Zuzenean

Amaia Zurutuza | Miren Mujika
Iruñea
Elkarrizketa
Ander Perez
Laba sarea

«Laba euskaldunon ahalduntze ariketa bat da, bazterretik erdigunera joan nahi dugu»

Ekainaren 1ean bota zuten galdera airera, «Sumatu duzue dardara hori?» Antzeman zen, bai, nahiz eta ez genekien oso ondo zer zekarren. Iruñeko Gaztelu plazan izango den euskaldunen elkargune berri bat izango da, euskal komunitatea «bazterretik erdigunera» eramatea xede.

Audio_placeholder

«Laba euskaldunon ahalduntze ariketa bat da, bazterretik erdigunera joan nahi dugu»

Loading player...

Ekainaren hasieratik bata bestearen atzetik iritsi dira Laba proiektu berriaren pistak, Iruñean euskara eta euskaldunen elkargune izan asmo duen ekimena da, Gaztelu plazan tokiratuko dena, baina «irradiazio gune bat» ere izan asmo duena Ander Perez sustatzaileak NAIZ Irratian azaldu duenez, «Labak hori erakutsi nahi du, lurpean edo bazterrean egon den energia guzti hori Iruñean zehar barreiatzera goaz».

Zer da Laba?
Zer ez da, ez? Egia esan zaila da erabilerari definizio bakarra ematea. Guk esaten dugu momentu honetan Laba espazio fisiko bat izanen dela, espazio fisiko batera doala baina hori baino gehiago ere badela. Bada mugimendu bat, bada sare bat eta batez ere esango nuke badela ariketa bat; ahalduntze ariketa bat, Iruñean euskaldun komunitatea osatzen dugun kide guztion ahalduntze ariketa bat: Erdigunea hartu dezagun, hiriari aurrez aurre mintzatu diezaiogun; zentralitatea, ikusgarritasuna eta gure buruarekiko autoestima landu ditzagun.

Orain aurkezten duguna horren nolabaiteko espazioratze bat da; hau da, gune fisiko bat hartzea ere bada, baina hortik harago ere ulertu nahiko genuke. Gune fisiko horretatik harago ere izan dadila irradiazio gune bat beste aukera batzuk eta ateak gehiago zabalduko dituena.

Anbizio handiko proiektua dirudi, handira botatako apustua da? 
Handira botatako apustua da, baina aldi berean oso modu naturalean sortzen dena, handikeriarik gabe. Azkenean, atzean dagoen hausnarketa honakoa da: goazen naturalki egunerokoan egiten duguna egitera; euskaraz bizi gara, uste dugunaren kontrara Iruñean jende asko gara euskaraz bizi garenak eta orain arte beti ematen zuen hori egiten genuen aldiro ari ginela borroka batean, euskaraz aritze hutsa borrokarako gai zen, edo denbora guztian gure burua justifikatu beharra genuen eta lubakitik hitz egin beharra.

Goazen aldarrikapenaren etengabeko ekuazioatik ateratzera, goazen egiten dugun hori egitera ezkutatu gabe, bazterrean egon gabe

Goazen ekuazio horretatik ateratzera, aldarrikapenaren etengabeko ekuaziotik ateratzera, nahiz eta jakin hori eginda horretan ari garela aldi berean, eta ziurrenik are eta modu eraginkorrean ari garela egiten, gainera; baina goazen naturalki euskaraz bizitzera, euskaraz sortzera, kontsumitzera, euskaraz gozatzera, euskaraz kontsumitzera, euskaraz kafea hartzera, euskaraz liburuak erostera... Goazen egiten dugun hori egitera ezkutatu gabe, bazterrean egon gabe eta goazen guretik hiriari ematera eta hiritik hartzera hartzeko dugun guztia, noski.

Nork mugitu du hau guztia?
Galdera hori askotan egiten zaigu, deje hori badugu herri honetan... Beti jakin nahian nor dagoen atzean. Oso prozesu zabala izan da, oso anitza. Noski euskaldunak gara atzean gaudenak¡, mota askotako euskaldunak, motibazio edo interes ezberdinengatik proiektu honetan bat egin dugunak. Batzuk euskalgintza antolatuagotik zetozenak dira, baina beste batzuk besterik gabe euskaraz bizi nahi eta hiria euskaraz eraiki nahi horretatik batu direnak. 

Aukera berez sortu zen. Espazioa bera eskaini zitzaion euskararen mugimenduari, Gaztelu plazako txoko bat erabiltzeko aukera. Hori izan zen aitzakia pandemia bete-betean egon arren mugimendu ezberdinak antolatzeko eta geruza ezberdinak batzeko. Nor dagoen atzean? Sare zabal bat, adin askotako eta izaera askotako euskaldunok osatutako sare zabal eta jendetsua. 

Nolako lanketa izan da orain artekoa?
Urtebeteko lanketa izan da, ez da urte arrunta izan, gainera, eta traba dezente izan ditugu. Baina aldi berean pandemian egote horrek lagundu du neurri batean. Jendeak bazuen gogoa, edo behintzat balio izan du gauza berriak amesteko eta proiektu berri bat sortzeak, diseinatzeak eta eraikitzeak ematen dizun ilusio hori oso garrantzitsua izan da momentu honetan ere.

Abiapuntua kasu honetan lokala bera izan zen, espazio hori bera Gaztelu plazan, hortik taldetxo bat hasi zen martxan jartzen, ideia zaparrada bat biltzen eta batez ere saretze lan bat egiten ahalik eta jende gehienarengana iristen, gonbita egiten eta hortik joan da halako prozesu bat sortzen.

Orain lan taldetan ari gara lanean, espazio fisikoari eman behar zaion erabilera ari dira aztertzen batzuetan, beste batzuk finantzaketa lanak ari dira aztertzen, espazio hori aurrera eramateko behar dugun egitura aztertzen ari dira beste batzuk, komunikazio lan taldean... 

Moskeo kanpaina izan arren, ondorioz, jende dezentek izango zuen proiektuaren berri... 
Ba nik uste nuenak baino gutxiagok. Behin publiko eginda harritu nau zenbait jendek jo duen gugana galdezka, interesez. 

Batzuetan gu geu ere ez dakit ohartzen garen, kontziente garen, gure komunitatearen tamaina horretaz eta potentzialtasunaz, indarraz, gauzak egiteko aukeraz

Iruñean bertan gure burua ez dakit gutxietsi ez ote dugun, baina beti zapalduon logika horretan kokatuta ez dakit kontziente ote garen gure komunitatearen tamainaz.  Zenbakietan ez dakit zehazki baina portzentajeetan Iruñean %15-20 izango gara euskaldunak, agian, kopuru absolutuetan asko dira, ez dakit zenbat den baina izan ahal dira 20.000 edo 30.000 lagun. Batzuetan gu geu ere ez dakit ohartzen garen, kontziente garen, gure komunitatearen tamaina horretaz eta potentzialtasunaz, indarraz, gauzak egiteko aukeraz. Zentzu horretan uste dut oraindik jende asko batu daitekeela proiektu honetara.

Espazioa...eskuratu duzue dagoeneko ezta?
Bai, eskuratu dugu, hasi gara bertan egoten baina egokitzapenak behar ditu eta horretara dator abiatu dugun diru bilketa, obra batzuk egin behar direlako, espazioa egokitu behar delako eman nahi diogun erabilera horretara. Uda baliatuko dugu horretarako, lan guzti horiek martxan jartzeko eta lehenbailehen ireki ahal izateko. Nahiz eta jakin hasieratik ez dela azken emaitza izanen, bidean eraikitzen joanen den proiektua izanen dela.

Zer espero genezake espazio fisikoaz? Kafe Antzoki moduko bat?
Hori ikusi egin beharko da, bai aurreikusten dugula kultur emanaldietarako espazio bat izatea. Ulertzen dugu espazio horren indargune edo izar nagusia dela kokapena bera, Gaztelu plazan egoteak ematen dion ikusgarritasuna. Horrek ere bultzatu gaitu ariketa hau egitera, gure eskaintza guztia Iruñearen aurrean jartzeko aukera ematen digulako.

Uste dugu hortik joanen dela, kultur emanaldiak edo euskaraz eta euskaratik egiten den eskaintza guzti hori aurkezteko eta emateko toki bat izanen da. Baina aurreikusten dugu izatea ere beste proiektu batzuen topagune, jendea elkartzeko gune bat, kafe bat hartzeko toki bat... hainbat erabilera izaten ahal dituela uste. Ez dugu aterik isten, erabilera horiek izango ditu, baina beste batzuk ere izan ditzake, denborak esanen du.

Espazio fisikotik harago, zer izango da Laba?
Egia da espazio fisiko batek asko laguntzen duela, kokatzen zaitu nonbaiten, oso inportantetzat jotzen genuen hori, erreferentzia bat ematen dizulako, bilgune fisiko bat eskaintzen dizulako, jendeak baduelako nora joan, non elkartu, erreferentziak bildu... Baina uste dugu akats bat eginen genukeela berriz ere gure baitan bilduko bagina eta nonbaiten Iruñeko erdigunean edo bihotzean izanda ere ateak itxi eta barruan gure baitan bilduko bagina.

Espazio fisiko horrek balio behar du Iruñean zehar barreiatzeko eta horrekin zerikusia du izenak; Labak hori erakutsi nahi du, lurpean edo bazterrean egon den energia guzti hori Iruñean zehar barreiatzera goaz

Esaten dugu espazio fisiko horrek balio behar duela Iruñean zehar barreiatzeko eta horrekin zerikusia du izenak; Labak hori erakutsi nahi du, lurpean edo bazterrean egon den energia guzti hori Iruñean zehar barreiatzera goaz.

Helburua da espazio fisiko horretan egin daitezkeen kultur emanaldi, ekitaldi, aurkezpen guzti horietaz gain espazio horrek balio izatea Iruñean euskaldunok ahalduntzeko, proiektu berriak imajinatzeko, ez soilik kulturarekin loturikoak, hobeto bizitzeko behar ditugun tresnak euskaratik sortzeko eta beste mugimendu batzuei ateak ireki eta horiek bultzatzeko gune bat izan behar du, hor sortzen den energia hiri guztira zabaltzeko gai izango den mugimendu bat sor dadin.

Noizko aurreikusten duzue espazio honen irekiera?  
Asmoa da uda baliatzea espazioak berak beharrezkoak dituen egokitzapenak egiteko eta uda pasatakoan ireki ahal izatea, baina ikusi beharko da, halako gauzetan sekula ez baita jakiten. Lehenbiziko pausoa izanen da obra horiek egiteko behar den diru hori biltzea eta hori bildutakoan abiatuko dira lan horiek. Uda bukatzerako prest izatea espero dugu, asmoa da udan lanak egitea, proiektua fintzen jarraituko dugu eta azken emaitza horretara urbiltzen jarraitzea, irailean edo buelta horretan ireki nahiko genuke.

Jaurlaritza Logoa