Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Garbiñe Bueno
EH Bilduko zinegotzi berria

«Iruñeak ez dauka finantzaketa arazorik, arazoa da nola kudeatzen den dirua»

Joxe Abaurreak dimisioa eman ostean, haren lekukoa hartu duen Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotziaren botoa mugarri izan zen Navarra Sumaren aurrekontuak aurrera ez ateratzeko Iruñeko Udalan. Abaurrea kasuaz, Iruñeko egoera politikoaz eta gehiengo aurrerakoiez mintzatu da Bueno Naiz Irratian.

Audio_placeholder

«Iruñeak ez dauka finantzaketa arazorik, arazoa da nola kudeatzen den dirua»

Loading player...
Garbiñe Buenok zinegotzi kargua zin egin zuen unea.
Garbiñe Buenok zinegotzi kargua zin egin zuen unea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pasa den abenduaren 30ean Iruñeko Udalbatzak atzera bota zuen Navarra Sumaren aurrekontu proiektua. Kargua hartu berritan, oposizioko gainerako zinegotzi guztiak bezala, ezezkoa bozkatu zuen Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotziak. Enrique Maya Iruñeko alkate eta Navarra Sumako ordezkariak inbertsioak galaraztea egotzi zion ordukoan oposizioari. Iruñean diru sarrerak egon badaudela adieraziz, eta arazoa «kudeaketa» dela gaineratuz emandako botoa defendatu du Naiz Irratian Buenok, «Iruñeak ez dauka finantzaketa arazorik. Hemen arazoa da nola kudeatzen den dirua. Arazoa kudeaketa da».

Ondorioz inbertsio erraldoien aldeko apustua egin ordez, dagoena hobeto erabiltzearen alde agertu zen oposizioa, azken urtean «dirua soberan gelditu baita» Buenok gogorarazi duenez. Ezezkoaren alde egiteko argudioetan sakonduz, iruindarrei bizkarra emanez egindako aurrekontuak zirela gaitzetsi du EH Bilduko zinegotziak,  «errepikakorrak» zein «politikoak» direlako bere esanetan. EH Bilduko zinegotzi berriak dionez, «Mayaren aurrekontuek ez diete jendartearen beharrei erantzuten», baizik eta «Navarra Sumaren interesei».

Agertoki politiko honetan, Nafarroako Parlamentuan bezala, eskuina alboratuta gelditzen ari da Iruñeko Udalan ere. Iruindarrentzako mesederako diren politikak gainontzeko alderdi aurrerakoiekin lantzea du helburutzat orain EH Bilduk. «Iruñeak orain badauka aukera adostasunera heltzeko; aurrekontu hauetan ez zeuden proiektuak aurrera ateratzeko. Eta nik uste dut orain dela unea», adierazi du Buenok.

Joxe Abaurrearen dimisioaz

2019ko txupinazoan ikurrina zabaldu nahi izan zuen Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziak, istilua izan zen udaletxeko balkoian eta berriki egindako epaiketan sei hilabeteko espetxe zigorra jaso ostean, dimisioa aurkeztu zuen Abaurreak. Egoera hura baliatu nahi izan zuen Enrike Maya Iruñeko alkateak, bere aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko. Baina garaiz zin egin zuen kargua Garbiñe Buenok, aurrekontuak aurrera ateratzeko aukera baztertuz. Kargua beste modu batean hartzea nahiago zukeen arren, erronkari «ilusioz» eta «gogotsu» heldu diola dio Buenok.

Dimititu behar izatea salatu badu ere, ez du ezustekorik hartu Buenok Abaurrearen aurkako zigorrarekin, aurrekariez jakitun delako. 2019ko gertakariak ez, Abaurrearen «ibilbide politikoa» zigortu nahi izan zutela uste du Buenok, «ez du inongo zentzurik hiriaren aniztasuna irudikatzeagatik horrelako erantzun bat ematea».

 

Jaurlaritza Logoa