Zuzenean

Hegoi Belategi

«Avanzak soldata eta lan baldintzen murrizketak jarri ditu besterik ez mahai gainean»

Greba eguna izan dute Avanzak kudeatutako Bizkaibuseko ibilbideetako langileek. Ia «%100eko lanuzteak» izan direla  esatearekin batera, otsailaren 10erako «beste greba egun bat egitea pentsatuta» dutela azaldu du Naiz Irratian enpresa batzordeko kide eta ELAko ordezkari Ander Larrañagak.

Audio_placeholder

«Avanzak soldata eta lan baldintzen murrizketak jarri ditu besterik ez mahai gainean»

Loading player...
Avanzak 2019tik kudeatzen ditu Bizkaibuseko hainbat ibilbide. (Jon HERNAEZ/FOKU)
Avanzak 2019tik kudeatzen ditu Bizkaibuseko hainbat ibilbide. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Avanza multinazional mexikarrak 2019an Pesa garraio enpresa erosi zuenean, Bizkaibuseko zenbait linea kudeatzen hasi zen, besteak beste Durangaldean. Ordutik langileen lan baldintzak, eta Bizkaibuseko zerbitzua nabarmen okertu direla azaldu du Ander Larrañaga, enpresa batzordeko kide eta ELA sindikatuko ordezkariak, «abenduko azken bileran Avanzak soldata eta lan baldintzen murrizketak jarri ditu besterik ez mahai gainean ». 2020an agortu zen lan hitzarmena, eta momentuz enpresa mexikarrak ez du hura berritzeko asmorik agertu Larrañagaren arabera.

Testuinguru honetan kalera irten dira gaur (urtarrilak 7) langileak. Goizeko 5:00etan elkarretaratzea egin dute Lemoako kotxetegietan eta jarraian Bilbora jo dute, goizeko 9:00etan Zabalburu plazatik Bizkaiko Foru Aldundiraino martxa egiteko. Izan ere, langileek aldundiak dagokion ardura bere gain hartzea nahi dute. «Aldundiari esaten diogu, zerbitzuaren azken erantzulea dela zerbitzuan eta erantzukizunak bere gain hartu beharko dituela, lan baldintza eta zerbitzu duinak bermatzeko», dio Larrañagak.

Hori da, hain zuzen ere, euren eskari nagusia enpresa batzordeko kidearen arabera, lan hitzarmen berri baten bidez, lan baldintzak mantendu eta zerbitzu duin bat ematea. Eta helburu horiei jarraiki, greba egun «arrakastatsua» izan delakoan dago Larrañaga, ia «%100eko lanuzteak» izan direla nabarmenduz. Dena den, Avanzak negoziatzeari uki eginez gero, otsailaren 10erako «beste greba egun bat egitea pentsatuta» dutela ziurtatu du Larrañagak, baita beste bi greba egun deitzea martxoan ere.

Jaurlaritza Logoa