Zuzenean
Alabaren zaintza lortzeko borroka luzean da Irune Costumero. 2017ko abuztuaren 4an, duela hiru urte pasatxo, orduan 5 urte zituen alaba besoetatik kendu zioten Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzukoek. Eguna bere bizitzako okerrenetako bat bezala oroitzen du Costumerok: «Azalpenik eman gabe deitu ziguten bertaratzeko, eta hamar pertsonez osatutako segizio batek eraman zuen alaba, tartean ertzainak eta poliziak zirela, borra eta guzti». Bost hilabetez egon zen alaba ikusi gabe, eta gaur egun ere ordubeteko bisitetan bakarrik ikusten du; azken hiru urteetan ez du «alabaren urtebetetzeak ospatzerik, batera lo egiteko aukerarik, ez oporrak batera disfrutatzerik» izan. Aiton-amonek ezin izan dute denbora guzti honetan haurra ikusi. «Zer egin dugu horretarako? Ez dugu ulertzen».
Afera honen gakoa Gurasoen Alienazio Sindromean dago. Manipulatuta egon daitezkeen haurrak daude honen atzean, guraso batenganako justifikaziorik gabeko beldurra erakusten dutenak. Aldundiko Umeen Zerbitzukoek alaba kendu zioten Costumerori honetan oinarrituta, aitaren aurka jarri zuela argudiatuta. Baina Costumerok berak gaur goizean NAIZ Irratian gogoratu duenez, sindrome horrek «kontzeptu abstraktua du, ez du oinarri zientifikorik, OMEk ere ez du bere gaixotasunen artean katalogatua». Beraz, ezingo litzateke epai batean bere horretan erabili.
Tratu txarrak oinarrian
Costumerok dio alabaren aita tratu txarrengandik salatu zuenean hasi zela euren «amesgaiztoa». Epaiketan Fiskaltzak bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen berarentzat, baina epaileak ez zuen zigortu. Hortik aurrera gora-behera askoko bidea jorratu behar izan dute, alaba zaintza partekatuaren «gurpil zorora» eramanez. Costumerok dio epe horretan aitari hiru aldiz zabaldu diotela «alabaren aurkako tratu txar protokoloa Gurutzetako ospitalean». Baina nabarmentzen du «patriarkatuan oinarrituta dagoen sistema honek» ez duela ezer egiten «auzia konpontzeko»: «Patriarkatua sisteman dago, ez da posible gure haurrek horrela sufritzea».
Edonola, hiru urteotan Costumero ez da beso-gurutzaturik geratu; eta hain justu, bere auzian muga guztiak gainditu direla sinetsita, Aldundiko Umeen Zerbitzuko lau langile, horien artean Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillo, epailearen aurrera eramatea lortu du. Ekainaren 7,8 eta 9an izango den epaiketan «prebarikazioa, tratu txarrak eta min psikikoengatik» epaituko dituzte auziperatuak. Horren atariko, Eusko Legebiltzarrean izango da asteazken honetan, Justizia, Berdintasun eta Haurtzaro batzordean. Zitaren aurrean «urduri» dagoela dio, baina egoerari «eusten», orain arte egin duen bezala. «Ni eta nire alabaren auzia dago orain jokoan, baina askoz gehiago ere badaude».
Agerraldia Legebiltzarrean
Elkarrizketa honen ondoren, Irune Costumero Gasteizko Legebiltzarrean egon da asteazken honetan. Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean salatu du «erakundeek umeak lapurtzea», eta, bere kasuan, Justiziak ez zituela kontuan hartu alabaren «laguntza-oihuak» amarengandik bereizi zuten egunean.
«Alabari eta amengandik lapurtutako haur guztiei ahotsa jartzeko nago hemen, existitzen ez den sindrome bat, Guraso Alienazio Sindromea, leporatuta», berretsi du. Costumerok alabak egin behar izan duen prozesuaren berri eman die bertaratutako legebiltzarkideei, bost epaileren aurretik igaro baita umea. Horiek, Osakidetzak eta psikologoak aldeko txostenak eduki arren, ez zuten adingabearen egoera aldatu, salatu duenez.
Azaldu duenez, existitzen ez den sindromea alegatuz, erakundeek «tratu txarrak ematen dituenarekin bizitzera behartzen dituzte adingabeak», eta alabaren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak «bizitzan hil du». Azkenik, haurrak egiten duen galdera bera helarazi dio aretoari: «Zergatik ezin naiz amatxurekin egon?».
Legebiltzarkideen txandan, Laura Perez EAJko ordezkariak eskatu du «prozedura judizial irekia errespetatzeko», eta azaldu du 2021eko urtarrilean emandako azken ebazpenaren arabera, «erakunde publikoa», hau da, Bizkaiko Foru Aldundia, «ekuaziotik kanpo geratu da».
Beren hitzaldietan, Oihana Etxebarrieta (EH Bildu) eta Maria Jesus San Jose (PSE) legebiltzarkideek bat egin dute «haurrek entzuteko duten eskubidea» eta «beren behar guztien gainetik jartzeko beharra» nabarmentzean.
Azkenik, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Isabel Gonzalezek gaia Legebiltzarrean aztertzeko konpromisoa hartu du. Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak esan duen gauza bakarra, bere taldeak «gertaerak ikertzeko informazioa eskatuko duela».