Zuzenean
«Diruaren ezaugarriak aldatuta sistema sozioekonomikoaren portaera alda dezakegu»
Tokiko monetak indartzen ari dira gurean ere eta krisi ekosozialaren aurrean alternatiba gisa ageri dira. Ekhilur ezagutu dugu Gelditu Makinak saioaren 24. atalean.
«Diruaren ezaugarriak aldatuta sistema sozioekonomikoaren portaera alda dezakegu»
Zer harreman du egungo sistema ekonomikoak aldaketa klimatikoarekin?
Jende gehienak oso azkar lotzen du larrialdi klimatikoa erregai fosilekin eta CO2ren kontzentrazioaren igoerarekin. Baina ez du horren erraz lotzen kontsumoarekin. Gure sistema sozioekonomikoak etengabeko hazkundea behar du eta hazkundea fisikoa da. Agian hazkunde fisiko hori hirugarren herrialde batera eraman genezake, gure energia kontsumoa eta CO2 ekoizpenak txikiagoak izan daitezke eta gure ekonomia hazi, baina hori da beste batzuk kutsatzen dutelako eta gure ekonomiara landutako materialak ekartzen ditugulako.
Hazkunde ekonomikoak hazkunde energetikoa eskatzen du. Barne Produktu Gordinaren hazkundea eta energiarena alderatzen baditugu, grafikoen korrelazioa ia perfektua da. Eta energiaren kontsumoaren grafikoak alderatzen baditugu CO2 gehikuntzaren grafikoarekin, korrelazioa kasu honetan ere ia perfektua da. Ondorioz, ikusten da aldaketa klimatikoaren eragile nagusia hazkundea dela; hazkunde hori gure sistema ekonomikoaren ondorioa da eta, beraz, esan genezake hazkunde ekonomikoak bultzatzen duela aldaketa klimatikoa.
Zuen proiektuak, Ekhilurrek, ‘Sistematik harago’ txostena argitaratu duzue. «Trukerako baliabideak zirkulatu egin behar du baliagarria izango bada», irakur daiteke bertan. Ez al du esaldi horrek kontsumoa sustatzen?
Txosten horretan diogu diruak jatorrian zuen funtzioa berreskuratu behar duela, eta diruak jatorrian zuen funtzioa zen trukerako erabiltzen zen tarteko zerbait, ez zen helburu bat, medio bat soilik. Guk diogu ekonomia aldatu behar dela, gaur egungo metaketaren ekonomiatik aldendu behar dugula eta diruari balioa gordetzeko funtzio hori kendu edo asko murriztu behar diogula.
«Guk fruta baldin badaukagu fruta denda batean, gero eta denbora gehiago izan balioa galtzen joango da, hondatzen joango delako pixkana. Proposatzen duguna da egotea diru mota bat horrelakoa, erabilerarako bakarrik balio duena»
Guk fruta baldin badaukagu fruta denda batean, gero eta denbora gehiago izan balioa galtzen joango da, hondatzen joango delako pixkana. Proposatzen duguna da horrelako diru mota bat sortzea, erabilerarako bakarrik balioko duena. Kontzeptu pixka bat aldrebesa da, baina ekonomia errealaren barruan zirkuitu propio batzuk sortuta probatu nahi dugu eta ikusi horrek nola eragiten duen pertsonen harremanetan.
Ekhilur non mugitzen da? Moneta honek zenbateko perimetroa hartzen du?
Bi proba pilotu egiten ari gara Bilbon eta Hernanin, baina gure ideia da Hego Euskal Herri mailan erabiltzea. Sare orokor bat eduki nahi dugu eta gero hainbat azpisare sortu, udalerri ezberdinek osatuko dutena. Hernaniko sarea izango dugu batetik eta Bilboko Alde Zaharreko sarea bestetik.
Erabiltzaileek dirua sare horien barruan erabiltzean deskontuak izango dituzte sare horretako dendetan. Era horretan egiten duguna da jendea bere inguruko dendetan kontsumitzera bultzatu.
«Oinarrira joaten bagara, oinarri-oinarrira, agian posible da uste duguna baino errazago eta uste duguna baino azkarrago aldaketa bat eragitea»
Erabiltzaile horiek sarean nola sar daitezke?
Erabiltzaileek egin behar duten bakarra da bazkidetu kooperatibara eta kontu bat ireki. Behin kontua irekitzen dutenean, kontu horretan kargatuko dute dirua eurotan, normal, eta ondoren ordainketa sistema arrunt bat bezala erabiliko dute. Orain mugikorretatik egiten da, Bizum sistemaren antzekoa da, baina aurrerago txartel bidez ere egin ahalko da.
Badira beste tokiko moneta batzuk, horiekin nolako harremana du Ekhilurrek?
Euskoarekin ari gara hizketan. Ipar Euskal Herrian zazpi urte daramatza proiektuak, 1.000 denda baino gehiago dira eta 3.000 erabiltzaile pasatxo. Beste proiektu bat bultzatu nahi dugu eurekin, dendarientzako kreditu komertziala erabili ahal izateko.
Ideia da etorkizunean nolabait bi sistema hauek, Ekhilur sistema eta Euskoa, nolabait espazio ekonomiko bakar bat sortzea, baina oraindik aztertzen ari garen kontua da.
Aberastasun pertsonaletik kolektibora igaro nahi duzuela aipatzen duzue, sistema monetarioak eredu sozioekonomikoa alda dezakeela iradokitzen duzue... Hala da, ala eredu sozioekonomikoa aldatzeak aldatu beharko luke monetarioa?
Uste dugu orain arte inoiz ez dela saiatu sistema sozioekonomikoaren muinean dagoena aldatzen, hau da, dirua bera.
Adibidez, suposatu dezagun dirua adreiluak direla, adreilu laukizuzenak, eta gure sistema sozioekonomikoan paretak egiten ditugula. Goraka ez dute mugarik, jarri ahal ditugu adreiluak bata bestearen gainean, baina badakigu momentu bat iritsiko dela erori egingo dena. Orduan diogu pareta txikiagoak egin behar direla, baina adreiluek etengabe bata bestearen gainean jartzea ahalbidetzen dutenez berdin-berdin jarraituko dugu.
Suposatu orain adreiluak alde bereko hirukiak direla. Zer gertatzen da? Pareta eraikitzen hasten garenean adreiluak berak mugatu egiten duela altuera. Adreiluak jartzen hasten bagara, hirukiak direnean, modu bakarra pareta txukun egin eta ez erortzeko triangelu bat egitea da, eta badakizu iritsiko dela tope bat.
Adreiluaren forman sartzea lortzen badugu, uste dugu alda dezakegula eredu sozioekonomikoaren portaera; modu intuitibo batean eta inolako aldaketa gehigarririk gabe, adreiluaren forma hori aldatuta soilik, diruaren ezaugarri horiek aldatuta, ereduaren portaera alda dezakegula uste dugu.
Oinarrira joaten bagara, oinarri-oinarrira, agian posible da aldaketa bat eragitea uste duguna baino errazago eta uste duguna baino azkarrago. Bizi dugun egoerak ez du itxura onik eta uste dugu horrelako neurriak gutxienez probatu egin behar direla, funtzionatzen duten edo ez ikusteko.