Zuzenean
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara ukrainar errefuxiatu gutxi batzuk iritsi direla baieztatu du Naiara Gutierrez Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko ordezkariak. Iritsi direnek hemen «familia edo nolabaiteko» sarea zutela zehaztu du.
Errefuxiatuei arreta eskaintzen dien erakundearengana jo dute dagoeneko gurera etorri diren hainbatek. «Legalki zein egoeratan» dauden argitu nahi dute eta Zehar-ek informazioa eskaini eta «poliziarekin hitzordua» eskatzeko gomendatzen die. Normalean asilo eskaera egiteko hitzorduaren zain hilabeteak pasatzen dituzte errefuxiatuek baina ukrainarren kasuan ezberdina da egoera Europar Batasunak Nazioarteko Babeserako Zuzentaraua erabiliko baitu. «Nola gauzatuko den ikusi behar dugu», dio Gutierrezek.
Ikusi beharko da baita ere zein bilakaera duen gerrak. «Errefuxiatu asko ez dira Polonia edo inguruko herrialdeetatik mugitzen inorentzat ez delako erreza egun batetik bestera etxea uztea eta ez dakitelako noiz ahalko diren itzuli». Baina Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko ordezkariak argi du harrera planak epe luzerako pentsatu behar direla. «Pentsatu behar da denboran zehar egongo direla gurekin, ikusi dugulako beste gatazka batzuetan hori gertatu dela».
Europar zuzentaraua
Europar Batasunak ukrainar errefuxiatu guztiei harrera egitea erabaki du, Nazioarteko Babeserako Zuzendarauaren bidez. Gutierrezek positiboki baloratu du ukrainar errefuxiatuei eskubide oro aitortuko dien mekanismoa aktibatu izana, oraindik nola gauzatuko den ikusteke dagoen arren. «Ukrainar herria babestu behar da, izugarrizko exodoa dago eta babesa eskaini behar zaie». Zehar-eko ordezkariaren esanetan «finean bertan jaio direnen eskubideak izango dituzte, erresidentzia baimena, lan egiteko eskubidea nahiz eskubide sozialak».
Begirada zabalduz, «ikusten duguna da borondate politikoa dagoenean Europa mailan mekanismoak badaudela eta aktibatu daitezkeela», dio Gutierrezek. «Aurreko krisi humanitario batzuetan ez dugu ikusi mekanismo hau aktibatu denik, baikor sentitu nahi dugu eta pentsatu aurrekari bat dugula eta beste gatazka batzuetan antzeko jokaera izango duela Europak».
EAEn errefuxiatuei lehen harrera egiten dien erakundeak ez daki zenbat ukrainar errefruxiatu iritsiko diren. Lakuako gobernuak dituen hiru harrera etxeetatik bi kudeatzen ditu Zehar-ek, Oñatikoa eta Tolosakoa. «Ez dakigu zenbat etorriko diren baina gu guztia prestatzen eta antolatzen ari gara, prest egon behar gara».