Zuzenean

Naiz Irratia

Gorrotxategi: «Lan erreforma honek ultraaktibitateari buruz guztia aldatzen du»

Egoera sozial eta politikoaren errepasoa NAIZ Irratian, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen eskutik. Alderdi moreak EAEko hezkuntza legearentzako egindako proposamenak eta lan erreformaren inguruan egiten duen irakurketa daude Gorrotxategik aipatutakoen artean.

Audio_placeholder

Gorrotxategi: «Lan erreforma honek ultraaktibitateari buruz guztia aldatzen du»

Loading player...
Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martínez legebiltzakideak hezkuntza legerako proposamenak aurkezten.
Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martínez legebiltzakideak hezkuntza legerako proposamenak aurkezten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Madrilen delako agente sozialek, hau da, Espainiako Gobernuak, CEOEk eta UGTk zein CCOOk adostutako lan erreformaren defentsa egin du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak Gasteizko Legebiltzarrean. Erreformak hobetzeko tarterik baduela onartu badu ere, langileekiko dituen onurak nabarmendu ditu Elkarrekin Podemoseko-IUko kideak eta ondorioz Kongresuan onartua izatea espero duela. «Azken lan erreforma indarrean dago, lan erreforma berriak ultraaktibitatea berreskuratzen du. Kontuan izan behar dugu PPren erreformak bazuela helburu oso argi bat: langileen soldatak prekarizatzea».

Gorrotxategiren arabera, enpresetako lan hitzarmenak nagusituz eta ultraaktibitatea indargabetuz (lan hitzarmenak iraungitzen utziz) lortu omen zuen PPren Gobernuak langileen lan baldintzak okertzea. «Erreforma honek guztia aldatu egiten du», Gorrotxategik ondorioztatu duenez.

Hezkuntza legea

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza lege berriak ardaztuko du, hein handi batean, ikasturte politikoa aurten Gasteizko Parlamentuan. Horren inguruan ere mintzatu da Gorrotxategi. Hezkuntza komunitatearekin adostutako 80 proposamen egin ditu Elkarrekin Podemos-IUk. 80 proposamenok bost zutabetan banatu ditu alderdiak; horien artean, eskola publiko eta itunpeko eskolen arteko segregazioarekin amaitzea dago. «Euskadin arazo larria dugu segregazioarekin, Estatuan gehien banatzen dutenen artean gaude. Bakarrik Madrilekin alderatu daiteke», dio Miren Gorrotxategik. «Segregazioak kohesio sozialaren kontra egiten du», gaineratu du.

Eta kohesio soziala helburu hain zuzen, hizkuntza ereduen eskemak ekartzen duen «oztopoa» gainditzearen alde agertu da Gorrotxategi: «Eredu bakarra proposatzen dugu, zeinean euskara izango litzatekeen ardatz linguistiko nagusia».

 

Jaurlaritza Logoa