Zuzenean
Ecuadorren jaio zen Amancay Gaztañaga, eta bertan 5 urte eman ondoren, Zestoa izan da bere bizileku. 6 urterekin biolin bat eskuan zuela izan zuen bere alderdi artistikoarekin lehen kontaktua, eta txikitatik sentitu zuen aktore izan nahi zuela.
Gauzak argi, 18 urterekin Madrilera joan zen arte dramatikoa eta musika ikastera. Bien ikasketak urte berean amaitu zituen, 2002. urtean; Antzerki ikasketak RESADen eta musika ikasketak, berriz, Madrilgo Amaniel kontserbatorioan. Bertan biolineko irakasle titulua lortu zuen.
Aktore lanetan munduan zehar ibili da antzerki obra ezberdinekin: Lóm Imprebis taldearen 'Quijote' lanean 5 urtez ibili zen bidaiatzen, Tanttakarekin 'Soinujolearen semea' antzezlanean ikusi ahal izan genuen, Uxue Alberdik idatzitako 'Euli giro' lana antzerkira eraman zuen, 'Uda gau bateko ametsak' obran ere aritu zen eta azkenaldian Iraia Eliasekin batera, 'Matriuska' lanean ikus dezakegu. Telebistan ere lan ezberdinetan ikusi dugu 'Alardea' edota '3txulo' saioan, esaterako.
Lan hauek zuzendaritzarekin ere uztartu ditu urtetan eta azkenaldian agenda eta gure txokoak betetzen ari den 'Atzerrian Lurra garratz' lanaren zuzendaria ere bada.
Bere ibilbide oparoari errepasatxo bat egiteko gonbidatu dugu gurera, eta emakumeek komedia egiten dutenean gertatzen denaz eta etorkizuneko proiektuez aritu gara Bigarren Kafean.