Zuzenean

NAIZ irratia

[14] Nolakoa da maitasuna espetxean?

Audio_placeholder

[14] Nolakoa da maitasuna espetxean?

Loading player...
Kolorea eta bizia espetxe baten atarian.
Kolorea eta bizia espetxe baten atarian. (NAIZ Irratia)

Transkripzioa:

Ioar:
Arratsalde on, Ander.

Ander:
Idazten harrapatu nauzu.

Ioar:
Boligrafoarekin, gainera.

Ander:
Gutun bat da.

Ioar:
Ikusten dudanez, oraindik bazarete eskutitzak idazten dituzuen erromantikoak.

Ander:
Lagun bati idazten ari natzaio. Preso dago, eta berarekin komunikatzeko modu ia bakarra da.

Ioar:
Egia! Presoei ezin zaie whatsapp bidez mezurik bidali, ezta epostaz ere. Jabetu gabe nengoen.

Ander:
Harremanari eutsi nahi badiozu, papera hartu eta idaztea da modu bakarra. Urteak dira lagun honekin harremana dudala. Sarritan idazten diot.

Ioar:
Eta gaur idazten ari zaren gutun hau, noiz jasoko du berak?

Ander:
Auskalo. Jaso arte, asteak pasatzen dira, hilabeteak batzuetan. Erantsi egiozu horri euskaraz idatzita doala..., eta orduan luzeago izango da denbora.

Ioar:
Hamaika traba eta bat gehiago ditu gure hizkuntzak. Ez dago eskubiderik.

Ander:
Hala eta guztiz euskaldunok urteak eta urteak daramatzagu idazten. Beti lotura berezia egon da espetxean dauden lagunekin. 1

Ioar:
Teknologia berrienek ere ez dute hautsi dispertsioaren harresia.

Ander:
Aspaldiko lagunak lotuta mantendu dituzte eskutitzek. Eta lagun onak egin.

Ioar:
Lagun berriak esan nahi al duzu?

Ander:
Baita bikote berriak sortu ere!

AUDIOA-1 | OIHANE BAKEDANO & AITOR FRESNEDO

Ander:
Denborari erreparatuta, luzea izan daiteke; baina polita ere bada postontzian gutuna jasotzea noizean behin.

Ioar:
Gurera fakturak eta horrelakoak besterik ez dira iristen. Amorragarria da.

Ander:
Zerbait berezia daukate gutunek. Zintzotasuna darie idatzitako berba bakoitz eta guztiei.

Ioar:
Horrela ikusita, bai. Baina ez zaitez erromantiko jarri, Ander.

Ander:
Erromantikoa ni? Jakingo bazenu...

Ioar:
Zer kontatu behar didazu, maitasun istorio bat, ala?

Ander:
Bai, horixe.

Ioar:
Begira nolako belarri handiak ditudan, zuri hobeto entzuteko.

Ander:
Ez da nire amodio istorio bat, e!, ezagun batzuena baizik.

AUDIOA-2 | OIHANE BAKEDANO & AITOR FRESNEDO

Ander:
Duela hamabost urte elkar ezagutu zuten Oihanek eta Aitorrek. Gutun bidez. 2007an hasi ziren elkarri idazten, biak kartzelan zeudela.

Ioar:
Espetxe ezberdinetan egongo ziren.

Ander:
Jakina.

Ioar:
Gutuna jasotzeko hilabete bat. Eta idatzi ondoren, lagunak irakurtzerako beste hilabete bat. Uf!

Ander:
Esan dizut abantaila txiki bat ere baduela gutunak: hitzak zintzoagoak izaten dira.

Ioar:
Gaur egun neska edo mutil bat ezagutzeko, botoi bat sakatu, atsegin dut eman eta zita jartzea besterik ez dago.

Ander:
Ziur aski, askoz politagoa izango da gutun bidez maitemintzea.

Ioar:
Baina maitemindu ondoren, zer?

Ander:
Ezkondu egin ziren.

Ioar:
Txantxetan ariko zara!

Ander:
Ezkontza egunean elkar ezagutu zuten fisikoki. Gutunketan hasi eta bi urtera.

Ioar:
Fikziozkoa dirudi istorioak. Gutunak idatzi, ezkontzaren egunean elkar ezagutu..., azkeneankalean elkartu eta bizitza arrunta egiten hasi... eta haserretu gabe, gainera.

Ander:
Haserretzea ere ez da txarra. Baina, hitz gozoak erabiliz, gutun polit bat idatzi... eta aurrera!

Ioar:
Horrelako istorio bat entzuten dugunean, sinestezina iruditzen zaigu.

Ander:
Hor ikusten da zeinen baldintza gogorretan bizi izan diren euskal presoak. Hala ere, irudimenez, hitzak baliatuta, marrazkiak eginez, gutunak idatzita... lortu dute denborari eta distantziari aurre egitea.

Ioar:
Eta maitemintzea, bikotea sortzea, ezkontzea...

Ander:
Hitzek sekulako indarra dute.

Ioar:
Gutun bat baino gehiago galduko zen bidean.

Ander:
Ez dudarik egin. Baina, bestelako bide batzuk baliatuz, mezuak eta desirak helduko ziren lagunarengana. Eta hori ere polita izango zen.

Ioar:
Komunikazioa, inkomunikazioa.

Ander:
Gutuna bukatu behar dut, Ioar. Gero jarraituko dugu hizketan.

Ioar:
Aizu, goraintziak eman nire partetik.

Epilogoa - Beti ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
NOR-NORI aditz forma duten perpausak.
Anderrek esan du:

—«Lagun bati idazten ari natzaio».
Lehen aldian esaldia honela izango litzateke:
—«Lagun bati idazten ari nintzaion».

Ander:
NOR-NORI aditz forma gutxitan erabiltzen dugula uste izaten dugu.
Baina maiz agertzen zaigu:

—«Saltzaile bat etorri zitzaidan etxera».
—«Giltzak galdu zitzaizkien hondartzan».
—«Argi eta garbi mintzatu natzaizu».

Ioar:
Batzuetan forma bihurriak iruditzen zaizkigu NOR-NORI formak:

—«Gehiegi laguntzen ari gintzaizkizuen».
—«Kontu ilunak esaten ari zatzaizkio».

Hemen entzun dezakezue Oihane Bakedano eta Aitor Fresnedori egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa