Zuzenean

NAIZ irratia

[28] Sei hizkuntzetan abesten dute Pauline eta Juliettek 'Veloma' diskoan

Sei hizkuntzatan abesten dute Pauline eta Juliettek disko berrian: euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa, malgaxea eta basaa. Irmoki defendatzen dute hautu linguistiko hori, «gure bi kulturak dira eta ez genuen hizkuntza bakarra hautatu nahi». Bigarren Kafea saioan izan dira.

Audio_placeholder

[28] Sei hizkuntzetan abesten dute Pauline eta Juliettek 'Veloma' diskoan

Loading player...
Pauline & Juliette.
Pauline & Juliette. (© Guillaume FAUVEAU)

Transkripzioa:

Ioar:
Kaixo, Ander.

Ander:
Arratsalde on, Ioar.

Ioar:
Ez dago txarra, goizean euri apur bat egin badu ere.

Ander:
Zer da atzean entzuten den musika hori?

Ioar:
Pauline eta Juliette dira. Lapurdiko neska bikotea, kantuan.

Ander:
Pauline eta..., nola esan duzu?

Ioar:
Pauline eta Juliette. Kanbo eta Itsasukoak dira. Gaur egun Baionan bizi dira. Veloma izeneko diskoa kaleratu dute berriki.

Ander:
Euskaraz kantatzen dute?

Ioar:
Besteak beste.

Ander:
Nola besteak beste? Euskaraz eta... zenbat hizkuntza gehiagotan?

Ioar:
Guztira sei hizkuntza baliatu dituzte disko honetan. Euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa, malgaxea eta basaa. Zenbat hizkuntza, hainbeste kolore.

Ander:
Baina... ez al dira afrikarrak malgaxea eta basaa?

Ioar:
Izen-abizenez Pauline Junquet eta Juliette Alfonso dira. Pauline kanboarra da. Eta Juliette, Madagaskarren sortu zen arren, txikitatik bizi izan da Itsasun.

Ander:
Erdaldunak ala euskaldunak?

Ioar:
Ederki egiten dute euskaraz biek.

Ander:
Gustura entzungo nituzke gehiago ere. Jarri beste kanta bat, otoi.

AUDIOA-1 | PAULINE ETA JULIETTE

Ioar:
Zer iruditu?

Ander:
Marka da gero! Zer-nolako aberastasuna!

Ioar:
Hamahiru kantu ditu Veloma diskoak. Sei hizkuntza baliaturik, aniztasun bitxia ageri dute.

Ander:
Badute halako aire afrikar bat. Eta ez da soilik hizkuntzarengatik. Musika moldeetan eta instrumentuetan Madagaskar gogorazten dute abesti batzuek.

Ioar:
Bistan da, Juliettek ez dituela bere sustraiak galdu. Baina euskaraz ari direnean geuk bezalaxe kantatzen dute.

Ander:
Zenbat eta arreta handiagoz aditu, orduan eta maiteago ditut.

Ioar:
Musikari onak direlako.

Ander:
Argi dago gogotsu sartu direla musikaren eszenan. Segur naiz doinu hauek han eta hemen entzungo direla.

Ioar:
Nik zuri diskoa entzunarazi bezain laster gustatu zaizkizun bezala, beste askok ere atsegin izango dituzte doinu hauek.

Ander:
Kantu era berri bat antzematen zaie.

Ioar:
Beharbada betiko euskal kantagintza da, molde berriagoez jantzia. Ez dira momentuko kantari modernoenak, baina ez dira Pantxo eta Peio.

Ander:
Emakume bikote gutxi dago gure musikaren zelaian.

Ioar:
Trikitixa bikoteetan izan ziren neskak: Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Kristina eta Amaia. Halako boom bat izan zen trikiti munduan. Triki-pop edo nola esaten zioten horri?

Ander:
Bai. Baina Paulinek eta Juliettek egiten dutena beste zerbait da.

Ioar:
Entzun nahi al duzu irratian zuzenean grabatu zuten kanta bat?

AUDIOA-2 | PAULINE ETA JULIETTE

Ander:
Abesti ederra, bi ahotsetan. Ondo uztartzen dituzte ahots eztiak.

Ioar:
Beraien amei eskainitako kantua da. Emakumeei, oro har.

Ander:
Emaztetasuna esaten dute?

Ioar:
Bai. Kontzeptu berria da, ezta? Borrokatzeko indarra eta emaiteko gaitasuna, hori da maitasuna.

Ander:
Halakorik entzun gabea nintzen.

Ioar:
Lehen aditu duguna irratiko elkarrizketan abestu zutena da. Diskoan, aldiz, Izarok ere kantatzen du pieza horretan.

Ander:
Izarok ere bai?

Ioar:
Egoki uztartzen dira haien hiru ahotsak. Badute antzekotasuna kantuan. Eta Izaro bera ere hizkuntza batean baino gehiagotan aritzen da.

Ander:
Ondo kantatzen dutelako bat egiten dute hirurek hain ederki. Erritmo alaiak, gitarraren protagonismoa, emakume ahotsaren fereka.

Ioar:
Argi dago, aurrerantzean gero eta emakume kantari gehiago entzungo direla euskaraz.

Ander:
Liher, Eneritz Furyak, Olatz Salvador, Hatxe, Afrika Bibang, Idoia Asurmendi, Nahia Zubeldia, J Martina, Kai Nakai, Sara Azurza, Ginger... eta beste asko, emakumeen ahotsa oso bizi dabil.

Ioar:
Pauline eta Julietteren beste abesti bat entzungo dugu?

Ander:
Aurrera, jarri beste bat, dudarik gabe.


Epilogoa - Beti Ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Konparazioak egiteko modu bat.

Anderrek honela esan du:

—«Zenbat eta arreta handiagoz aditu, orduan eta maiteago ditut».

Ander:
Antzeko forma batzuk ere badira:

Zenbat eta gehiago saldu, hainbat eta gehiago irabazi.
Zenbat ere azkarrago irakurtzen dudan, are ulergaitzagoa liburua.

Ioar:
Eta hauek ere bai:

Zenbat buru, hainbat aburu.
Zenbat hizkuntza, hainbeste kolore.
Zenbatenaz gosea handiagoa, hainbatenaz janaria gozoagoa.

Hemen duzue Pauline eta Julietteri egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa