Zuzenean

NAIZ Irratia

«Justizia eta erreparaziorako bidea irekitzen da amiantoaren biktimentzat»

EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin adostuta 25 milioi euroko funtsa sortuko da amiantoaren biktimentzat. Asviamiek «pozik» hartu du albistea, baina lanean jarraituko dute. «Ezkutuko minbiziak azaleratu, batetik; enpresei kalte ordainak eskatu, bestetik; eta, funtsa eskatzeko lagundu, azkenik».

Audio_placeholder

«Justizia eta erreparaziorako bidea irekitzen da amiantoaren biktimentzat»

Loading player...
Jesus Uzkudun eta Itxaro Sukia
Jesus Uzkudun eta Itxaro Sukia

Amiantoaren biktimentzako 25 milioiko funtsa adostu dute Espainiako Gobernuaren aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk eta Sanchezen Gobernuak.

Amiantoaren kontrako borrokan ari den Asviamie elkarteak «pozik» hartu du albistea. Orain, biktimentzat justizia eta erreparazioren tartea irekitzen da Jesus Uzkudunen esanetan: «Maila bateko aitortza da, urte askotan ez digute kasorik egin, parre ere egin digute aurpegira».

Konpromisoa hartu dute hurrengo bi hilabeteetan funtsa martxan jartzeko. Asviamiek, ordea, garbi du euren borroka ez dela amaitu. «Oraindik amiantoak eragindako minbizi ugari detektatzen dira, askok horrekin loturarik egiten ez duten arren. Horiek azaleratu eta pertsonei laguntzen jarraituko dugu elkartetik. Gainera, enpresa gaur egun existitzen bada, konpentsazioak eskatzeko bidean aritzen gara». Hala eta guztiz ere, badago beste kasuistika bat: «askok minbizia garatu dute eta euren enpresa itxita dago. Beste batzuk enpresa horren alboan bizitu dira, edota langileen arropa garbitzen kutsatu dira. Hauek ez dute noren kontra jo, eta konpentsazio funtsa horientzat da bereziki».

Luis Mari Sukiaren kasua

Duela urtebete inguru erietxeratu zuten Luis Mari Sukia. Galdetu zioten ea amiantoarekin lan egiten zuen, eta «harrituta geratu zen», hala kontatu digu bere alabak, Itxaro Sukiak. Zoritxarrez, abuztuan hil zen Luis Mari. Aldarri garbia egin du Itxarok: «Enpresa horretan aritu ziren langile guztiei jakinarazi eta probak egitea». Konpentsazioa «ongi» dago, baina heriotzak ekiditea nahi dute. Enpresa hori itxita dago, baina gizarte segurantzak ardura hartu eta langile horiekin harremanetan jartzea eskatzen dute. Goiz detektatuz gero, bizitzeko aukerak handitzen baitira.

Saihestu zitekeen baina ez zen egin, fibrozementuaren lobbyak nahita ezkutatu zuen haren arriskua eta 60ko hamarkadatik gaur arte masiboki arnastu dute langileek nahiz ingurukoek. Egun Euskal Herrian eta Mendebaldeko toki gehienetan amiantoa erabiltzea debekatuta egonagatik ere, erruz ikus liteke eraikin, eskola eta hainbat bazterretan. Beraz, tamalez, min egiten jarraituko du etorkizunean ere.  Halaber, munduko populazioaren %70 duten herrialdeetan erruz ari dira mineral hilgarria produzitzen eta manipulatzen.

Bestetik, amiantoa kudeatu eta erretiratzeko laguntza publikoak exijitu ditu Uzkudunek, ongi kudeatu dadin eta ondorengo belaunaldiei arazo hau utzi ez diezaiegun.

Jaurlaritza Logoa