Zuzenean

Naiz Irratia

«Gutxi gorabehera euskaldunen %10ak jokatzen du egunero Egunean Behin jokoan»

Astelehen honetan hasi da Egunean Behin lehiaketaren bederatzigarren denboraldia. Aplikazioaren eduki-arduraduna den Luistxo Fernandez izan da NAIZ Irratian edizio berriaren inguruko xehetasunak ematen.

Audio_placeholder

«Gutxi gorabehera euskaldunen %10ak jokatzen du egunero Egunean Behin jokoan»

Loading player...

Hamar galderako sorta bati egunean behin erantzun diezaiokezun tribial estiloko joko arrakastatsu honek bederatzigarren denboraldia hasi du gaur, eta hurrengo hamar asteetan zehar jolastu ahal izango da. Batzuek bazuten gogoa denboraldiko lehen lehiakideak izateko, astelehen honetan goizeko zortziretarako jada 4500 pertsonek jolastu baitute. 

Lehenbiziko partida 2019ko martxoan izan zen, eta beraz, azken denboraldi honek iraun bitartean, jokoak hiru urte beteko ditu. Hori bada marka esanguratsua euskarazko aplikazio batentzat eta badute aitzakirik ospatzeko. Jokoak 2020an jo zuen gailurra, pandemiak eragindako itxialdiarekin batera. Orduan, astean 80.000 jokalarik jokatzen zuten. Ez da erraza zifra horiek mantentzea, baina erabiltzaile kopurua orduz geroztik ez da asko jaitsi. Luistxo Fernandezek adierazi duenez, azken denboraldian, asteko 65.000 lagun inguruk jokatzen zuten, eta denboraldi osoan, guztira 86.000 jokalari izan zituen aplikazioak. Estadistikei begira, esan daiteke gutxi gorabehera euskaldunen %10ak jokatzen duela egunero Egunean Behin jokoan. 

Galderei erreparatuz, denboraldi guztiek izan dute nobedaderen bat, eta denboraldi hau ere ez da atzean geratuko. Gaur jokatu duten erabiltzaileek topatuko zuten ziurrenik aldaketa berririk, izan ere, azken aldian modan jarri dira euskarazko beste hainbat joko, Berbaxerka izeneko aplikazioa besteak beste, eta mota honetako jokoei keinu txiki bat egin nahi izan die. Horrela, galdera sorta batzuk sortu dituzte non hitza asmatu edota osatu behar den. Hauek pistekin eta aplikazioak ematen dituen hiru aukerekin asmatu daitezke. 

Hamar aste hauetan jokoak hainbat babesle izango ditu, tartean EITB. Euskal Irrati Telebistak azken bi denboralditan ere babestu du aplikazioa, eta honen inguruan saio berezi batzuk antolatu zituen, hala nola, zuzeneko finalak non jendeak etxetik parte hartzeko aukera izan zuen. Luistxo Fernandezek aurreratu duenez, denboraldi honetan ere finala antolatu nahi dute, baina oraindik ez dakite finalaren formatua aldatuko duten hala ez, alde horretatik EITBren esku ere badaudelako. 

Pandemia arinduz gero, zuzenekoak aretoetan egiteko aukera aipatu du Fernandezek, bere esanetan, jokoak hainbat formatutan moldatzeko aukera ahalbideratzen baitu. 

Jaurlaritza Logoa