legebiltzarraren aurrean batu ziren alderdiek akordioa lortu zuten egunean. (Raul Bogajo | FOKU)

Hezkuntza batzordean akordioa onartuta, ziurrenik apirilaren 7an iritsiko da testua Eusko Legebiltzarreko soko saiora. EAEn ordezkaritza duten lau alderdi politiko nagusiek, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-EBk babesa adierazi diote jada planari. Alderdion arabera finantziazio publikoa jaso asmo duten ikastetxe guztien parekidetasuna, segregazio eza eta laikotasuna bermatuko duen ituna izango da. Era berean eredu eleaniztun baten baitan, «euskara ardatz» izango dela ebatzi dute; ikasketak amaitu orduko ikasle orok B2 mailako gaitasuna izan beharko du euskaraz nahiz gaztelaniaz.

EAJk «oso positiboki» baloratu du akordioa. EH Bildu pozik dago adostutakoarekin, koalizioak ezarritako helburuak islada izan dutelako testuan. PSEk baieztatu du akordioa ez dela «batzuena edo besteena, guztiena baizik» eta bertan eskola publikoa izango dela erdigunean. Akordiora batzen azkena izan zen Elkarrekin Podemosek ere, eskola publikoa akordioaren erdigunean dagoela azpimarratu eta lortutako akordioa «herri akordioa» dela ziurtatu du.

Arlo politikoan beraz, legearen onurekiko batasuna agerikoa da. Ez ordea, hezkuntza arloko sindikatu eta elkarteen baitan. LAB sindikatuak esaterako, euskarari dagokionean «aurrerapauso bat» sumatzen du, baina baita «zehaztasun falta» ere, euskara arloan ez ezik baita segregazioarekin amaitzeko neurri zehatzei dagokienez.

ELA, LAB, CCOO eta STEILAS sindikatuek deituta zuten greba bertan behera utzi duten arren, STEILASek dagoeneko azaldu du, haiek grebari eustearen aldekoak zirela. Alderdiek adostutakoarekin kritiko, sindikatu honen arabera akordioak ez du hezkuntza publikoaren aldeko jarrera argia. Hain zuzen ere, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak salatutako gauza bera.

Ikastolen Elkartearena da baloraziorik baikorrena. Akordioak zehaztasun handiagoa dakarrela uste du elkarteak, «publiko-pribatuaren eskema» gainditzen duelako.

Jaurlaritza Logoa