Zuzenean

Miren Mujika

Nola dago herritarren aldartea neurrien malgutzearen aurrean?

Birusaren intzidentzia hobetzearekin bat ari dira agintariak neurrien malgutzea ebazten. Zorroztasunetik malgutasunera pasa gara, batzuentzat goizegi, besteentzat beranduegi etorri diren neurriei dagokionez. Donostiako kaleetatik irten gara herritarren aldarteari tenperatura hartu nahian. 

Audio_placeholder

Nola dago herritarren aldartea neurrien malgutzearen aurrean?

Loading player...
Aire librean maskararen erabilera dagoeneko ez da derrigorrezkoa iparraldean; hegoaldean ere laister kenduko dute derrigortasuna
Aire librean maskararen erabilera dagoeneko ez da derrigorrezkoa iparraldean; hegoaldean ere laister kenduko dute derrigortasuna

Neguaren joanarekin eta udaren etorrerarekin batera Covid-19ak eragindako neurriak badoaz, gutxika, malgutzen. 2020ko martxoak etxean itxi gintuen, eta geroztik, gora eta behera ibili da mundu osoa, olatuz olatu, gaur arte. Gaur, aldiz, gaitzaren kontrako txertoa jasoa du askok, eta beraz, geroz eta gehiago dira koronabirusarekiko immunitatea lortu dutenak. Azken hilabeteotan, ordea, neurriak asko aldatu dira. Izan ere, duela hilabete t'erdi kendu zuten agintariek etxeratze-agindua, eta berehala luzatu zuten gaueko aisialdia. Gainera, bost bat egunen buruan, musukoak ere ez dira derrigorrezkoak izango kanpoaldean. Oso denbora gutxian hartu dira azken erabaki horiek. Eta, asko poztasunez mintzo dira, beste batzuk, berriz, beldurretik.

Irati Barrenak dioenez, pozik dago, neurriak malgutzea seinale ona baita, baina, hala ere, beldur da, ez ote diren gauzak azkarregi egiten ari: «Musukoa, izerdia eta beroa... ez dira bateragarriak, beraz, eskertuko dudan zerbait izango da baina aldi berean, musukorik gabe joan daiteke neurriak betetzen diren bitartean».

Kattalin Mutuberria donostiarrak dio «aurrerapauso handia» egiten ari dela oso denbora gutxian, baina, hala ere, kexu da kontraesan ugari aurkitzen baititu agintariek ezarritako zenbait segurtasun neurrietan eta horien bat-bateko aldaketetan: «Aurrerapauso bat ematen ari da, baina neurrien bat-bateko aldaketek eraman nau pentsatzera orain arteko neurri guztiak ez direla osasunaren izenean egin».

Donostian dabil paseoan Malen Altuna ere. Txertaketa kanpaina bide onean doala uste du, baina hala ere, gizartea tentuz ibili behar dela dio, ez gaitzan beste olatu batek harrapatu: «Ezin gara erlaxatu, neurriak oraindik badaude, eta horiek errespetatu ezean, berriro igo daitezke kutsatzeak».

Tabernariak

Pandemia honek, indarrez hartu zuen ostalaritza sektorea. Izan ere, kutsatze kopuruen gorakaden erruduntzat jo izan direla salatu dute zenbait ostalarik urte honetan guztian. Marimar Gonzalez eta Alex Larrañaga  Donostiako Gros auzoko bi tabernari dira. Pasa den larunbatean, 00:00etatik 02:00etara luzatu zieten taberna ixteko ordua, eta bat datoz biak ala biak. Gonzalezek dio «ostalaritzaren itxiera luzatzea ez da azkarregi hartutako neurria, birusa ez baitago tabernetan, pertsonetan baizik». Larrañagak, berriz, «tabernari bezala urte zaila» eduki dutela nabarmendu du, eta zentzu horretan, ordutegien malgutasunak «pozten» dituela esan du, baina aldi berean, «berandu dabiltzala» iruditzen zaio, «azken txanpa honetan 0tik 100era pasa behar izan baikara».

Jaurlaritza Logoa