Zuzenean

NAIZ
Elkarrizketa
Jon Diaz Egurbide
EHUko irakaslea

«Euskal Herrian etorkizun oparoa izan nahi baduzu unibertsitate pribatuan daukazu bidea»

Ostegun honetan aurkeztu dute “Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa”. Lan hori aurrera eraman duen taldearen zuzendaria da Jon Diaz Egurbide, NAIZ Irratian izan dena. Ondorioztatu dutenez, goi mailako lanpostuak lortzen dituzten artean, gehienek unibertsitate pribatuetan ikasi dute.

Audio_placeholder

«Euskal Herrian etorkizun oparoa izan nahi baduzu unibertsitate pribatuan daukazu bidea»

Loading player...
Jon Diaz Egurbide, gaurko aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jon Diaz Egurbide, gaurko aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskal Herrian etorkizun oparoa izan nahi baduzu unibertsitate pribatuan daukazu bidea. Hauxe da Jon Diaz Egurbide EHUko irakasleak zuzendu duen taldeak egindako lanaren ondorioetako bat. “Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa” du izena, eta ostegun honetan aurkeztu dute  Donostian dagoen Carlos Santamaria Zentroan.

Egurbde NAIZ Irratian izan da, eta bertan azaldu du lan honen xedea. Haren esanetan, eliteari buruz hitz egiterakoan, batzuek ulertzen dute hori «sektore oso txikia eta itxia» dela, «baina egungo egoera erakusten du askoz ere eremu zabalagoa hartzen duela elite ikuspegi horrek».

«Gizartea aldatu da, klase sozialak horren beste aldatu dira eta elitea, hala beharrez aldatu egin da. Eta gurentzako ospe handiko eta diru handiko soldata jasotzen duen jendean izateaz gain, botere handiko jendea dela esaten dugu. Bere erabakiekin gizarte osoaren etorkizuna moldatu edo antolatu dezaketenak», azpimarratu du.

Zentzu honetan, EAEko populazioaren %1ak bakarrik 100.000 euro baino gehiagoko soldata  jasotzen duela gogoratu du. «Baina botere guneetan direnak askoz ere gehiago dira», erantsi du.

Hala, 2015 eta 2020 urteen bitarteko datuak aztertu ostean, elitea osatzen duten 3.953 lagunen curriculuma ikertu dute, batez ere formakuntzari dagokionez. Elite horretan daudenek sailkatu dituzte, multzoka, eta non ikasi ote duten begiratu dute. Epaile batzuk agertzen dira, Osakidetzan lan egiten duten ehun pertsona... «Baina politikoetan ehunka ateratzen dira. Eta politikoen babesean dauden goi kargu horietan ere ehunka batzuk», ohartarazi du.

Eta, ondorioztatu duten bezala, goi mailako lanpostuak lortzen dituzten artean, gehienek unibertsitate pribatuetan ikasi dute. Horren atzean baldintza ekonomikoak eta familiarrak daudela esan du, eta deitoratu du publiko eta pribatuen arteko harremana, pribatuen mesedetara izaten dena. Dioenez, zenbait kasutan, eragile pribatuek diru publikoa erabiltzen dute boterea eskuratzeko.

Horren aurrean alternatibak garatu ahal direla aitortu du, eta unibertsitate publikoaren lana goraipatu du. Egindako ikerketa unibertsitate publikoaren aldeko lan bat dela adierazi du. Egin duten ikerketa Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen webgunean eskuratu daiteke dohainik.

Jaurlaritza Logoa