Zuzenean

NAIZ Irratia

«EAren barne egoera konponezina da, zubi guztiak apurtuta daude»

EA are gehiago banatu duen kongresuaren lekuko izan da Iñaki Iriondo kazetaria. Zuzendaritza «kolore bakarrekoa» izango den arren, zalantzan jarri du babes handiagoa duenik. Kritikoena berriz «aldez aurretik erabakitako eszenifikazioa» izan zela ondorioztatu du; «zertarako?» galdetuz.

Audio_placeholder

«EAren barne egoera konponezina da, zubi guztiak apurtuta daude»

Loading player...
Eba Blanco berrautatu dute EAko idazkari nagusi kargurako.
Eba Blanco berrautatu dute EAko idazkari nagusi kargurako. (Raul BOGAJO/FOKU)

Eusko Alkartasunaren bi korronteen arteko lubakiak handitu egin dira asteburu honetako kongresuan, edo kongresuetan, kritikoek egindako kongresu paraleloa aintzat hartzen bada. Lubakia handitu da, eta ez dirudi bi aldeak lotzeko gai den zubirik dagoenik. «EAren barne egoera konponezina da, zubi guztiak apurtuta daude», nabarmendu du Iñaki Iriondo Gara eta Naizeko kazetariak. Batez ere 2017ko kongresuaz geroztik, esan du, orduan gertatutakoa ez baitzuten onartu kritikoek.

Iriondok egin du kongresuaren jarraipena, eta Eba Blancok gidatuko zuzendaritza «kolore bakarrekoa» izango den arren, ez du uste ildo ofizialarekiko babesa nabarmen handitu denik.

2017an Pello Urizarrek jaso zuena baino babes handiagoa izan du aurtengo kongresuan Eba Blancok, baina Iriondok uste du aldea horren txikia izanda ezin dela aldaketa nabarmen batez hitz egin. «Betirako» aldatu dena, zera da: EAren barneko haustura.

Telematikoa zen arren, sektore kritikoko konpromisarioek Europa Jauregian bertaratu ziren eta aretoan sartu ezinik, kongresu paralelotzat jo daitekeena antolatu zuten. Guzti hori «aldez aurretik erabakitako eszenifikazioa» izan zela argi du Iriondok, ez du hain argi ordea, zein helbururekin: «Zertarako egin dute hau guztia? Ulertezina da».

Alderdia demokratizatzera datozela diote kritikoek, baina Iriondoren arabera, euren tesiek, konponbideak baino, zalantza gehiago eragiten dituzte. «EH Bildutik kanpo egon nahi dutela diote, eta hauteskundeetan koalizioan aurkeztu. Nola egingo du EH Bilduk koalizio bat bere barneko alderdi batetik banatu den zatiketa batekin?» galdetu du Iriondok. «EA demokratizatu nahi dutela diote. Ados, baina nola egingo dute batzarretan parte hartzen ez badute?», gaineratu du.

Bere ustez, datozen Udal edo Foru hauteskundeetan, EH Bilduk «gogo gutxi» izango du EAren eszisio kritikoko kideekin lan egiteko, ororen gainetik jakinda kritikoak ez daudela koalizio honen proiektuarekin ados.

Jaurlaritza Logoa