Zuzenean

Peli Lekuona
Samaniego

Ardoa, eguraldiaren zigor-kolpeen menpe

Ekaina hasierako txingor eta euri jasek 1.500 mahasti hektarea zapuztu zituzten Arabar Errioxan, 1.3 milioi euroko kalteak zenbatu dituzte aseguru etxeek. Eguraldiaren gorabeheren eta ezustekoen menpeko sektorea da ardogintzarena, «dagokionean dagokiona» egitea da mahastiek behar dutena.

Audio_placeholder

Ardoa, eguraldiaren zigor-kolpeen menpe

Loading player...
Ostatu upategiko mahastiak. (Raul BOGAJO / FOKU)
Ostatu upategiko mahastiak. (Raul BOGAJO / FOKU)

Ekain hasieran egon diren ekaitz, euri jasa eta txingorrak Arabar Errioxan hainbat mahasti zapuztu ditu. Datu esanguratsua utzi zuen euriak Lapuebla de Labarca inguruan: 30 litro ur erori ziren, metro koadroko. Guztira, 1.500 mahasti hektarea zapuztuta gelditu dira, txingorra eta euriaren ondorioz. Aseguru etxeek zehaztu dute 1,3 milioi euroko balioa dutela kalteek.

Ostatu upategia Samaniegon dago. 315 biztanle bizi dira bertan eta Arabar Errioxako udalerria izanik herriko aktibitate ekonomiko nagusia mahastizaintza da. Horren adibide da Matarredo izena duen auzoa, bertan daude upeltegi klasikoak.

Ostatun azken kolpetik libratu egin dira; Maialen Miguel Biurrarenak NAIZ Irratian azaldu duenez, «tentsioz eta beldurrez» bizi izan zituzten ekaina hasierako ekaitzak, baina haiei «zorionez» ez zien kalte handirik eragin. Izan ere, Samaniegon inguruko herrietan baino euri gutxiago izan zen. «Hala ere, oso aste zaila izan zen guretzat eta bereziki Lapueblan edo Oionen, herri horietan kalte asko eragin zuen denboraldiak» argitu du.

Bere hitzetan zuzeneko eragina dute halako eguraldi kolpeek mahastietan: «Onddoen sorreran eta gaixotasunetan zuzeneko eragin du, mahatsa hazten ari da orain eta oso txarra da hezetasuna. Gainera euri askoe egin zuen eta gero bero handia, eta konbinazio horrek kalte handia eragiten du». Bestalde, txingorrak zuzenean apur dezake mahatsa eta euri jasa handia dagoenean «lurra arrastaka eramaten du eta honen propietate guztiak eramaten ditu berekin».

Azken urteetan halako gertakari bat baino gehiago izan da eta horrek arriskuak aurreikustera eraman ditu mahastizainak, «2017a oso urte zaila izan zen izotzak gogor jo zuelako, guri kalte asko egin zigun eta ia produkzio guztia galdu genuen. Horrek beldur handia eragin zuen zonalde osoan». Ondorioz, aseguratu egin zituzten ugazabek mahasti gehienak.

Muturreko fenomeno oro da kaltegarria mahatsarentzat. Ostatu upategiko kidearen ustez, «garai bakoitzean dagokiona egitea da behar duguna, udan bero egin dezala, baina neurrikoa, eta neguan hotz». Izan ere, klima aldaketaren zuzeneko eraginak ere nabari dituzte, «mahats bilketa irailean hasi ohi genuen eta azken urteetan ia urrian hasten dugu, atzeratu egin da». «Tenperaturak eta eguraldiak eragin handia dute, eta mahatsari gero eta gehiago kostatzen zaio hastea».

Faktore askotako lana

Eguraldiari begira lan egiten dute uneoro euria, lehorteak edo bestelako faktore klimatologikoak aurreikusi ahal izateko. Horretarako, astero kontrolak egiten direla azaldu du Biurrarenak: «Kontrol horien arabera mahastietan egiten diren lanak aldatzen dira».

Azaldu duenez, lan ezberdinak daude horrelako enpresa batean: Bulegoan eskariak gestionatzen dira egunero, upategietan ardoa botilatzen da, mahastian lurra lantzen da... «Eguraldiaren arabera, mahastian lan bat do beste bat egiten da».

Hamar ardo mota ezberdin baino gehiago ditu Ostatuk eta horrek mahats mota ezberdinak eskatzen ditu. Biurrarenak azaldu duenez, produkzioaren %30a ardo txuria da. Gainera bi talde nagusietan banatzen dituzte ardoak: Gazteak eta ‘Vinos de autor’ deitutakoak: «Ardo gazteetan kriantza, erreserba eta halakoak sartzen dira. ‘Vinos de autor’-etan ardo espezialak daude; ardo hauek lantzeko mahats hoberenak erabiltzen ditugu. Adibidez, 'Gloria' izeneko ardoak ia 15 urtez iraun dezake botilan merkaturatu baino lehen».

Aurtengo uzta «momentuz ondo» doala dio, 400.000 kilo mahats jaso ohi dituzte eta 300.000 bat botilatan jasoko dute aurtengo ardoa, «espero dugu orain uda ondo joatea eta ekaitz asko ez izatea». Eguraldiaren ezusteko gehiagorik ez bada iraila amaieran edo urriaren hasieran espero dute mahatsa jasotzea.

Covid urtea

2008ko krisiak gogor jo zuen sektorean eta ardo salmentek nabarmen egin zuten behera. Orain covid-19ak eragindako krisia ere gogorra izan da. Alarma egoera ezarri zenean itxi egin behar izan zituzten upategiak, «telelana ezarri zuten eta upategietan ezin da telelanik egin, noski, bertara joan behar zara». Hilabeteak pasa ahala pixkanaka martxa berreskuratu dute, «maskararekin eta distantziak mantenduz».

Zuzenean eragin die ostalaritzaren itxierak, «asko jaitsi baizen eskaria». Online salmentaren bidez saiatu dira galera hori konpentsatzen, eta Biurrarenak dioenez «nahiko ondo joan da». Online bidezkoak behera egin du azken asteetan, baina taberna eta jatetxeak irekitzearekin «poliki-poliki egoerari buelta ematen» ari direla dio Miguel Biurrarenak.

Jaurlaritza Logoa