Zuzenean

«Jendea kontzertuetan eserita egotearena, despesperazioz bilatutako irtenbidea iruditzen zait»

Ibai Marin (Donostia, 1978) musikariak bakarkako bidea hartu zuenetik bigarren lana kaleratu du 2021aren hasieran, ‘Desde lo salvaje’. Baina hilabete honetan Naiz Irratiko uhinetan izango da La vieja guardiako kideak alboan dituela. Guztia kontatzeko MusikHaria saioan izan da.

Audio_placeholder

«Jendea kontzertuetan eserita egotearena, despesperazioz bilatutako irtenbidea iruditzen zait»

Loading player...
‘Viernes Lobo’ kantuarekin aurreratu zuen disko berria martxan zuela Ibai Marinek.
‘Viernes Lobo’ kantuarekin aurreratu zuen disko berria martxan zuela Ibai Marinek.

‘Viernes Lobo’ kantuarekin etorri zen Ibai Marin artista donostiarraren bakarkako bigarren diskoaren iragarpena. Abestia zuzenean, Elkar estudioan grabatu zuten eta TAOMekoek irudiak hartu zituzten. «Otsoaren figura betidanik gustatu izan zaigu, bakartasun hori badu otsoak baina taldearen beharra ere bai aldi berean eta irudi horrekin lotuta dago. Gainera, txakur-otso bat daukagu etxean eta pozik bizi da gurekin eta gu ere bai jaten ez gaituen bitartean», ekin dio umorez elkarrizketa Ibai Marinek.  Bakartasuna eta taldearen beharrarena bada Ibai Marinen musika ibilbideko esentzia horren parte, bakarka hasi zelako ‘Bidean naiz’ diskoa lantzen baina taldea, La vieja guardia, alboan duelako.

Baina musikari gehiago ere izan ditu diskoan, orotara asko dira pasa direnak: Harkaitz Bastarrika, Oriol Flores, Ivan Gonzalez ‘Chapo’, Gus Gonzalez Libana Taboada, Haritz Pardina eta Paul San Martin. «Hira taldean nenbilenetik esan izan didate ea taldea edota aldagaien fabrika bat ote nuen. Ibilbide luzea egin dut musikaren munduan eta horrek jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Formazioa nahiz eta nahiko egonkorra izan, diskoa eta kantuak grabatzeko denbora musikak markatzen du eta ‘Indómitos’ grabatu eta kaleratzeko beharra ikusi genuenean, esaterako, Oriol Floresekin elkarrizketa asko izan eta gero, hemen zenez, berak grabatu zuen abestia bateria titularraren ordez».

Kantu horrek badu gainera beste berezitasun bat, atzean, Ibai Marin eta Libana Taboadaren arteko harremanaren istorio pertsonala kontatzen delako: «Aurrera egiteko adorea izan dut eta istorio benetan polita dago jasota abestian, une zailak pasa ditudan arren», esan digu Marinek. Melomano baten bizitzan sartzeak duen eraginaz galdetu diogu era berean Libana Taboadari: «Ibai beti dago musikarekin bueltan eta musika gabe ez du bizitza ulertzen. Etxetik atera behar dugunean gitarra zintzilik jartzen du batzuetan eta halakoetan ikusten da musika dela berea. Nik horrela ezagutu nuen». Baina Libana ere bada musikaren bueltan ibili dena eta hori azaldu digu Ibaik: «Jurgi, Libanaren anaia, teknikaria ere bada, momentu honetan estudio bat martxan jarri berri duena. Esan beharra dago hauek ere musika badaramatela zainetan. Libanak berak jakin gabe ikusi genuen zer nolako erraztasuna zeukan koroak egiteko eta harmonia horiek sortzeko nire ahotsa zapaldu eta elkarrekin batera abesteko, hortaz, bi konexio sortu dira aldi berean».

Rock & rollaren sustraietara jo nahian
Disko honetarako rock&rollari gehiago eusten saiatu den arren, hard rockarekin duen lotura eta kutsua asko nabaritzen dira ‘Desde lo salvaje’ diskoan. Rock klasikoagoari erreferentzia asko egin dizkio, ordea, ‘Muerde mi soul’ kantuan: Creedence Clearwater Revival, The Rolling Stones, Deep Purple taldeko Jon Lord, Led Zeppelin taldeko Jimmy Page… asko eta asko dira kantuan agertu diren izenak: «Faltan bota dut halako musika eta ez dago gauza gozagarriagorik binilo bat hartu, platerean jarri eta zerbeza bat irekitzea baino». Etxean eztabaidarik izaten ote den galdetu diogu Libanari: «Etxean ez, diskoak laburrak izaten direlako. Baina autoan bai, hor eztabaidatzen dugu. Abestea gustatzen zait eta Ibaik 80. hamarkadako klasikoak jartzen dizkit eta asko ez ditut ezagutzen. Gaur egungo musika ezagutzea gustatzen zait. Baina tira, ongi moldatzen gara».

Troia erreko dutela diote diskoa zabaltzen duen ‘Hoy brillan mis botas’ kantuan eta faltan botatzen dute pandemia aurreko egoera Ibai Marinek kontatu digunez: «Taulara igotzean jendea eserita ikusi behar hori, tristea da. Hainbeste gauza faltan sumatzen diren honetan, ezbairik gabe hori da nagusienetako bat, jendea zutik eta dantzan ikustearena. Desesperazioz bilatutako irtenbidea izan da hori eta ni behintzat ez naiz ohitzen».

‘Knockout’ kantuak nolabait ere ‘Bidean naiz’ aurreko diskoko ‘El gran golpeador’ kantuarekin lotura bat du. «Aita boxeolaria zen eta 2017an utzi gintuenez aurreko diskoan kantua idatzi nion. ‘Golpeador’ deitzen zioten boxeo munduan eta nik ‘El gran golpeador’ abestia idatzi nion. Berari esker boxeoaren artea ume-umetatik maitatu dut eta mundu horretako xehetasunak egunerokotasunean topatzen ditugun pertsona toxikoei aurre egiteko aplikatuta daude», dio Marinek. ‘Te esperaré’ kantua eta biak dira nolabait ere ‘Lo salvaje’ hori erakusten dutenak: «‘Te esperaré’ leuzemia pairatzen ari den lagun bati idatzita dago. Muniziorik gabe lubaki batean borrokan ari da bera eta errespetu osoz bere guda horri diodan miresmena erakutsi nahi izan dut kantuan».

Axular berriz ere aldamenean
Axular Arizmendirekin grabatu du beste behin diskoa Ibai Marinek. «Hiraren azken diskorako A.M.E. estudiora joan ginen eta ordutik sekulako lotura izan dugu elkarrekin. Lehenengoz joan nintzenean ez nekien zer topatuko nuen baina, orain, bikain ulertzen dugu elkar eta disko bat grabatzerakoan hori da nire ustez garrantzitsuena», azaldu digu Marinek. Masterizazioa, berriz, Parisko Basalte estudioan egin du eta diseinua egiteko Tutti Communityko jendea izan dute alboan, aurreko diskoarekin hasitako bideari eutsiz: «Nik nire ideiak proposatzen nizkien eta Ibanek irudi bihurtzen zituen. Lan asko egon da atzetik eta elkar ongi ulertu dugunez, emaitza hor dago. Aurreko diskoko kartelekin eta bestelako irudi batzuekin hasi genuen bidea eta pozik gaude bigarren lanerako egin digutenarekin ere».

Beren marka propioa ere sortu dute Marinek eta Taboadak, Riverlib produkzioak. «Lyricvideo bat egiten hasi ginen eta gora etorri ginen hura egiten ari ginela. Hartara, bideoklipa egitea proposatu genion gure buruari. Ez gara TAOM ez baliabidez ezta jakintzaz ere, ezta gutxiago ere, baina zerbait informala egiten saiatu ginen eta pozik gaude emaitzarekin. Hor sortu zen Riverlib produkzioak, baina egiari zor, dagoeneko ahaztuta geneukan sortu genuenik ere», kontatu digute bi musikariek.

Mezena guztiei eta Oriori eskertza
Crowdfunding bidez finantzatu dute disko hau eta lan eskerga egin behar izan dute horretarako: «‘Bidean naiz’ diskoan ere saiatu ginen horrela finantzatzen, baina amore eman genuen. Honetarako ordea lan sakonagoa egin dugu eta gauzak are txukunago egitea erabaki genuen: Diseinatzaileak bideo-egileak… dena behar izan dugu proiektu hau nahi genuen moduan aurrera eramateko. Eta Sevillan ginela, mezua jaso genuen helburua bete zela esanaz, sekulako poza hartu genuen. Baina egia da espero baino erantzun hobea lortu dugula», azaldu digu Taboadak. «Libana arduratu zen horrez guztiaz eta ni baino baikorragoa zela esan dezaket. Behin diskoa kaleratuta, mezena guztiekin aurrez-aurre egoten saiatu gara gure esker ona adierazteko. Sekulakoa egin dute, produktua ezagutu gabe diru bat jarri dute proiektua aurrera eramateko eta horrek balio gehigarria du», eskertu du Marinek.

Izurritea dela-eta promozio guztia bertan behera geratu zitzaien beste askori pasa zaien moduan. Madrilgo bulego batekin egin zuten promozioaren kontratazioa, apustu handiagoa beren musika zabaltzeko nahi horretan: «Abentura honetara batu ginen, diru bat jarri genuen, eta badirudi aste honetan hasiko garela benetako promozioarekin. Diskoa kaleratu zenean ez zen garairik onena promozioa egiteko bulegoaren ustez, eta orain ere auskalo, baina momentuz maiatzaren 29an data bat badaukagu managerrak esan digunez. FNAC saltokietan ere egingo ditugu kontzertuak, horiek promozioaren barruan sartzen direlako, baina gainerakoan itxaron egin behar. Hoztu ere egin gara, baina gogotsu gaude eta ez balitzateke horrela izango aspaldi eman genuen amore. Pareta guztiak botatzeko prest gaude», esan du Ibai Marinek.

‘Ist-Orio’ kantuarekin ixten du ‘Desde lo salvaje’ diskoa eta bizi diren herriari eskerrak eman nahi izan dizkio Ibai Marinek. «Nik eskerrak eman nahi izan dizkiot Oriori, asko eman didalako. Kantua bukatu aurretik nuela Imanol Urkizuri erakutsi nion eta, oriotar bati erakutsi eta haren harrotasuna atera zela ikustean, bide onetik nindoala uste nuen. Ez nuen zuria izan edo lausengu errazetan erori nahi. Oriok egonkortasuna eta aurrera egiteko aukera berri bat eman dizkit. Herriak badu zeozer bere txikitasunean handi egiten duena. Nortasun asko duen herria da, kresala alde guztietatik dariona, eta modu batean edo bestean, markatu egiten du pertsona», kontatu digu donostiarrak.

Beste bat saioak egingo dituzte apirileko astearteetan eta aukeraketak egiterakoan musika berria ere ezagutu dutela esan digu Marinek. Aritz Pardina taldekidearekin aukeraketa egiterakoan disfrutatzeaz gainera, eztabaidaren bat ere izan dute Ibai Marinek eta biek: «Filosofo batekin eztabaidatzea ez da gauza erraza, beti berak duelako arrazoirik onena eta beti berak irabazten duelako. Baina gauzak nola diren, nik 42 urte ditut eta hark 24 eta askotan aholku eske deitzen diot, badakidalako arrazoiketan sekulakoa dela».

Ikusi beharko zer nolako abestiak ekartzen dizkiguten Naiz Irratiko uhinetara.

Jaurlaritza Logoa