Zuzenean

Dom Campistron: «Besteek egindako bidea ikusteak, nirea ulertzen lagundu dit»

'Bekatorosak' liburu grafikoa argitaratu du Dom Campistron ilustratzaileak. Maitasun eta borrokaz eraikitako 7  istorio jasozten ditu, testuak eta ilustrazioak uztartuz, homofobiaren aurkako aldarri den lan honek.

Audio_placeholder

Dom Campistron: «Besteek egindako bidea ikusteak, nirea ulertzen lagundu dit»

Loading player...
Dom Campistron 'Bekatorosak' lanaren aurkezpenean | JON URBE
Dom Campistron 'Bekatorosak' lanaren aurkezpenean | JON URBE

«Zure biziaz harro bazara, zure bidea irekitzen duzu. Eta uste dut bakoitzaren helburua dela lasaiki bizitzea, bide ireki batean, harririk gabe, trabarik gabe, ez da beti erraza, baina posible da!» hitz indartsu hauek hautatu ditu Don Campistron ilustratzaileak bere estraineko lanaren lehen lerroetarako. Ez da erraza dio, baina posible da. Harriak ordea tarteko, neurri desberdinetakoak, batzuk handi bezain bistakoak, besteak txikiagoak, ezkutukoagoak, baina guztiak mingarriak. Gure nortasunaren onartzearen bidean mila harresi topatzen ditugu ilustrazailearen esanetan, batzuek gizarteak eraikitakoak, besteak inork esplizituki eskatu gabe, guk geure baitan eraikitakoak. Guztiak gainditu behar norbera den horretan onartu eta lasai bizitzeko.

Hamasei urte zituela, neska batez maitemdindu zen Dom Campistron, ez zuen lesbiana hitzaren aditzerik ere, homosexualitatearekiko aipuak irainak soilik ziren bere inguruan. Bakardade sentimentu izugarri bat gailendu zen bere baitan, eta moral kristauaren zama gainean, bekatuaren itzalari ezin ihes egin: bekatorosa bat zen. Ez dela bakarra jakiteko urte batzuk eta distantzia behar izan ditu tarteko. Artearen formakuntzak eraman zuen lehenengo Parisa eta gero Glasgow-era, eta artista bezala sendotuz eta haziz joan den era berean hazi da pertsona gisa ere. Arteak lagundu dio bere boza aurkitzen,  bere nortasuna harrotasunez bizitzen.

Maitasunak, herriminak eta bere artea bere herrian erakustearen erronkak ekarri dute Dom Campistron berriz ere Euskal Herrira. Bekatorosa orain ere, baina izendapen berak ez du zamara berdina bide hori guztia egin ostean.

Bide horretan trabatuta sentitzen denarentzat lagungarri izan nahi luke Don Campistronen lanak. Zazpi "bekatorosa" ditu protagonista liburuak. Nafarroa Behereako zazpi herri txikitan bizi diren LGTBI zazpi pertsona,  beren maitasun, borroka, beldur eta pozen testigantzak ematen. Elkarrizketak dira lanaren oinarri, eta besteei luzatutako galdera-erantzunek bere bidea ulertzen lagundu diotela ohartu da.

Azal koloretsuak, kolorerik behar ez duen zuri-beltzeko mami-mamitsura erakartzen ditu begiak. Hizki larriz jasotako istorioei, umore zertzeladaz marraztutako ilustrazioek ematen diete jarraipena. Hitzez zein marrazkiz, zure buruari ez badiozu mugarik ezartzen , kanpoko inork ez dizkizula  ezarriko aldarrikatzeko.

 

 

Jaurlaritza Logoa