Zuzenean

Naiz Irratia

Lorea Muguruza [EHNE]: «Esklabutza bat ordaintzen ari gara»

EHNE, ENBA, UAGA eta UAGN nekazarien sindikatuek esnea kostu azpitik saltzen dutela salatu dute, Oiartzunen. Elikagai-katearen legea aplikatzea eskatu dute, esnea kostu azpitik ez saltzeko. Legea egon arren, hau «bete egin behar dela» eskatu du EHNE sindikatuko Lorea Muguruzak NAIZ irratian.

Audio_placeholder

Lorea Muguruza [EHNE]: «Esklabutza bat ordaintzen ari gara»

Loading player...
Baserritarrak Oiartzungo Alcampo merkatalgunean.
Baserritarrak Oiartzungo Alcampo merkatalgunean. ((EHNE - ENBA))

Esne salmentan, 0,7 euro/litroko da zifra gakoa. Esnea prezio honen azpitik erosiz gero, kostu azpitik saltzen du baserritarrak. Oiartzungo Alcampon buruturiko mobilizazioan, zifra ez dela errespetatzen atzeman dute. «Hemengo esnearen prezioa, marka txurian, 0,55€-tan zegoen», azaldu EHNE sindikatuko Lorea Muguruzak.

Abeltzainen salaketa ez da berria. Hamarkadak daramatzate kexu, urteak aurrera egin ahala, joera «are erasokorragoa» delarik. Elikaduraren jatorriaren nozioak galdu direla azaldu du EHNE sindikatuko kideak. «Ezagutza hori galdu egin da. Jendeak distribuzioko edo linealetako apalak beteak ikusten ditu, eta badirudi ez dagoela arazorik».

Esne sektorean, lehen katebegia abeltzaina da. Laster iraungitzen den produktu bat ekoizten du, eta hura merkaturatzearen beharra baliatzen dute salmenta prozesuko gainontzeko agenteek. «Hor hasten dira botere harremanak. Baserritarrok ez daukagu botererik, iraungitze data oso laburra daukan produktu hori nolabait atera behar dugulako».

Egoera iraultzeko, Muguruzak ikuskaritzak eta salaketak daudela aipatu du. Aldiz, erremintak baino «ekintzak» behar dituzte baserritarrek. Adibidetzat jarri du banatzaileen arteko prezio borroka. Egoerak antzera jarraitzen badu, «ez da baserritarrik egongo».

Egoera «frustrazio handiarekin» bizi dute baserritarrek. «Erabiltzen gaituzte irudirako edo diskurtsoetarako baina gero praktikan ikusten dena da exigitzen zaigun neurriak industria bati exigi dakizkiokeen neurriak direla eta 'bai, bai , bai' esaten diguten horiek, beste balore batzuk medio, beste gauza batzuetan inbertitzen dute».

Muguruzak erosleei lana kontuan hartzeko eskatu die. «Baserritar bezala ulertzen dugu, ordaindu ezin duenak ez daukala besterik. Baina ordaindu behar duenak, kontuan har dezala atzetik ze lan dagoen».

Jaurlaritza Logoa