Zuzenean

Naiz Irratia

«Eztabaida lasaiagoa» eskatu du Etxeratek, «kontakizun poliedrikoa» lortzeko

Soka luzea ekarri du EH Bilduk eta Sortuk egindako Urriaren 18ko adierazpenak eta honi lotutako hausnarketa sakonak. Etxerateko Patrizia Velezen arabera, «aurrera pausu bat izan da gatazkaren ondorioak gainditzeko prozesuan». Pribilegiorik ez dute eskatzen, «lege arrunta» aplikatzea baizik. 

Audio_placeholder

«Eztabaida lasaiagoa» eskatu du Etxeratek, «kontakizun poliedrikoa» lortzeko

Loading player...
Patrizia Velez Etxerateko ordezkaria Donostiako Naiz Gunean izan da (Naiz Irratia).
Patrizia Velez Etxerateko ordezkaria Donostiako Naiz Gunean izan da (Naiz Irratia).

Positiboki baloratu du Etxeratek EH Bilduk eta Sortuk egindako Urriaren 18ko adierazpena, gatazkaren ondorioak konpontzeko bidean «beste aurrera pauso bat» delako Patrizia Velez Etxerateko ordezkariaren arabera. Eta bide batez, gogorarazi du, euskal presoek eta Etxeratek berak ere, antzeko adierazpenak plazaratu izan dituztela.

Adierazpen honen eta oro har Aieteko Bake Konferentziaren 10 urteurrena baliatuta,  eragile ezberdinei, «politikoki asmatzea» eskatu zien Etxeratek. Honen inguruan galdetuta, «eztabaida lasaiagoa» proposatzen dutela azaldu du Velezek, «badago giroa, badago lan egiteko modua eta kontsentsua. Ea lortzen dugun eztabaida lasaituago batera eramatea hau guztia, azkenean kontakizun poliedrikoa lortzeko» gaineratu du.

Lobbyaren erreakzioa

Bada lobby bat, Velezen arabera, beti urrats gehiago exijituko dituena. Aipatu lobbyaz, dio Etxerateko kideak «tristea» dela batzuek tematuta jarraitzea bizikidetza oztopatzearekin. Lobby honen baitan biltzen direnei, galdera zuzena egin die Velezek, «zer interes daukate gauzek aurrera ez egiteko?». Norberak bere mina ahal duen moduan kudeatzen du, eta batzuek bizikidetzaren alde egiteko gai ez badira «errespetagarria» dela nabarmendu du Etxerateko kideak, baina urratsak eman nahi dituzten horiei oztoporik ez jartzea nahiko luke.

Normaltasunetik urrun

Euskal presoen egoeraz, azken hilotan izandako urratsak txalotu ditu Etxeratek, baina zehaztuz, salbuespenezko espetxe politikak irauten duela. «Espainiar Estatuan 176 preso daude» Velezek azaldutakoaren arabera, «Euskal Herrian 60 bat daude; ez gehiago». Ez dute pribilegiorik eskatzen, salbuespen politika amaitzea baizik «lege arrunta eskuan hartuta, ia denak kalea zapaltzen egon beharko lirateke». Graduen progresioa normaltasunez bermatzeko eta lege arrunta aplikatzeko «borondate politikoa» baino ez dela behar nabarmendu du Patrizia Velez, Etxerateko ordezkariak.

Jaurlaritza Logoa