Zuzenean

Patxi Uranga

'No time for love', kartzelan gutunez sorturiko amodiozko harremana

Gutun bidez besterik ez zuten elkar ezagutzen eta euren ezkontza egunean ikusi zuten elkar aurrez aurre lehen aldiz. Nola eraiki maitasun harreman bat espetxean izanik? Horra NAIZ Irratiko ‘Etxerako Kunda’ irratsaioaren aste honetako gai nagusia. 

Audio_placeholder

'No time for love', kartzelan gutunez sorturiko amodiozko harremana

Loading player...
Kolorea eta bizia espetxe baten atarian.
Kolorea eta bizia espetxe baten atarian. (NAIZ Irratia)

«Ez dute uzten maitatzen gauean, ez agurrik, ez negarrik gauean…», zioten Hertzainak taldekoek 'No time for love' abestian (Jack Warshaw- 'If they come in the morning'). Euskal Herrian sobera dakigu zer den ezin agurtzea, maitatzea… maitea urruti izateagatik. Baina maitaleetako bat ez ezik, bestea ere kartzelan denean?

Beste askok bezala, Oihane Bakedano hernaniarrak eta Aitor Fresnedo portugaletearrak ederki dakite zer den hori. Kartzelan zirela ezagutu zuten elkar, gutun bidez. Oztopoa bestearen atzetik etorri zen gero, harremana zailduz. Hainbeste, ezen urteak igaro baitziren lehen aldiz elkar ikusi zirenerako. Ezkontza egunean, hain justu.

2007 urtean hasi ziren bata besteari idazten eta telefonoz hitz egiten. Ezkontza 2009an izan zen, bi ordu beranduago. «Ez ziguten beste aukerarik utzi», azaldu dute. Izan ere, ordurako konbibentziarako paperak, bikotea zirela erakusten zutenak, espetxe berean egoteko eskaerak eta abar luze bat eginak zituzten.  Baina denak ukatzen zizkieten. «Usted pertenece a un colectivo y no le vamos a ayudar en nada», bota zion Fresnedori funtzionario batek. Herrera de la Manchan zegoen orduan Fresnedo eta Avilan Bakedano.

Ezkontzea aukera bakarra zen eta hiru ordutarako Fresnedo Avilara eraman zuten. «Gainera guapoa da» izan zen Bakedanoren erreakzioa. Ordurarte ez zuten fisikoki bata bestea ikusi. Eta Herrera de la Manchatik bidalitako argazkia ez omen zen oso ona.

Beste hiru urte, 2012ra arte, itxoin behar izan zuten lehen vis a vis-a izateko. Harremana hasi eta bost urtetara. Komunikatzeko eskubidea onartu zieten eskaera ugari egin eta gero. Bakedano Jaenen zen eta Fresnedo Castellon. Komunikatzeko eskubidea onartzen zieten, baina behin bakarrik. Ondoren, Fresnedo Castellora itzuli zuten.

Kexa ugari paratu zituzten epaitegietan. Haien aldeko autoak irabazi zitutzten. Baina kartzelatako agintariek edozein trikimailu erabiltzen zuten eskubidea gauzatzen ez uzteko. Jaenera eramaten zuten nohizbehinka Fresnedo baina gero Castellora itzultzen zuten. «Salatu behar gaituzu guardiako epaitegian», bota zioten funtzionariak Fresnedori.

Hala egin zuen eta azkenean lortu zuten 2014an, harremana hasi eta zazpi urtetara, espetxe berean izatea.

‘Etxerako Kunda’n izan dira biak, bizitakoen eta pasatakoen berri ematen. Elkarrekin, aske eta zoriontsu.

Zorion eta animo mezuak ere ez dira  saioan eta Maritxu Uzkudunek gatibu zela idatzitako 'Urtebetetzea' olerkia partekatu du entzuleekin.

Jaurlaritza Logoa